Tekno-emozionala

images3.jpg

Madrid Fusión du izena urtean behin Espainiako hiriburuan antolatzen den sukaldari bilera erraldoiak, José Carlos Capel jaunaren gidaritzapean. Ikustekoa da antolakuntza, ponentzia eta hitzaldiez gain, han ez baita falta diru gehien duten marka handienen standik, metro karratua 3.000 euro ordainduta. Jateko eta edateko ere, finenetik eta nahi beste, Madrilgo Kongresu Jauregian.
Hango karreju eta entzungeletan, munduko sukaldari handienak gurutzatuko dituzu, esku-eskura guztiak. Aurten Troigros eta Piege frantziarrak, Magnus Ek suediarra, Redzepi daniarra, Bech pakistandarra, Patterson estatubatuarra eta Russo, Scabin eta Pierangelini italiarrak ibili dira atzera aurrera, besteak beste. Esan beharrik ere ez dago, Ferrán Adriá handia eta gure maisuak ere (Arzak, Subijana, Aduriz…), amuarraina errekan baino erosoago ibiltzen direla hango uretan. Sukaldariak ez-ezik, xouman galantak baitabiltza eginda mikrofonoa esku artean hartzen duten bakoitzean edota bideoaren laguntzaz euren egikerak erakusten dituztenean.
Munduko bazter guztietatik etorritako kritikariak, kazetariak eta produktu saltzaileak ere hantxe biltzen dira, nor baino nor. Eskailera mekanikoetan gora, Joan Roca edota Dani García sukaldari gazteak aurki ditzakezu, eta eurekin solastatu, edo, geuri egokitu zaigun bezala, Heston Blumenthal ikaragarriarekin sandwich triste bat bazkaldu. Izan ere, geuri ere gertatu baitzaigu aurten hitzalditxo bat ematea, eta han egon ginen Internet eta Gastronomiari buruz hitz egiten, David de Jorge laguna eta biok. Ondoan genituen Espainiako kritikagintzan dauden izenik nabarmenenak, Jose Carlos Capel bera, Javier Ferradal eta gure aspaldiko arerio bat, Carlos Maribona jauna, ABC egunkariko ahotsa jatearen kontu hauetan. Nahiko ongi pasatu zen kontua, eta primeran bete genuen Davidek eta biok mundutxo horretan irabazia dugun enfant terrible papera, nahiz eta lotsatiegiak garen terribleak izateko eta enfant izateko, ostera, aspaldi iragan zitzaigun adina.
Gauzarik jakingarriena egin zitzaidana, zera izan zen, sukaldari eta kritikariak, kezkaturik daudela oraintxe bertan Adriáren ondoren egiten den sukaldaritza berri horri izenik asmatu ezinda. Paul Arenós kataluniarrak eman zuen hitzaldi bat Gastronomiaren Historia idazteko behar handia dagoela esanez eta sukalde “tekno-emozionala” proposatu zuen berak izentzat, laurogei izenen artean hautatuta. Aukera izan genuen, halaber, izen zatar-zatarra zela esateko, sukaldea beti izan dela teknikoa eta beti gertatu dela emozionala, gizakiak sua eta tresnak gobernatzen ikasi zuenetik. Berdin zaio hori berari, ordea. Erantzuten du turboerreaktorearen izena ere guztiz dela zatarra, baina denok ulertzen dugula ederki zeri dagokion. Beraz, hemendik aurrera, eta hoberik ez dagoen artean, tekno-emozionala, horixe gure sukalde handienetan ikusiko dugun sukaldaritza. Zeruak gorde gaitzala.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 080126

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)