Pintxos and Blogs, edo garatzeko aukera

Aski ezaguna da nagusi edo proiektu buru on bat langile onez inguratzen dakiena dela. Egia hori are garrantzitsuagoa da oso azkar aldatzen den gizarte honetan. Jendearen izaerak, lehentasunak, jarrerak, kontsumitzeko erak eta gustuak besteak beste, ziztu bizian aldatzen dira. Baina baita teknologiak, lan egiteko moduak eta jakintza ere, azken honen kasuan, garatzen dela hobe erranda. Profesional batek ezin du denen aldaketa jarraitu, lanean eta ordenagailuaren aurrean 24 orduetatik 20 ez baditu pasatu nahi behintzat. Arlo gehien-gehienetan langile bezala ere inguratzen jakitea ezinbestekoa bihurtu dela iruditzen zait.

Funtsean denak gara gutxienez gure buruaren nagusia, baina kasu gehienetan ez daukagu profesionalki lankide onez inguratzeko aukerarik, enpresa baten burua ez bagara behintzat. Aldiz rol hori izan dezaketen ezagutzak egin ditzakegu. Ikastaro batzuetara joanez ohartu nintzen horretaz. Ikastaroan zertxobait ikasten banuen, agian gehiago ikasten nuen bukatu eta geroko solasaldietan, trago bat hartuz. Hemen, dagoeneko goraipatu izan dut norberak bere jakituria garatzeko aukera Twitterren edo blog batzuk jarraituz, baina harreman pertsonalak ez dituzte ordezkatzen oraindik, eta ez dut uste inoiz ordezkatuko dituztenik ere. Laguntza, aholku eta mesede bat nekez eskatuko edo emanen dituzu digitalki ezagutzen duzun horri. Konfiantza eta sinesgarritasuna buruz buruko harremanetan lortzen dira.

Horrela eman nuen izena joan den ostiraleko Pintxos and Blogs ekimenean, ezagutzak egiteko, eta nolabait ere profesional mailan sare bat eratzeko. Egia erran, Andoni Munduatek (MunduaJr) eta Xabier de la Mazak (Condedelamaza) ekimena aurkeztu zigutenean Deustun, itxura ona hartu nion: jendeen artean modu informal batean, baina gai zehatz bati buruz eztabaidatzeko hitzordua, pintxoak janez. Ostiralean, zinema pornoa izan zen gaia, eta horretaz hitz egiteko Jose Luis Rebordinos ekarrarazi zuten, ni bezala ezagutzen ez zutenentzat, Donostiako zinemaldiko zuzendaria. Pertsona irekia eta gaia kontrolatzen duena iduriz. Iduriz diot hitz egin zuen ordu horretan, ez nuelako ia-ia ezer ulertu. Nik uste nuen pornoa erraza zela ulertzeko, baina ez, horretan ere badago zer aztertu eta zer ikasi.

Ezer ez ulertu arren, ordea, pozik joan nintzen etxera, Twitterren jarraitzen ditudan pertsona batzuk pertsonalki ezagutzeko aukera izan nuelako, eta kasu batean, nirekin lanean aritutako bat, baina harreman gehiagorik ez neukana, berriz ikusteko. Horrenbestez, helburua beteta eta hurrengoan izena emateko gogoarekin. Gero eta argiago daukat norberak garatu ahal izateko ondokoaren beharra daukala.

harriague, komunikazioa, Pintxos and Blogs, xan
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude