Nazioa eta nozioa

Nazioa eta nozioa –

XXI. mendean, honako hauek izango dira oinarrizko elementu estrategikoak: adimen-gaitasuna, irudimena, asmamena, eta teknologia berrien antolaketa. Gero eta gehiago, nazioen aberastasuna nozioen aberastasuna izango da.

Nazioa eta nozioa

CC-By Dalbera

Ez gaude zientziaren amaieran, hasieran baizik. Nik hala ikusten dut behintzat Zientzia: jaio berri, sormenerako ezin konta ahala aukera eskaintzen dizkigula. Galderei erantzuna emanez egiten du aurrera zientziak, baina erantzun horietatik galdera berriak sortzen dira ostera. Esan liteke badagoela hor Energiari eusteko legearen antzeko beste lege bat: “Ez-jakintasunari eusteko legea”. Oharkabeko ez-jakintasuna zena, ez-jakintasun ohartua bilakatzen da, hori da dena. Ez-jakinak garela konturatzen gara. Are gehiago, beharbada badago beste lege bat ere, entropiarenaren antzekoa, “Ezjakintasuna areagotzeko legea” deitu dezakeguna. Ikerketa zientifiko batek emaitza zilegi bakarra dauka, eta hauxe da: lehen galdera bakarra zegoen lekuan bi galdera uztea. Kaosean ordena ezarriz egiten dugu aurrera, baina gure jardunak kaos berria sortarazten du. Baina ez naiz gehiago tematuko ideia hori adierazten, nik dezakedana baino askoz modu ederragoan adierazia baitu hori Pablo Nerudak:

Kontua da ziurgabetasun

abstraktu bat

dariola berriz ordena izatera

itzultzen den kaos bakoitzari.

 

Ez genuke ahaztu behar zientziaren garapenak etikaren garapenaren eskutik joan behar duela beti. Einsteinek badu esaldi zorrotz bat, sekula ahaztu behar ez genukeena: “Baliabide bikainak eta helburu nahasiak, horra gure garaiaren ezaugarri nagusia”.

Arriskutsua litzateke, oso, talde moduan dugun boterea azkarrago haztea, botere hori egoki erabiltzeko gure zuhurtzia baino. Ezagutza ez baita dena: ezagutza bezain beharrezkoak dira zuhurtzia eta jokabide egokia.

Etorkizuneko garapenak ezin gaitu eraman natura inolako mugarik gabe ustiatzera. Aitzitik, materiaren egitura eta funtzionamenduaren ezagutza gero eta sakonagotik etorri behar du garapenak, gutxiago erabiliz etekin handiagoa ateratzen ikastetik, alegia.

Gure gazteek –eta guk guztiok- behar duguna ez da teknologia eta zientzia ikasten ordu gehiago sartzea. Ez behintzat hori bakarrik. Horrez gain, etorkizunari iraganekoa ez den begiradaz begiratzen ikasi behar dugu lehenbailehen. Gure seme-alabek eskubidea dute etorkizun hobe batekin amets egiteko. Amets hori inoiz egia bihur dadin, ikasi beharko dugu atzera geratzen dena bertan ez uzten; ikasi beharko dugu aberastasuna sortzeaz gain den-denei zor zaiela modu orekatuan garatzeko eskubidea; ikasi beharko dugu  ingurumena modu arduratsuan tratatzen; eta ikasi beharko dugu kultur aniztasuna behar bezala zaintzen. Eta Euskal Herriaren kasuan, euskara da, dudarik gabe, zaindu beharreko gure kultur ondarearen zatirik garrantzitsuenetako bat.

Nazioa eta nozioa