Mundua ulertzeko era berri bat hasi zenekoa

Mundua ulertzeko era berri bat hasi zenekoa –

Lehengo asteko sarreran ere aipatu nuen 1920. urtea. Mugarri moduan ikusten dut nik urte hori, izan ere, nork usteko zuen, 1920 aldera, hainbesteko aurrerapena egingo genuenik?

Inork gutxik pentsatuko zuen gizakiak ilargia zapalduko zuenik, adibidez, eta zapaldu du; bonba atomikoa bezalako gauzarik, berriz, imajinatu ere ez garai hartan…

Baina utzidazu itxuraz horiek baino apalagoa den aurrerapen teknologiko bat aipatzen: eskuko telefonoa edo, txantxetan esaten zaion bezala, segapotoa.

Mundua ulertzeko era berri bat hasi zenekoa
Baztango bazterrak. cc-by-sa Mimentza

Nafarroako haran zoragarri batean jaioa naiz ni, Erronkarin. Aita Baztan bailarakoa nuen, eta ni, txikitan, Baztango mendietan ibiltzen nintzen, sarri, aitatxirekin. Gizon hura barrez lehertuko zen, noski, norbaitek esan izan balio urte gutxi barru menditik bertatik hitz ahal izango zuela Kaliforniako bere senideekin, eta horretarako aski izango zuela eskuan kabitzeko moduko traste bat.

Gu, berriz, hain gaude zientziaren eta teknologiaren lorpenekin ohituta, hain dira horiek guretzat eguneroko gauza, ezen ohartu ere ez baikara egiten zenbat eta nola aldatu duten gure bizimodua aurrerapen horiek, hoberako aldatu ere.

Zientziaren eskutik, egin dugun bide luzeari zor zaio hori guztia eta gehiago.

Alabaina, hogeitabost mende egin behar dugu atzera, bide luze horren hasiera ikusteko. Izan ere, orduan hasi baitzen gizakia, jakin-minak eta harridurak akuilatuta, ordurarteko azalbide nagusia, mitoa, bazterrera uzten eta filosofatzen, oinarri-oinarrizko arazoak arrazoi soilaren bidez argitu nahirik.

Mundua ulertzeko modu berri hark arrakasta izan zuen, gainera, eta lehen filosofo eta  zientzialari haien ustea sinesmen itsu bihurtu zen: “unibertsoa arrazoizkoa da, eta arrazoi bidez uler daiteke”, hori zioen fede berriak.

Eta fede horren garrantziaz  jarraituko dut datorren astean.

Mundua ulertzeko era berri bat hasi zenekoa

2 pentsamendu “Mundua ulertzeko era berri bat hasi zenekoa”-ri buruz

  • Pedro Miguel, hor adierazten duzun hori guztia egia berdaderoa, baina zein gutxi hartzen dugu kontuan!!: “Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”
    Irrikitan hurrengoa irakurtzeko.

  • joseba barandiaran 2011-07-06 21:22

    25 mendetan egin diren aurrerapenak aurrerapen, konparazioz, eta jakinik bide hori ezinbestekoa dela 1920ra iristeko, ez al dira oso txikiak azken 75 urteetan egin direnekin edo, gutxienez, azken urteotan gizakion bizimoduan eragin dituen aldaketekin? zer eta, munduak bizitoki gisa dituen ezaugarriak galarazteko ahalmena lortu du, finean, gizakiak !

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude