New York hiriko irakasleek ezingo dituzte sare sozialak erabili ikasleekin komunikatzeko

Irakasle eta ikasleen arteko komunikazio elektronikoaren erabilera okerrak gizarte estatubatuarra geroz eta gehiago kezkatzen du, batez ere zenbait irasle “portaera desegokiagatik” salatuak izan ostean. Hori dela eta, New York Hiriko Hezkuntza Departamenduak plazaratutako azken arau sortaren arabera, eskola publikoetako irakasleek ezingo dituzte sare sozialak erabili ikasleekin harremanetan jartzeko. Arauek ez dute sare sozialen erabilera debekatzen, erregulatu baizik.

Ikastetxe publikoetako irakasleek beren bizitza profesional eta pertsonalak banatu beharko dituzte sarean eta ezingo dute ikasleekin harremanetan jarri beren Facebook edota Twitterreko profil pertsonalen bidez –ezingo dira “lagunak” izan–, ezta emailez ere. Horrez gain, irakasleek beren profil birtualetako pribatutasuna konfiguratu beharko dute beren profiletara sarbidea kontrolatzeko.

Dena den, ikasle eta irakasleen arteko komunikazio digitala ez da errotik moztuko, helburu akademikoekin sortutako webgune edota sareetan harremanetan jartzea zilegi baitute: unibertsitate edota eskolako intranet, foro eta sare pribatuetan, adibidez. Baina komunikazioaren helburua beti akademikoa beharko du izan; hau da, etxeko lanen errebisioa, ikasgai bati buruzko eztabaida, ikasketa giden banaketa… Horrez gain, webguneok ikuskatzailek batek onetsi beharko ditu martxan jarri aurretik eta ikasleen gurasoek baimen bat sinatu beharko dute seme-alabek komunikazio tresna digital horiek erabili ahal izateko.

Eta hori guztia gutxi balitz bezala, irakasleek ez dute pribatutasunik izango sare sozialak erabiltzean, ikastetxe zuzendariek eta bestelako hezkuntza funtzionarioek langileak zainduko dituzte jokabide “susmagarriren” bila.

Eta zu, irakasleren batekin komunikatzen al zara –edo zinen– sare sozialetan? Nolakoa da harreman hori?

UDAZKEN KOLOREAK