Seme-alaba nerabeak kontrolatzeko aplikazioa

“Non ote dira nire seme-alabak?”, guraso askoren kezka da, eta askok ahalik eta kontrol neurri handienak jartzen saiatzen dira beren seme-alaba nerabeak non eta norekin dauden jakiteko. Guraso urduri horien egonezina lasaitzeko helburuz, Teenscrio aplikazioa sortu dute, espioi bat gaztetxoen mugikorretan. Baina ez da nolanahiko aplikazioa.

TeensCriok nerabeen jarduerak monitorizatzen ditu: kokapena, agenda, alarmak, joan-etorriak eta abar. Ez dute jakingo aplikazioa mugikorrean instalatuta dutenik, ikusezina baita eta, gainera, ezin da saboteatu.

Guraso kezkatuek ez dute aplikazioa Google Playn edo App Storen aurkitko. TeensCrioren webgunera jo beharko dute zerbitzua kontratatzeko eta seme-alaben telefonora konektatzeko. Sistemak 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak espiatzen ditu, eta 18 urte betetakoan, automatikoki desaktibatzen da.

Gehiegizko babesa omen da egungo gaztetxoen arazo larrienetako bat, kezkaren psikosiaren mugan bizi diren gurasoek eraginda. Batzuetan inongo arrazoirik gabe kezkatzen dira, baina besteetan, seme-alaben adinaren edo izaeraren arabera, kezkatzeko moduko arrazoi dezente dituzte.

TeensCriori esker, gurasoek seme-alaben jardueren berri izango dute uneoro: klasera joan diren, futbol entrenamenduan dauden, ohiko ibilbideak hartu dituzten… eta alertak sortzen ditu programatutako jardueretatik kanpo dagoen zer edo zer egiten badute.

Galdera da, ez ote gara urrutiegi joan? Beharrezkoa da seme-alabak hain kontrolatuta izatea haiek ezertxo ere jakin gabe? Ez al da gaztetxoaren intimitatea urratzen? Nahiz eta adingabeak izan, ez ote dute gauzak ezkutuan egiteko eskubiderik? Azken batean, horixe bera da nerabe izatearen magia.

Informazio gehiago: TeensCrio.com

aplikazioak, Nerabeak, Smartphoneak, TeensCrio

Zer duzu buruan “Seme-alaba nerabeak kontrolatzeko aplikazioa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude