Sormen askatasunaren eta epe luzearen garaipena

Sormen askatasunaren eta epe luzearen garaipena –

Gaur egun, zoritxarrez, zientzia bideratzeko joera dago, zientziari iker-bideak ezartzekoa. Beti ere, epe laburreko premien izenean egiten da hori. Merkatuak zer behar duen, horixe ikertzeko eskatzen zaio sarri zientziari.

Sormen askatasunaren eta epe luzearen garaipena

Gizateriak egin dituen aurrera-pausorik handienak, ordea, ikerketa hutsari zor zaizkio: hots, ikertzaileen irudimena eta aurrez egindako lana beste mugarik ez duen ikerketari. Hain zuzen ere, ikasitako kontzeptuen morrontzatik askatu eta irudimenari hegan egiten utzi dioten pertsonek sortu izan dituzte beti zientzia-kontzeptu nagusiak: nola Newton edo Galileok, hala Einsteinek; nola Harveyk hala Watson eta Crikek.

Ikerketak, ezer izatekotan, prozesu dinamikoa behar du izan, eta, alde horretatik, gehiegizko burokratizazioa da bidean aurki dezakeen oztoporik larrienetako bat. Burokraziaren arauak nekez uztartzen dira jokabide sortzailerarekin. Burokraziak, ez-jakina izaki, mugak jartzen dizkio ideia bikainen arrastoa jarraitzeko askatasunari. Sarri, lehendik jakina dena berresten duten iker-asmoei ematen zaie lehentasuna, arriskurik ez duen bidea baita hori. Ondorioz, ezer berririk aurkitzeko aukera izugarri murrizten da.

Esaten ari naizena adi-bideratzeko, Ingalaterrako enpresa baten zuzendariari gertatu zitzaion pasadizoa kontatuko dizuet. Delako zuzendari horri, behin, besteak beste Schuberten “Sinfonia amaitugabea” interpretatuko zen kontzertu baterako sarrera bat eman omen zioten. Zuzendariak kontzertura joaterik ez zuenez, lankide bati eman omen zion sarrera: Administrazio eta Pertsonal buruari, hain zuzen ere.

Biharamunean, biak elkartu zirenean, zuzendariak ea kontzertua gustatu zitzaion galdetu zion bere lankideari. Hark, berriz, honela erantzun zion: “Gaur arratsaldean izango duzu nire txostena mahai gainean”. Zuzendaria zur eta lur geratu zen lankidearen erantzuna entzunda. Are gehiago handik laster lankideak agindutako txostena jaso eta irakurri zuenean. Honela zioen:

 ”3. pieza, Schuberten “Amaitugabeko Sinfonia”

Denbora-tarte askotan, zereginik batere gabe geratzen dira lau oboeak. Onena litzateke oboe-kopurua murriztea, beraien lana orkestra osoaren artean banatuta; hartara, lanaren banaketa orekatu egingo litzateke-eta.

Hamabi biolinak, berriz, denbora guztian nota ber-berak jotzen aritu ziren. Alor honetako plantilla zorrozki murriztu behar litzateke. Soinuaren bolumena areagotzea bada kontua, aski da anplifikagailu elektroniko bat erabiltzea.

Semi-kortxeak jotzen ahalegin handia egin zuten. Gehiegizko fintasuna dirudi horrek, eta gomendagarria litzateke semi-kortxea guztiak biribiltzea, gertueneko kortxeekin ordezkatuta. Hartara, formakuntza apaleko langileak kontratatu ahal izango lirateke.

Zentzugabea da hari-sailak lehenago jo dituen pasarteak tronpek berriz errepikatzea. Birritan jotzen diren pasarteok kenduko balira, orain 2 ordu dirauen kontzertuak 20 minutu iraungo luke.

Azken oharra: Schubert delako horrek txosten honetan esandakoak kontuan hartu izan balitu, ez zuen noski bere sinfonia hori amaitu gabe utziko.”

Javier Muguerza filosofoak metabasia esaten zion horri. Azterketa aztergaiari ez dagozkion parametroetatik egitea da, beraz, metabasia. Eta Schuberten kontzertuaren txostenean ikusi duzue zer ondorio izan ditzakeen enpresan egoki diren irizpideak musikaren alorrean besterik gabe aplikatzeak.

Zilegi da botere publikoak lehentasunak ezartzeaz arduratzea. Ardura horrek, ordea, ez luke teknologiaren alorrean bizi eta lanean ari direnen ekimena oztopatu behar. Ikerketa bideratzen saiatzea baino garrantzitsuagoa da, eta askoz emankorragoa, zientziak garatzeko behar duen giroa sortzea, zientziaren landarea haziko den lurra prestatzea. Izan ere, orain arteko berrikuntza gehienak Oinarrizko Zientziaren emaitza izan dira.

Sormen askatasunaren eta epe luzearen garaipena