Ordenagailuak horrela eta orain?

Maiatzaren 12an iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, “Escuela 2.0” planaren barruan, ordenagailuen kontu hau. Garai hartan ere autoa erosteko laguntzak eman ziren, kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, eta mota bereko neurria ote den aipatu izan da askotan.

Ondoren, Isabel Zelaak berretsi zuen albistea: EAEk Zapateroren erabakiarekin bat egingo zuen. Kargua hartu eta hiru astera. “begira nola berritzen den hezkuntza orain sozialistek hartu dugunean…”.

Eta beldur naiz hartutako neurri hori horretan soilik geratzea. Susmoa dut dagozkigun 69 ordenagailu horiekin batera, ez dela etorriko haiek martxan jartzeko behar den azpiegitura teknikoa (entxufeak, indar elektrikoa egokitzea, gordetzeko eta mugitzeko altzairuak…). Ezta azpiegitura teknologikoa ere (internet-konexio egokia, eskolako intranetarako laguntza…). Are gutxiago ordenagailuak kudeatzeko baliabideak (zaindu eta mantentze-lanak egingo dituen profesionala edo barruko irakasle batena ahalbideratzea…). Eta zer esanik ez, ordenagailu horiekin lan egiteko baliabide didaktikoak eta irakasleok beharko dugun formakuntza.

Iruditzen zait gure agintariek neurria aldarrikatzean lortu duten publizitatearekin nahikoa dutela; alegia, horretako erabaki dutela horrela eta orain.

Asko poztuko nintzateke horrela ez balitz. Zain nago.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz