UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta MONDRAGON Unibertsitatearen mugarria den topaketa Arantzazulab-en 

UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta MONDRAGON Unibertsitatearen topaketa  –

 ekainaren 30ean Gandiaga Topagunean (Oñati), Arantzazulab-en ikerketa markoa elkarlanean diseinatzeko lan saioan.

UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta MONDRAGON Unibertsitatearen mugarria den topaketa Arantzazulab-en Arantzazulab-ek bere aurkezpen ekitaldia egin eta hiru hilabetetara historikotzat jo daitekeen lan saioa antolatu du Arantzazulab-ek Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, eta Deustuko Unibertsitateko 40 ikertzailerekin. Mintegiaren helburua da, batetik, gizarte erronken inguruko ikerketa joera nagusiek gure herrian sortzen dituzten galderen inguruan eztabaidatzea; eta bestetik,  datozen urteetarako laborategiko ikerketa edukiak zehazteko hausnarketa lankidetzan egitea.

Arantzazulab-en oinarrietako bat da hiru unibertsitateak elkarrekin aritzea,  eta hasieratik eragile gakoak izan dira: elkarlanean parte-hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan zein jatorrizko diseinuan eta mugarritzat hartu daitekeen gertaera izan zen hori. Eta egun, Arantzazulab-en Aholku Batzordean ez ezik, Arantzazulab-ek sustatutako ikerketarako elkargunean eragile aktibo izaten jarraitzen dute hiru unibertsitateek. Mota honetako elkarlana ez da ohikoena esparru akademikoan, -lehiakide dira eremu askotan aipatutako unibertsitateak- eta Arantzazulab-ek jarritako markoa berezia da zentzu horretan ere. 

Ezagutza sortzeko elkargunea sortu du Arantzazulab-ek, ikerketan lehiatu baino, eragile ezberdinen indarrak batuz eta kolaborazio espazioa sortuz egingo dute lan unibertsitateek, Arantzazulab-ek proposatuko dizkien ikerketa esparruen inguruan. Hau nahiko berritzailea da bere horretan, alde batetik unibertsitateek ez dute Arantzazulab-era eramango dagoeneko bakoitza bere aldetik egiten ari dena, eta gainera proiektu zehatz baten bueltan baino marko zabalagoan egingo da elkarlana.  Oinarrizko ikerketa eta Ikerketa aplikatua egingo dira bertan. Ikerketa berritzaile eta ausartak bultzatzea da helburua,  komunean ditugun gizarte erronka global eta konplexuen inguruan hausnartzeko. Gizarte erronken inguruko kezka eta ikuspegi partekatutik abiatuta, unibertsitate eta ezagutza esparruko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzen da Arantzazulab-en, hori da bilatzen dena. Eta  Unibertsitateek ekarpen hori egiteko prestutasuna adierazi dute. Ikerketarekin batera, sortutako ezagutzaren dibulgazioa eta formakuntza egingo dira. 

Gainera, ikerketa egiteko modu honek nazioarteko ikerketekin eta ezagutzarekin konektatzeko ere balioko du, esperientzia aurreratuetatik ikasteko eta  lankidetzak abian jartzeko munduko unibertsitate aurreratuenekin alegia. Baita herri bezala nazioartean kokatzeko ere, erreferente bihurtzeko aitzindariak garen arloetan. Hori da Arantzazulab-en beste helburuetako bat.

.

Diziplinarteko parte-hartzaileak

Esparru ezberdinetatik datozen eta askotariko begirada ekarri duten diziplina anitzeko Unibertsitateko ikertzaileek parte-hartu dute gaurko lan saioan, hala nola, soziologia, ekonomia, zuzenbidea, komunikazioa, ingeniaritza, filosofia, hezkuntza edo psikologia bezalako eremuetan adituak diren ikerlariak elkartu dira. Izan ere, egungo gizarte erronkek esparru ezberdinetatik datozen ezagutzak konbinatzea eskatzen dute. Aipagarria baita belaunaldi ezberdinetako ikertzaileak batu direla, begirada eta esperientzia maila askotarikoak uztartuz, eta euskara hutsean egin dute lan saio osoa Arantzazulab-eko ordezkariek gidatuta.

.

Lan saioaren agenda

Lan saioa Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren aurkezpenarekin hasi da. “Egungo testuinguruak eta erronken tamainak antolatzeko eta lan egiteko modu berriak eskatzen ditu; gizarte erronka konplexuei ondo erantzungo dieten ikuspegiak eta antolaerak behar dira. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarrituriko hausnarketa eta ikerketa da guk proposatzen duguna, erantzun kolektiboa da bilatzen duguna. Arantzazulab ez da ohiko ikerketa zentro bat.  Beraz, ikerketa egiteko beste modu bati buruz ari gara, kontzeptu nahiko berritzailea eta eraldatzailea da bere horretan. Herri bezala ditugun gizarte erronken inguruan sakontzeko behar dugun ezagutza geureganatzeko eta gizartera zabaltzeko elkargunea sortu dugu”, adierazi du Goiak.

Goizean ponentzien txanda izan da,  hiru unibertsitateetako 12 ikertzaileren aurkezpenak entzun eta horien inguruan ekarpenak egiteko aukera izan dute parte-hartzaileek. Mundu mailako ikerketa joeren inguruan aritu dira, eta horien inguruan gure herrian sortzen ari diren galdera nagusiak ekarri dituzte unibertsitate ezberdinetako ikertzaileek. Arratsaldean talde dinamika burutu dute, eta Arantzazulab-ek unibertsitateei proposatu dizkien lau ikerketa esparru nagusiren inguruan hausnartu eta eztabaidatu dute guztiek: Demokrazia, Ongizatea, Elkarbizitza eta Lana. Arantzazulab-ek herrigintza eta gizarte berrikuntza laborategi bezala gai emergente hauen inguruko ikerketan izan dezakeen erreferentzialtasuna edo balio erantsiaz aritu dira, baita herritarrei itzuli diezaioken balioaz ere. 

Datozen urteetarako ikerketa plangintza zehatza marraztea eta abian jartzea izango da  hurrengo urratsa, eta Arantzazulab-ek gidatuta egingo dute hori hiru unibertsitateek elkarlanean. Egiteko modu berriak martxan dira Arantzazulab-en: herri laborategian jakintza sortzen jarraituko du hiru unibertsitateetako ikertzaileez osatutako talde batek; eta hori berritzailea ez ezik, pozgarria ere bada bizi ditugun garaiotan.

.

Arantzazu, gune eraldatzailea eta berritzailea 

Arantzazu beti izan da gune eraldatzailea eta berritzailea. Beti topagune, sormenerako gune.  Lan egiteko moduan ere eredu izan da Arantzazu. Arantzazuk askotariko jendea erakarri du betidanik; sentsibilitate eta aukera desberdinak dituzten pertsonen elkargunea izan da. Eta horri segida eman nahi zaio ikerketarako kolaborazio espazio honen sorrerarekin.

Herri bezala ditugun etorkizuneko erronka nagusien inguruko ikerketa modu berritzailean egitea da Arantzazulab-ek hiru unibertsitateei proposatzen diena: gizarte erronkek dakartzaten faktore eraldatzaileen identifikazioa, eta gure herrira ekarriko duten eraginaren ikerketa eta soluzioen bilaketa elkarrekin egitea. Gainera, Arantzazulab-en egingo den ikerketa gizarte berrikuntza laborategiaren azken helburuarekin lotu nahi da: herritarrak agenda publikora eramatearekin, hain zuzen ere.  “Eta horretarako ezinbestekoa izango da, Arantzulab-en sortzen dugun ezagutza hori komunitateari itzultzea. Ezagutza garatu eta partekatzeko ko-sorkuntza guneak dinamizatuko ditugu; formakuntza programak,  heziketa guneak, hitzaldiak, ikastaroak edota jardunaldiak antolatuko ditugu”, adierazi du Naiara Goia laborategiko zuzendari nagusiak.

Berrikuntza laborategi bat den heinean, gizarte erronken inguruko hausnarketa, esperimentazioa eta dibulgazioa modu berritzailean egiteko sortu zen laborategia, eta hori da bere balioetako bat. Eta bere izaerarekin bat dator baita egiteko modu berriekin esperimentatzea, edukiei eta formei dagokienean ere. Eta hori garbi ikusi da gaurko mintegian.

.

Mugarria den topaketa Arantzazulab-en Mugarria den topaketa Arantzazulab-en 

Gizarte Berrikuntza Laborategia

Zer duzu buruan “UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta MONDRAGON Unibertsitatearen mugarria den topaketa Arantzazulab-en ”-ri buruz