Nanoteknologia (1)

Nanoteknologia (1) –

Orain arte, eskura genuen materia erabili baino ez dugu egin. Aurki, ordea, eragile ez ezik egile ere izango gara, eta materia berria sortzeko gai izango gara, ingeniaritza atomikoari esker. Bestalde, ingeniaritza genetikoak bizia eraldatzeko eta bideratzeko aukera emango digu, eta begi-bistakoak dira horrek dituen ondorioak. Azkenik, ordenagailuak adimenaren arazo korapilatsua askatzen lagunduko digu beharbada, bai giza-adimenarena bai adimen artifizialarena.

Nanoteknologia (1)

cc-by-sa: pablomatamoros

Iraultza elektronikoak hartu du gure bizitzen gaineko agintea. Transistorea asmatu zenetik hona, osagai elektronikoak gero eta txikiago ez ezik gero eta merkeago ere bilakatu dira. *Zirkuitu bakoitzeko transistore-kopurua, aldiz, ikusgarri hazi da, Moore-ren legearen arabera.

Zirkuitu integratu bakoitzeko transistore-kopurua bi halakotu egiten da bi urtez behin.

Bidebatez esanda, nik izan nuen Moore ezagutzeko aukera. Cambridge-n izan zen, 1997n, elektroiaren mendeurrenean, eta oso bitxia izan zen hura. Cavendish-en idazkari gajoa kezkatuta ibili zen, Moore-k etengabe galdetzen ziolako ea zein ordutan sartu ahal izango zen Londresen erreserbatuta zeukan hotelean, ea hamabietarako sartzerik ba al zeukan. Eta idazkariak hauxe esaten zion bere buruari: “hau da hau gizon xelebrea… hotel osoa erosteko adina diru izan, eta hotelera sartzeko orduarekin kezkatuta gizona!”. Holakoxe gauzak zeuzkan Moorek, baina ez pentsa xuhurra edo zekena zenik: Estatu Batuetan fundazio bat sortu du duela gutxi, zientzia eta teknologia sustatzeko, eta bere ondarearen heren bat eman dio fundazioari. Nik ez diet euskal enpresariei beste horrenbeste eskatuko… baina ez legoke gaizki bakoitzak bere ondarearen hogeiren bat, edo hogeita hamarren bat ematea, bide batez esanda. Moore-n kasuan, fundazioari emandako herena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, denera 5.000 milioi dolar dira eta. Tira, esana geratzen da, ea norbait animatzen den…

Nolanahi ere: miniaturaraino eraman gaituen prozesu teknologiko hau agortzen ari da. Agortzearen arrazoia efektu kuantiko bat da: bi silizioak banatzen dituen silizio-oxidoa gero eta meheagoa da, eta elektroiak, tunel eraginaren ondorioz, batetik bestera pasatzen dira. Gauzak horrela, ez dago hori behar bezala  kontrolatzeko modurik.

Datorren sarrera batean ere esango dudan bezala, ordenagailuen teknologia bere hirugarren maila edo fasean dago gaur egun. Oraindik ez da laugarren mailara iritsi. Nire ustez, ordenagailuak beren laugarren maila teknologikora iristeko modu bakarra beste teknologia batzuk bilatzea dela iruditzen zait. Ez dago garbi, baina baliteke hori horrela izatea. Saiatu behintzat egin behar genuke, nolanahi ere.

Eta saiatu beharreko beste teknologia horietako bat nano-teknologia da, dudarik gabe. Nano-teknologia, edo, bestela esanda, nano-neurriko teknologia, edo nano-mailakoa.

Nanoteknologia (1)

JAKIN BANEKI