Okela egosia

images2.jpg
Haur eta gazte garaian, bi etxe ezagutu ditut non egunero egiten zuten “eltzekoa”. Barazkiak, barbantzuak, okela eta oilo izterren bat egosten jarri eta hortik abiatzen zirenak sukaldatzen: salda bazuten, okela egosia ere bai… Bi etxe horietan bikain jaten zen. Egiten zutena egin, ez baitzuten urik erabiltzen: salda beti. Eta hala, saltsek eta bestelakoek, egundoko gorputza eta zaporea edukitzen zuten. Ez dut uste orain horrela jokatzen segituko dutenik. Aldatu egin dira denborak haientzat ere eta, seguru asko, ez dute orain hain ongi jango. Hala ere, okela egosiarekin zer egin daitekeen nahi nuke gaur aipatu, eta gurean ikasitako errezeta zahar bat idatzita laga, ez baitut beste inon antzekorik ikusi. Ez da sekulakoa, ez da zaila, apala da oso, baina niri noizean behin egitea gustatzen zait. Amama Felisari ikasi nion eta, esan bezala, ez dut beste inon ikusi. Tomatearekin, piperrekin, tortillan, kroketetan, bere horretan… mila modutan jaten dugu okela egosia. Niri neuri, paella dagoenean haraxe botatzea ere gustatzen zait. On-ona egoten da. Gaur, ordea, Amama Felisaren erara egin dut. Hara nola:

Lehenik eta behin, eltzekoa egin behar da: porru bat, azenario pare bat, oilo zati bat, perrexil sorta bat… ur ugaritan egosten jarri presio-lapiko batean. Irakiten hasitakoan, gatza eta barbantzu eskutada bat edo bi ezarri. Berriro irakiten hasten denean, okela zatia gehitu (txahalaren txankarra izaten da niretzat egokiena). Lapikoa itxi eta laga ordu betez edo, egiten. Sua amatatu eta laga lapikoa ireki gabe presioa galtzen. Bitartean, patata frijituak egingo ditugu zartagin handi batean. Lodi xamarrak, lehenik su geldotan eta jada egosiak daudenean, sua igo eta apur bat gorritu. Patata frijituak atera zartaginetik azpil handi batera, eta gatza egin. Pataten olio ugaria zartaginetik kendu (beste baterako gordez), baina zartaginaren hondoan olio apur bat utziz, hala ere.

Txankarra edo dena delako okela egosia, hari bihurtu gabe, zati ederretan zatituta edukiko dugu, telefono mugikor txiki baten tamainakoak edo (garaiek dute agintzen). Zartagina berotzen denean, haraxe bota zatiok eta gatza egin. Jira eta buelta alde guztietatik, pare bat minututan izerdi distirant bat ezartzen zaiela ikusi arte. Patatak hoztu bazaizkigu, zartaginean okelarekin batera edo ondoan, bero ditzakegu. Azkenez, bere horretan azpil berean zerbitzatu txukun txukun, okela alde batera eta patatak bestera. Esango didazue.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Okela egosia”-ri buruz

  • Bai, ezagutzen dut errezeta hori, baina gurean okela zatiak zartaginera bota aurretik irinetatik pasatzen ditugu, horrela ez da hainbeste desegiten. Bai, gozoa benetan. Aspaldiko zaporea ekarri didazu gogora. Datorren asteburuan bertan preparatu behar dut

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude