Nook irakurgailu digitala iritsi da

0-8

Nook irakurgailu digitala iritsi da

Hasi da dantza. Barnesandnoble (B&N) liburu dendak atzo aurkeztu zuen New Yorken Nook irakurgailu digitala, eta honek kolokan jar dezake Amazonen negozio modelo itxia, Kindle irakurgailuaren inguruan eraiki duena.

Hasteko, Nook irakurgailuak antz handia du Amazonen Kindlerekin, baina plastikozko teklatuaren ordez, hark ukipen pantaila bat du, zeina erabil baitaiteke teklatu moduan edo nabigatzaile gisa, liburuak aztertzeko, berauen azalak ikusiaz batera. Makinak Android sistema eragilea du barruan, Googlena, e-Pub formatu digital irekia darabil, baita PDF ere, eta haririk gabe konekta daiteke edozein wi-fi saretara. 2GB memoria dakar, beraz, 1.500 liburu eta aldizkari gorde ditzake bertan.

AEBetan 259 dolar balio du, Kindlek bezala. Dirudienez, Google Books Project-eko liburuak ere —mordoa, horietako asko doakoak— bertan irakurriko dira. Eta azkenik, baina ez azkena, Nook irakurgailuak aukera emango du liburuak uzteko lagunei, 14 egunez, baldin eta eurek ere Nook bat baldin badaukate.

B&Nk merkeago saltzen baditu liburu digitalak, eta aukera ematen badu liburuak trukatzeko, horrek zalantzan jar dezake Amazonen negozio modeloa. Dantza hasi baino ez da egin. Etorriko dira ezusteko gehiago, eta, seguruenik, atseginak.

cc-by: Joxe Aranzabal. Faroa.

irakurgailuak
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude