Lohizune Amatria: “Twitterren, estilo pertsonala izatea da garrantzitsuena”

Lohizune Amatria: “Twitterren, estilo pertsonala izatea da garrantzitsuena”

Aurten amaitu dituzte lehen aldiz -unibertsitate publikoetan bederen- Bolonia planera moldatutako graduak, eta horretarako, Gradu Amaierako Lana deritzona egin behar izan dute ikasleek. Hekimenen bitartez, Zuzeun lan horietako baten abiapuntua proposatzeko aukera izan genuen: twitterren komunitatea eratzeko gakoen bilaketa. Lohizune Amatria iruindarrak heldu dio gure proposamenari Ikus-entzunezko Komunikazio Graduari amaiera emateko, eta bere lan onak irakasleak ez ezik, gu geu ere harritu gaitu. “Twitter eta agerkari digitalak: Zuzeu, Jot Down eta Eldiario.es adibide” jarri dio izena.

Lanaren nondik norakoen berri izan nahian bildu gara Lohizune Amatriarekin, eta bilera probestuz, elkarrizketa laburra egin eta hona ekarri dugu. Izan ere, ikus-entzunezko proiektu bat ekoizteko aukera ematen duen Eiken Talent lehiaketa irabazi du berriki, haurrentzako albistegia sortzea xede duen Berrikarin proiektuarekin.

Lohizune Amatria

Ikasleen gehiengoak ez bezala, zuk enkarguzko Gradu Amaierako Lana egin duzu, egiazko behar batetik abiatutako azterketa. Zer eman dizu horrek?

Lana Hekimenen bitartez egiterik zegoela jakin nuenean, aukera hori baliatu behar nuela pentsatu nuen. Askoz interesgarriagoa iruditzen zitzaidan baliagarria izango zen zerbait egitea karpeta batean gordeta geratuko zen txostena baino. Gainera niri pertsonalki twitter oso interesgarria egiten zait, eta gustatzen zait bertan aritzeko modu ezberdinak probatzea. Horregatik Zuzeuren kasua aztertu ahal izatea ere interesgarria izan da, twitter ongi erabiltzeko gako batzuk identifikatzeko aukera eman didalako.

Hedabideontzat zein neurritan da garrantzitsua twitter modu eraginkorrean erabiltzea?

Nire ustez oso garrantzitsua da, bide edo hari bera jarraitzea batez ere, oso gauza ezberdinak eta tonu ezberdinean txiokatzen badituzu jendea galdu egiten baita. Azken finean, komunitatea sendotu eta jarraitzaile edo irakurle gehiago izan nahi dituzten hedabideentzat hori lortzeko tresna da twitter, zer esanik ez agerkari digitalez ari bagara. Ehun urteko historia duen egunkariak baditu irakurleak eta komunitatea bestela ere. Dena den, halako kasuetan ere, twitter beste publiko batengana heltzeko edo komunitatea indartzeko aukera ona da.

Zuzeura etorrita, zer egiten dugu gaizki twitterren?

Nire ustetan, estetika zuzendu beharko zenukete. Twitterreko atzeko fondoa ez da aproposena, eta kolore aldetik ere Zuzeuko urdin bera erabiliko nuke esteketan. Txikikeriak direla dirudi, baina lehenengo begiratuan erakargarria ez bazara zailagoa izango da inork zure edukiak irakurtzea.

Eta egiten dugu ondo ezer?

Zuzeuk badu komunitate bat, blogariak eta abar, eta twitterren ere jarraitzaile mordoa ditu. Edukien irismena ere aztertu dut eta asko zabaltzen dira. Horrek guztiak esan nahi du zabalkunde horretan asmatzen ari zaretela.

Baten batek esango du twitterren erabilera baino, edukien kalitatea dela garrantzizkoena.

Argi dago zabaltzen diren edukiak interesgarriak izatea ezinbestekoa dela, baina hori abiapuntu hartuta, zabalkundean ere asmatu beharra dago.

Eta twitter modu aproposean erabiltzeko gomendio bakarra eman beharko bazenu, zer aipatuko zenukee?

Estilo eta nortasun pertsonala definitu behar dela. Gero horren arabera erabakiko da diseinua, nola zabalduko diren edukiak, norberaren edukiez gain zein eduki mota zabalduko diren…

Twitterretik urrundu eta Berrikarin proiektuari buruz galdetu nahi genizuke orain. Haurrei begira egindako saioa da zuk proposatu duzuna; zu oraindik horren gazte izanda, bitxia iruditu zaigu.

Egia esan, lehenengo parte hartu nahi nuela erabaki nuen, eta gero hautatu nuen proiektua. Garai horretan Lolo Rico La Bola de Cristal saio ezagunaren zuzendari izandakoaren liburua irakurtzen ari nintzen, eta haurrentzako programazioaren inguruko gogoetak biltzen ditu bertan. Liburuan irakurritakoak eragina izan zuen ideian. Umeek ez dituzte albistegiak ikusten aspergarriak iruditzen zaizkielako, baina marrazki bizidunekin egiten badugu, ez zaizkie horren aspergarriak irudituko, eta aukera ona izan daiteke eurengan izaera kritikoa pizteko.

Izaera kritikoa diozu, baina umeak ume diren aldetik,  ez al da eginkizun arantzatsua  gaiak, albisteak eta jarrerak hautatzeko irizpideak definitzea?

Hala nahi nuke nik, baina beharko dugu umeen komunikazioan aditua den norbait lan hori gidatzeko. Oraindik ez gara horretan hasi eta zehaztu beharrekoak zehaztuko ditugu orduan. Baina egia da egingo dugunak haurrengan nolabaiteko eragina izango duenez asko zaindu beharko dugun kontua izango dela.

Saioa sortzean EiTBn emango dute?

EiTBk lehenengo saioa emango du, eta gero, gustatzen bazaie, erosteko aukera izango dute. Nire ustez, audientziaren menpe egongo da agian, baina batik bat euren interesaren menpe. Dena den, iruditzen zait garrantzitsua dela haurrentzako saio propioak izatea. Garai baten baziren, SuperBatekin lehenengo, gero Betizurekin… Baina gaur egun EiTB3n ematen dira soilik umeentzako edukiak, eta atzerrian sortuak dira denak.

Zurearen aurretik lehiaketa irabazi zuen proiektua “Cuadrila busca cita” delakoa izan zen. EiTBk erosi arren kendu egin behar izan du, kritika gogorrak jaso ostean.

Horrela da, bai. Alde batetik pena ematen dit proiektua aurkeztu zuenarengatik, baina beste alde batetik kritikak ulertzen ditut. Nire proiektua oso bestelakoa da eta ez dut uste horrek eraginik izango duenik.

Lohizune Amatria: “Twitterren, estilo pertsonala izatea da garrantzitsuena”
eiken talent. eitb, lohizune amatria, Twitter
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude