TED hitzaldiak euskaraz

Gregory Petsko

Gregory Petskoren hitzaldia, epidemia neurologikoari buruz, oraingoz euskaraz azpìdatzita dagoen bakarra, hemen ikus daiteke.

.

TED.com plataformak hitzaldiak eskaintzeko orduan eredu propio eta erabilgarria sortu du. Pieza laburrak dira normalean, mezu zehatz eta indar handikoen inguruan egituratzen direnak. Hitzaldi eta aurkezpenak lehen mailakoak izateaz gainera, hedatzeko, ezagutzera emateko bide propioak urratu ditu, arrakasta handiz, TED.com plataformak: ezagutza sarearen bidez partekatzeko orduan erreferentzia nagusia da.

Ingelesez mintzo dira aditu ia guztiak. Berez horrek ez luke arazoa izan behar, baina bada oraindik toki asko eta askotan. Geurean, urrutiagora joan gabe. Ezagutza hedatzeko mugatzat har liteke hizkuntzaren kontu hori, eta hori konpontzeko, proiektu interesgarria abian jarri dute. Bereziki gustatu zait proiektua bi arrazoi nagusirengatik: ezagutza partekatzeko proiektua delako, batetik, eta lan boluntarioan oinarritzen delako, bestetik.

TED Open Translation Project‘ da aipatu proiektua. Web-ean hitzaldi interesagarriak nork bere hizkuntzara itzulita jaso eta partekatu ahal izatea da bere helburua, eta horretarako, TED-en artxiboan diren ehunka hitzaldietarik interesgarrienak aukeratu ditzake itzultzaile boluntarioak, eta bere hizkuntzan jarri. Hortik aurrera erabilera libreko bihurtzen da. Une honetan 504 itzultzaile boluntario ari dira proiektu honetan lanean, aukerako hitzaldiak 64 hizkuntzatan jartzeko ahaleginean.

Hezkuntzako puntako joerak, managment-aren guru handiak, ikus-entzunezkoen azken modako joerak. Idazleak, injineruak, enpresa-kudeatzaileak, blogerrak, ekintzaileak… Askotariko gaiak, mundu osoan “izen” handi bilakatu diren hizlariak, eta baita laster erreferentzia izango diren bidegileak. Horiek guztiak eskaintzen ditu TED.com-ek eta, hala nahi izatera, horietariko batzuk euskaraz zuzenean ikusi ahal izango ditugu.

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.