Osasun-kultura berriez

Osasun-kultura berriez – 

Osasun-kultura berriezErliaz edo sendiaz ‘minbizia dik’ norbaitez esaten badigu, aldartea mikaztu egiten zaigu eta kezka sortu. Segun eta zein klase minbizi den heriotza ikusten dugu horizontean, mingarria sarritan. Datuek hori diote. Gizonezkoen artean heriotzaeragile nagusia da, % 27aren bueltan, eta emakumezkoen artean bigarren nagusiena, % 19 inguru, handiena zirkulazio arazoak direlarik.

Datuei erreparatuta ez da, hortaz, harritzekoa minbiziari buruzko datuak sarri agertzea komunikabideetan, tratamenduen aitzinamenduari dagozkienenak bereziki. Maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasiera horrelako bi berri indartsu jaso ditugu hedabideen bidez. Batetik, informatu zaigu biriketako minbiziaren tratamenduaren ikuspegi berritzaile batek erdietsi duela tumorea desagertzearen tasa % 6ik % 36,8ra emendatzea. Bestetik, botika berri baten bidezko tratamenduaren lehen faseko entsegu batek erakutsi du linfomak desagertzea lortu dela pazienteen erdian. Gazteei eragiten dien Hodgkin linfoma tratatzeko aurreramendu adierazgarria izatea espero da.

‘Ongi ari gara’ pentsa lezake Berendiak eta arrazoi faltarik ez luke izango. Scientific American aldizkariko apirileko alean berripaper horren osasungaiei buruzko kronista Claudia Wallisen ekarpena leitzean berak eskribitutakoaren bi aspektu erakarri zuten nire interesa duela hainbat aste.

Minbizia tratatzeko botika eta terapia berriez ziharduen eta horiek gizakiongan aplikatzeko baimenez. Onkologo baten ezpainetan hitz hauek jartzen zituen: «duela hamar urte urtean 10 bat izaten ziren (berrikuntzak); orain asteko bat dugu». Boskoiztu ei da tratamendu berrien agerpena. Adi! Horrek ez du esan nahi minbizia laster garaitzeko moduan izango garenik, gehienak urrats txikiak izaten baitira zientziaren aurrerabidearen ia aspektu guztietan bezala. Halaber, minbizi-mota jakin bati lotuta egoten dira. Arma gehiago ditugu duela 10 edo 20 urte baino, asko dago egiteko hala ere.

Bigarren aspektua. Nola perkolatzen dira terapia, botika edo diagnosi-tresna horiek komunitate medikuan zehar? Alegia, jakintza hori guztia iristen al da familia-medikuengana? Nola? Wallisen arabera AEBetan minbizi-kasuen tratamenduaren % 80a familia-medikuen bidez egiten da. Ez ditut gure datuak ezagutzen. Alabaina, kezka hori nire egiten dut. Nola kudea dezake komunitate medikuak informazio-olde hori? Zentro espezializatuek hori egiteko gaitasunik badute. Auzo-kontsulta batean dagoen eta eguneko 30-40 lagun artatu behar dituen familia-medikuak? Nekez arrapostuko nuke. Terapia edo botika berri horietako proportzio bat garestia da oso, bestalde.

Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailburu Gotzone Sargarduik pantxo-pantxo bota duenean osasun-zerbitzuen aurrean herritarrok kultura-kanbio baten aurrean gaudela, erantsita atentzioa hartzeko tokiz mugitu beharko dugula, akaso, medikuak ez eta erizainak artatuko gaituela eta opor garaian gure ohiko osasun-azpiegitura itxi egin daitekeela. Delako kultura-kanbio horrek itxura onik ez du. Kultura berri horren parte izango dira, noski, Bidasoako ospitalearen kirofanoen edo Tolosaldeko ospitale publikoaren moduko auziak, zeinetan, erabakiak goitik behera hartzen ari diren gizartea eta beren ordezkariak aintzat hartzea ebitatuta.

Susma daiteke benetako aldaketa zerbitzuaren kalitatean egongo dela eta, akaso, horren guztiaren atzean herritarrak zerbitzu publikotik uxatu eta pribaturantz bultzatzea dagoela, hori pagatzerik duena jakina. Osasunarretaren unibertsaltasuna eta ekitatea kolokan daude.

Minbiziaren tratamenduen kasura itzulita, klaru dago lehen mailako arreta ahultzen denean, zailagoa egiten dela gaitzen prebentzioa eta arazoen detekzio goiztiarra. Alferrikakoak izan daitezke botika eta tratamendu miragarri eta berritzaileak gaitza garaiz detektatzen ez bada eta, nago, amildegiaren ertza ez dagoela horren urrun.

Galde 37 uda/2022

Osasun-kultura berriez