Power Pointaren diktadura

Ahozko aurkezpenak egitea ez da erraza. Beno, izan liteke, baina ongi egitea guztioi kostatzen zaigu. Behintzat komunikazio-saio eraginkorra sortu nahi baldin badugu. Gauza asko zehaztu behar ditugu gure helburua, komunikatzea alegia, bete dadin: gaia, ideia nagusiak, hitzaldiaren egitura, erabili behar dugun erregistroa, euskara batua edo euskalkia, doinua, umorea edo seriotasuna; zerrenda amaiezina da. Eta buru-hauste horren ondoren, salbatzailea agertzen zaigu: Power Pointa.

Berarengan pentsatzen hasten gara, koloreak, tipografia, argazkiak, animazioa. Beste guztia, hitzaldia bera ere, bost axola zaigu, gure Power Pointa oso polita izango denez, inork ez diolako gure mintzamoldeari erreparatuko. Berdin izango zaie mantraz, Fidel Castroz edo abanikoez hitz egitea; “hark jaio zen” esatea; burua gora eta behera mugitzea hitzez ezetz adierazten dugun bitartean; edota aitortzea behin atxilotu gintuztela udaletxeko paretan pixa egiteagatik. Diapositibek aurrera egiten duten heinean ikusleen lelo aurpegiak bistakoagoak egiten dira. Arreta irabaztea zein jartzea mirarizko fenomeno bilakatzen da.

Power Pointaren diktadura bizi dugu, ezinezkoa egiten baitzaigu jendaurrean zuzen hitz egitea proiektoreak ez baldin baditu diapositibak (bizipoza ematen digutenak) erakusten. Patata tortillaren tipula bilakatu dira, tipularik gabekoa jan dezakegu, baina jakina, ez da gauza bera. Microsoft Office-eko programatxo gorriak estatu-kolpea egin zuenez gero, hizlariok bigarren mailakoak izatera pasa gara. Lagungarri bisual bilakatu gara, eta boterea berreskuratzea gure eskuetan besterik ez dago.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...