Seguru zaude zeure pasahitzekin?

Seguru zaude zeure pasahitzekin?


password

Zulatuezinezko pasahitz baten bila zabiltza? Hemen duzu horietako bat: ].Kt)[;Rf2-+x6^ff>}#+33KTEew/TzN,@NU”M]’`a^w_EBpDG  Zorte on gogoratzeko! Eskerrak badauden trikimailu errazagoak biluzik ez gelditzeko.

Antzinako garaietatik erabili dituzte gizakiek pasahitzak, adibidez, gotorlekuko ateak etsaiei itxita mantentzeko. XXI. mendean biderkatu egin dira pasahitzak eskatzen dizkiguten zerbitzuak, pasahitzen nekea sindromea agertzeraino. Ausaz pasahitzak sortzeko online tresnak badaude, baina gogoratzeko tresna seguruak dira aurkitzen gaitzenak. Bestalde, pertsonen arrastoak aurkitzeko Spokeo bezalakoak existitzen dira, e-mail, telefono zenbaki edo erabiltzaile izen batekin informazio mordoa ematen dutenak (ordainduta). Laburbilduz, pasahitz alfanumerikoak apurtzeko teknikak handitu dira, horiek ondo gordetzekoak baino gehiago. Pasahitz alternatiboak ere zabaltzen ari dira, nahiz eta erabilera masiborik ez zaien ematen edo ez diren alfanumerikoak baino seguruagoak: hatz markak, marrazki patroiak, ahots eta aurpegi errekonozimendua, begi erretina…

Hartu nahi baduzu 30 segundu zure pasahitzak gogoratzeko… bankukoa, e-maila, telefonoa piztekoa… Internetekin batez ere, non eduki pribatua Giga tonaka igo dugun, pasahitzez bete zaigu burua. Denetaz akordatzea ia ezinezkoa da… segurtasun akatsik egin gabe. The Wired-ek gaiari eskainitako erreportajean (Kill the Password: Why a String of Characters Can’t Protect Us Anymore) gomendio batzuk eskaini zituen. Adibidez hauek ez egitekoak:

  • Pasahitzak berrerabili: Kontu bakarrekoa harrapatzen badizute denetarako sarbidea lortuko dute.
  • Pasahitz motzak: Motza bezain arraroa izanda ere, gero eta karaktere gutxiago orduan eta errazago apurtu daitezke. Luzeagoa hobea da, beti.
  • Pasahitz asmagarriak: Ikerketa batzuen arabera, pasahitz arruntena… password da. Horren ondoren, 123456. Ezta okurritu ere sarean gehien erabiltzen diren pasahitzak zeure egitea. Bai jauna: hor barruan sartzen da jaio zinen urtea ere.
  • Zenbakiak letren ordez: Inondik inora ez da pasahitz ona P4S4H1T24 Cracking tresnek kontuan hartzen dituzte.

Erori al zara egin behar ez diren puntuetakoren baten? Aldatzeko garaia duzu, adibidez, lehenengo puntua, pasahitzak berrerabiltzearena. Egin dezakezuna: e-maila, Facebook edo Twitter pasahitz ezberdinak sortu, eta mantendu berdin hainbeste sekretu gordetzen ez dituztenak, adibidez, ZuZeukoa. Zer gehiago egin daitekeen:

  • Bi faktoretako egiaztatzea: Inoiz pasako zitzaizun, adibidez, oporretan zaudela Facebook-era konektatzean datu gehiago eskatu dizkizutela. Zerbitzu batzuek eskaintzen dute egiaztatze bikoitza: SMS bat bidaltzen dizute edo zuri buruzko galderak egin. Kontuan hartu beharreko aukera da.
  • Segurtasun galderei erantzun arraroak: Zein koloretakoa da nire autoa? Koko lurrinezkoa. Google-ren aroan galdera errazen erantzunak segituan aurkitu daitezke argazkietan, profilen datuetan… izan bihurria.
  • Pasahitzak berreskuratzeko e-mail berezia. Hacker batek asmatzen badu berreskuratutako pasahitzak zein e-postara heltzen zaizkizun, jai duzu. Horregatik, komenigarria da e-posta bat sortzea soilik kasu horietarako.

Pasahitz segurua eta gogoraerraza sortzeko trikimailurik balitz, segurua izateari utziko lioke. Dena den, baliagarriak izan daitezke irizpide batzuk asmatzea. Zeuk bakarrik dakizun pasahitz teknika bat. Esaterako:

Hotmail.com-eko pasahitz adibidea: JOHot81520 Alegia, zure izen abizenen hasierak, zerbitzuaren lehen hiru letrak, eta zerbitzuaren letren posizioa alfabetoan.

Txantiloi edo eredu batekin hainbat pasahitz sortu ditzakezu, nahiko erraz gogoratzeko modukoak eta segurtasun maila txukunarekin. Izan ere, gogoratu, ez dagoela asmatu ezin den pasahitzik.

longer

Seguru zaude zeure pasahitzekin?
Internet, pasahitza, password, segurtasuna, Teknologia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Seguru zaude zeure pasahitzekin?”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague

    Oso interesgarria artikulua. Baina ohiko pasahitz txarren artean bat falta: QWERTY. Ez erabili, mesedez.
    *
    Norberaren seguratasunetik haratago, edo horrexegatik, kontu hauek gustuko dituenak liburu bikaina dauka euskaratua: “Kodeen liburua”, Simon Singh, Elhuyar (http://www.elhuyar.org/edizioak/EU/Kodeen-liburua-Kodeen-eta-kodeak-hausteko-sistemen-historia-sekretua/283). Azpitituluak argitzen duenez, kodeen eta kodeak hausteko sistemen historioa kontatzen du, oso modu didaktikoan kontatu ere, Zesarren zifratik ordenagailu kuantikoetara. Gai batzuen zailtasuna gorabehera, edonork irakurtzeko modukoa da, eta oso ondo euskaratuta dago Idoia Santamariaren eskutik. 1999. urtekoa da eta informatika asko aldatu da, baina ez hainbeste, ez oinarrietan. Izan ere, mendearen bukaeran ezarritako printzipio kriptografikoak ordenagailu kuantiko batek baino ezin izango lituzke baliogabetu, omen. Gomendatzen dut, zinez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude