Tablet ala Netbook?

2011 urteko teknologia lehietako bat da: Tablet ala Netbook? Jarraian dituzu bata ala bestearen artean aukera egiteko gako batzuk.

Tablet ala Netbook, zergatik? Bi tresnen ezaugarri komuna, batetik, eramangarritasuna da, alegia, 10 hatzbeteko pantaila dute gehienek. Bestetik, hardware potentzia mugatua dute eta batik bat sarean ibiltzeko dira gomendagarriak. Tablet ala Netbook?

Erosketa egokiena zein den erabakitzeko galdera hau izan behar da buruan. Zertarako erabiliko dut? Bi aparailuen artean zirt edo zart egitekotan bazaude, hausnarketan lagunduko dizute gako hauek.  :

  • Erabilerraztasuna

Tableta edukiak ikusteko eta irakurtzeko tresna egokiena da. Tamaina txikiak edonon erabiltzeko aukera ematen du eta web nabigazioa oso erosoa da. Web hedabideek bereziki sortu dituzte programak egunkariak Tabletetan eroso irakurtzeko. Liburu baten gisan ere pasa daitezke orriak eta testuen tamaina hatzekin erraz egokitzen da gure beharretara. Horrez gain, Tableteko aplikazioak eta programak ukimenarekin erabiltzeko bereziki prestatuak daude. Aparailua piztu eta itzaltzea ere Netbook-a baino askoz ere azkarrago egiten da.

BAINA, edukiak sortzeko, testu luzeak batik bat, deserosoagoak eta nekagarriagoak dira Tabletak. Teklatuak pantaila murrizten dizu eta baliteke teklen mugimendu mekanikoa faltan igartzea. Zenbait Tabletek badute teklatu fisikoa gehitzeko aukera. Baina, Tabletaren funtsa eramangarritasuna bada, zertarako nahi duzu teklatua?

Netbook batean edukia sortzea eta konsumitzearen artean oreka dago. Webean nabigatzeko besterik erabiltzen ez baduzu soberan izango duzu pisua eta tamaina. Baina, dokumentuak sortu behar badituzu eraginkorragoa izango zaizu teklatua eta xagua eskura izatea. Etxean ere erabiliko baduzu aparailua, Netbook-ak emaitza ona emango dizu. Ordenagailu konbentzional eramangarriak dira hein handi batean Netbook-ak.

  • Hardwarea

Hardware ezaugarri aldetik antzekoak dira Netbook eta Tablet gehienak. Desberdintasun nabariena kapazitatea da, Netbook-ak hobeak dira. Tableta gehienak 16gb eta 64gb arteko edukiera dute. Netbook-ek berriz, 160gb eta 250gb artean.

Konexio aldetik Netbook-ek hain erabilgarriak diren USB konexioak izaten dituzte. Tablet batzuek ez dute USB konexiorik edo bakarra besterik ez. Horregatik, zenbait Tabletetan inprimagailu bat konektatzea, disko gogor bat edo pendrive bat gaitzagoa da.

  • Sistema eragilea

Netbook-ek Windows erabili ohi dute, baita beste sistema libreak ere. Horrek edozein programa bateragarria dela bermatzen du, baita potentzia eskakizun handia dutenak ere. “Betiko” itxura duten sistema eragilea dute Netbook-ek, beraz horietara moldatzea ez da arazoa.

Tableta gehienek, Android sistema darabilte (iPad-ek iOS 5). Oinarrizko aplikazio guztiak aurkituko dituzu bertan, erreproduzitzaileak edo dokumentuak sortzeko programak. Windowsen karpeta sistemarik ez du erabiltzen, aplikazioen bidez heltzen da edukietara. Android Market-en milaka aplikazio, jolas eta widget aurkituko dituzu Tabletari zukua ateratzeko. Hori bai, programa zehatz bat behar baduzu, esaterako audio formatu bihurgailu bat, lanak izango dituzu Tabletean. Eta, jakina, ahaztu programa profesional pisutsuetaz. Android automatikoki eguneratzen da Tableta hobetuz.

  • Prezioa

Oro har, Netbook-ak merkeagoak dira200-300 euro nahikoa dituzu Netbook txukun bat erosteko. Tablet ezagunenaren bertsio merkeena, iPad 2, 480 eurotan saltzen da, garestiena, 800 eurotan.  Apple-enaz gain, Asus edo Sony enpresen Tabletak 400 eta 600 euro artean balio dute.

  • Sarerako konexioa

Netbook-ek ez dute 3G konexiorik; Tableta garestienek bai. Bidaian zaudenean internet konexioa beharrezkoa baduzu Tabletek lan hori erraztuko dizute. Hala ere, Netbook-ek “pintxoekin” ere funtziona dezakete sarera edonon konektatzeko. WiFi konexioari dagokionez, biek ala biek abiadura egokian kargatzen dituzte edukiak.

  • Tamaina

Netbook-ari teklatua kenduz gero hortxe duzu Tablet tamaina. 2 edo 3 zentimetroko zabalera dute Netbook-ek; Tabletek 0,8 ta 1,5 zentimetro inguru. Pisu aldetik Netbook-ak 1 eta 2 kilo arteko zama dute; Tabletek kilo 1 baino gutxiago. Kontuan izan behar da Tabletaren tamaina murriztu egingo dela teklatu birtuala erabili behar duzun bakoitzean.

  • Bateria

Tabletek gehiago irauten dute kargatu behar izan arte, 10 ordu inguru. Netbook-ek, ordea, 6 eta 8 ordu inguru.


 

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Tablet ala Netbook?”-ri buruz

  • Nik argi daukat netbooka aukeratuko nukeela. Tabletak egin ditzakeen gauza guztiak egiteko gai da, eta gehiago ere. Pixka bat paradoxikoa iruditzen zait internet 2.0-aren garaian, non erabiltzaile aktiboaren rola aldarrikatzen den, eduki sortzaile bihurtuz, gehienbat kontsumora bideratutako gailuak sortzea.
    Tabletei ikusten diedan abantaila bakarra pisua da. Teklatua gehitzeari ez diot zentzu handirik ikusten, hori eginez gero akabo abantailak, eta netbooka baino askoz garestiago gainera.
    Ez dakit, agian eBook irakurgailuen ordezko bihurtuko dira tabletak. Edo agian netbook eta tableten arteko gailuren baterantz eboluzionatuko dugu. Oraingoz tabletak smartphone handiak baino ez direla iruditzen zait, askoz erosoagoak hori bai, baina zalantza dut benetako behar bat asetzen duten edo beste behin ere merkatuak produktu baten beharra dugula sinestarazi nahi digun…

  • Iñaki Larrañaga 2011-11-04 01:31

    Bai… baina, hain da cool tablet bat…

    Jakin nahi nuke zenbat ordenagailu eramangarrik ez duten mahaitik sofara bideko ibilbidea besterik egiten.

    Eta “merkatuak produktu baten beharra dugula sinestarazi nahi digun”, jakina! Merkatuan saltzen diren produktu teknologiko (ia) guztiak behar berriak sortzeko ekoizten dira, ez hutsuneak asetzeko.