Patxi Lopezek herritarrongana joko du zerga-erreformarentzako ideia bila

?

Zerga-erreformaren gaineko iradokizunik egin nahi duzu? EAE hobe funtzionatzeko ideiarik duzu? Adi, Patxi Lopezek belarriak zabalik baititu. Eusko Jaurlaritzaren Irekia – Gobierno abierto webgunean, lehendakariak hiritarren partaidetzarako dokumentu ireki bat aurkeztu du guztion artean fiskalitaterik onena lortzeko helburuz. “Herritarrek ere iritzia eman dezakete, ideiak ekarri eta iradokizunak egin”, dio Lopezek.

 

Webgunean azaltzen dutenez, “bakoitzak ahal duen neurrian eta bere errentaren arabera gizarteari ekarpena egitea eta iruzurrari aurre egitea du helburu, besteak beste”.

Modu horretan, enplegua sustatzea, gizarte politikak garatzea, erakundeen bikoiztasunak deuseztatzea eta fiskalitate zuzenagoa eta bidezkoagoa lortzea espero du lehendakariak.

Ideiak, printzipioz, ez du itxura txarra: euskal herritarron artean zerga-sistema perfektu eta orekatu bat lortzea. Utopia hutsa ote?

Ideiarik gabe geratu ote da ala benetan herritarrok politikan zuzenean parte hartzen dugun mundu perfektu baterantz goaz? Hau da, benetako demokrazia baterantz –Demos, herria + krátos, boterea-. Zenbateraino izango ditu kontuan geure proposamenak?

Egia da, egun teknologia berriek ematen duten aukerekin, herritarren ahotsa inoiz baino ozenago entzuten dela eta parte hartzeko aukerak biderkatu egin direla. Zenbait politikari aukera hori aprobetxatzen hasi dira. Rubalcabak, adibidez, twitterlarien galderei erantzun zien uztailean eta Egiptoko presidenteak Facebook bidez herritarrei galdetu zien ea zeintzuk ziren gobernu berrian ikusi nahi zituzten ministroen izenak .