Sarean filmak ikusteko, ordaintzeko prest?



Zinema Industria hankaz gora jarri du, beste hainbat sektore bezala, interneten zabalkundeak eta garapenak. Entretenimendua mila bider dibertsifikatu egin da urte gutxian eta aski ezagunak diren hamaika ondorio ekarri ditu horrek. P2P sareekin lehenbizi, eta zuzeneko streaming bidez eta deskarga zuzenekin geroago, filmak ikusteko moduak zeharo aldatu egin dira (baita sortzekoak ere). Euskal Herriko hiriburuetako zine aretoak eulien gisan erortzen joan dira. Nork pentsa zezakeen orain hamarkada bat Donostian Garberako aretoak itxiko zirenik? edo laster Gasteiz Antzokia bilakatuko den Guridi aretoak? Adibideak hamaika.

Salbuespenak dira orain zinema areto beteak. 3D filmek ez dute amildegian beherako negoziaren soka hauskorra heldu besterik egin. Sarean-doan binomioak mila puskatan hautsi du zine industriako handimandien negozio biribila eta errentagarria. Asmo txarrez “pirateria” deitzen zaion jardunak erabat erraztu du zinea etxean eta doan ikusteko aukera. Lege aldaketak gorabehera, Espainian eta Hego Euskal Herrian ez da gauza zaila filmak doan jaistea edo streaming bidez konsumitzea. Horren aurrean, berandu bada ere, kalitate bermearekin eta “pirateriaren” estigma gabe filmak online ikusteko parada ireki da; ordainpekoa. Zinema industriako ezagunak dira Netflix eredua jarraitu duten saiakera hauen atzean daudenak, Yelmo kasu. Negozio saio honi heltzen azkena Google bera izan da Play Movies zerbitzuarekin. Zerbitzuaren kalitate teknikoa gorabehera, filmen prezioak sarea aztoratu eta kritikak azalerazi ditu.

Zergatik ordaindu 4 euro sareko alokairu bat zinemako pantaila erraldoian bi euro  gehiago besterik balio ez badu?  Zergatik ordaindu 4 euro bideoklub batean merkeagoa bada? Zergatik ordaindu 4 euro filma bat behin ikusteko aukera hutsagatik? Interneten hilabeteko kuota, HD telebista eta besaulkiak geuk erosi ditugunean, 4 euro ordaindu alokairu baten truke?

Argi dago arrazoiak badaudela negozio hau begirunez ez ikusteko. Baina, ez da gezurra ere, etxeko erosotasunean, haurrek ere uler dezaketen interfaz batekin, kalitatezko irudi eta soinuarekin, jatorrizko bertsioan nahi bada eta nahi dugunean filma bat ikusteko aukera oso erakargarria dela. Gainera, zerbitzua eskaintzen duten atarietan kritikak irakurri daitezke, blogetarako loturak, sare sozialetan elkarbanatzeko aukerak… zine komunitatea ere badira, alegia. Ordenagailuan, eramangarrian edo Smart TV batean ikus daitezke, oro har, filmak. Azken belaunaldiko telebista izan ezean kable bidez ordenagailua telebistara konektatzea izan daiteke bide egokiena (HDMI bidez ere bai).

Aukera hor dago. Jarraian, sarean ordainpean ikusteko zenbait webgune. Interesagarriena da sartu eta katalogoak ikustea: Filmin.es, Youzee.com, Wuaki.tv, Voddler.comGoogle Play Movies.

Sarean eta ordainpean filmak ikusteko bost aukera:

  • Filmin: Premier filmak, berrienak, 2,95 euroren truke alokatu daitezke, besteak 1,95 euroan. 72 ordu dituzu streaming bidez kargatutako filmak ikusteko. Premium harpidetza eginda 2.370 filma, serie eta laburmetraia ikus ditzakezu noiznahi nahi beste aldiz hilabetean 15 euro ordainduta. Urte beteko harpidetzak 110 euro balio du. Bi harpidetza horiek hilabetean hiru Premier filma ikusteko aukera ematen dizute.
  • Youzee: Hilabetero 7 euro ordainduz 500 pelikulako katalogo irekia eskura duzu, baina alokairuan dauden filmak (berrienak eta arrakastatsuenak) 3,99 euro balio dute kalitate oinarrizkoan eta 4,99 HDn. Filma hasten zarenetik 48 ordu dituzu alokairuko pelikula ikusteko. 30 egunez katalogo irekiko filmak doan ikusteko aukera ematen du Youzee-k. Webgunea erabilerraza eta erakargarria da.
  • Wuaki: Alokairu sistema bakarrik darabil filma berrienak 3,99 eurotan (HDn 4,99) eta besteak 1,99 eurotan alokatzeko. 48 ordu ematen ditu filma ikusteko. Smart TV batzuetan integratuta dator Wuaki. Filmak erosteko aukera ere ematen du, nahi beste ikusteko, 7,99 euroan merkeenak eta berrienak 16,99 euroan. Ezin da hileko kuota finko bidez ordaindu.
  • Voddler: 500 pelikula, 280 serie eta 32 dokumental ditu gaur gaurkoz. Horietatik 250 doan ikus daitezke, izena emanda. Alokairuan daudenak 24 orduan ikusi behar dira. Berrienek  3,99 euroko alokairua dute, besteek 2,49 euro edo 1,99 euro. Oraindik ez dago hilabeteka ordaintzeko aukerarik eta webgunea ez da behar bezain argia.
  • Google Play Movies: 170 filma besterik ez ditu momentuz. Berriek 3,99 euro balio dute, zaharrenek 1,99 euro. Pelikula erosten denetik 30 egun daude filma ikusteko, baina behin ikusten hasita 48 orduan moztu egiten da sarbidea. Android sistemetan bereziki erabiltzeko prestatu du Play Movies Google etxeak. Ez du hileko kuotarako aukerarik ematen eta webgunea edukiz eskasa da.

 

 

Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude