Posiblea al da sozialismo digitala?

Posiblea al da sozialismo digitala? –

Pierre Rimbert kazetariak interesgarria iruditu zaidan artikulua idatzi du aurtengo martxoan Le Monde Diplomatique egunkarian: “Sozialismo digitala” (gaztelaniaz zati bat soilik dago ikusgai harpide ez direnentzat – frantsesez osorik irakurri daiteke). Irakurtzekoak iruditu zaizkit sarean dauzkagun datu pertsonalen harira idazten dituen gogoetak, baita planteatzen dituen proposamenak ere. Zenbait puntu hona ekarri eta amaieran galdera bat planteatzera mugatuko naiz.

Posiblea al da sozialismo digitala?

The Economist egunkariak (liberalismoaren abangoardia) aurten adierazi du kezkatuta dagoela “proletario digitalen” patuarekin. Le Pointek (gutxieneko soldata igotzearen aurka mintzo den aldizkari frantsesa)  zioen Silicon Valleyko erraldoiei oparitzen dizkiegun datuen gaineko kontrola berrartu behar dugula. Financial Times egunkariak honakoa bota zuen otsailean: “Mundu osoko sare sozialen erabiltzeak: batu zaitezte!”

Besteak beste Jaron Lanier enpresari estatubatuarrak sinatzen duen artikulua aipatzen du Rimbertek. Honakoa dio Lanierrek bertan: “Gure datu pertsonalak gureak dira, monetarizatu ditzagun. Jabetza eskubidea ezinbesteko lanabesa da 2.0 humanismoarentzat”. Lanierren proposamena da internauten lana berez ondoren hartzen duen balioaren oso zati txiki batekin ordaintzea; eta gainera, ideia hau subertsibo bezala ikusten dute askok. Rimbertek, ordea, argi dauka helburua zibernautak mini-enpresariak bihurtu eta sektore digitalean lan merkatu berri bat sortzea dela, guztiek haien lan inmateriala saldu ahal izateko. Askok salduko dute, eta gutxik izango dute erosteko ahalmena.

Honi alde on bat ikusten dio Limbertek: Kaliforniako oligopolioek kaltetutako konpetentzia orekatua berreskuratzea. Hori bai, oinarrizko banaketa bat betikotuko lukeela aitortzen du segidan: enpresarien esku daude ekoizpen iturriak, eta langileek haien lan indarra saltzen diete. Norbanakoaren datu pertsonalek, ordea, ez dute apenas baliorik; datuen balioa kolektibotasunean dago, hauek batu eta trataera estatistikoa ematen zaienean.

Hemen dator Pierre Rimberten proposamena: datuen jabetza indibiduala ezarri beharrean, zentzuzkoagoa litzatekeela bitarteko hau sozializatzea; kolektiboaren zerbitzura jarrita osasungintza, garraioak edota hezkuntza hobetzen lagunduko lukeela.

Interesgarria da oso Rimberten ideia, baina motzean eta gaiaren inguruan daukadan ezjakintasunetik, zalantzak sortzen dizkit. Aipatutako oinarrizko zerbitzuak hobetu ditzakeela argudiatuta, ulertzen dut “sozializatzea” dioenean “nazionalizatzeaz” ari dela; hots, “kolektiboaren zerbitzura” jartzeaz mintzo denean Estatuari egiten diola erreferentzia. Estatua kapitalismoaren erregulatzailea bada, ez dut ulertzen zergatik hobetuko diren hezkuntza edota osasuna gure datu pertsonalak bere esku uztean; justuki estatua denean, gutxi batzuen interesei men eginez eta gehiengoari kalte, hezkuntza edota osasunean murrizketak egiten dituena. Ez naiz, bistan dena, Kubako Estatuaz ari, baizik eta Rimbert bizi den estatu frantziarraz, bai eta espainiarraz. Argi dago langileen bizi baldintzentzat hobea dela, sistema ekonomiko honetan bizi arren (edo horregatik), konpetentzia gehienak estatuarenak izatea; baina AHTn, polizian eta bankuak erreskatatzen dirua xahutzen duen estatu batek ez ditu zertan osasuna eta hezkuntza hobetu datu pertsonalen jabetzak emandako mozkinengatik. Bidegurutzean jarriz gero, txarra eta okerragoaren artean hobe txarra (estatua), baina dakigun bezala, “hobe” ez da “ondo”.

Auzolanean eta kooperatibismoan esperientzia oso aberasgarriak jorratu dira, testuinguru kapitalista batean pertsonen artean lan harreman ahalik eta bidezkoenak lortzeko. Baina kasu honetan… posible al da Rimbertek aipatzen duen “sozialismo digitala”, “sozialismo erreala” lortu gabe?

Posiblea al da sozialismo digitala?  Posiblea al da sozialismo digitala?

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

4 pentsamendu “Posiblea al da sozialismo digitala?”-ri buruz

  • GNU/Linux.

  • Zalantza: Linux instalatu, eta Twitter kontu bat zabaltzen duzu. Twiterri ez zaio zure mugimenduen inguruko informazioa iristen?

  • euskaldun bat 2018-08-29 19:55

    Benat, berdin-berdin iritsiko litzaioke linux erabilita ere. Sistema eragilearekin baino erabiltzen duzun web-arakatzailearekin duelako zerikusia. Ez sortu konturik eta kito.

  • Henry tximeleta 2018-08-30 12:15

    Wikipediaren fenomenoa da kasurik aurreratu eta nabarmenena. Nolaran jendearen gogo eta zaletasunak sortzen duen fenomeno kooperatibo erraldoia suntsiruaz enziklopediaren negozioa.