Laino guztien gainetik, Euskaltube bizirik!

Sortu zenean sekulako zalaparta eragin zuen, baita geure mugetatik kanpo ere. Gutxinaka euskarazko internetgintzako erreferente bilakatu da eta hiru urte hauetan 100 Gb ostatatu ditu. Alegia, nagusiki euskaraz dauden 100 Gb bideo egon dira Euskaltube.com gunean ikusgai.

Bideoak ez ezik, audioak sareratzeko aukerak ere arrakasta handia izan du, eta hainbat izan dira bertan bere edukiak partekatu dituzten irratsaio eta norbanakoak. Baina ahaleginak ahalegin, euskaltube ez da hiru urte betetzera iritsi. Hainbat dira arrazoiak:

  1. Ostalaritza zerbitzua asko garestitu da, batez ere metatutako fitxategi kopuruarengatik.
  2. Orain arte lan bolondresaren bitartez kudeatu eta ordaindu da webgunearen mantentzea, baina sistema hori ez da bideragarria.
  3. Interneteko aldaketak abiadura bizian gertatzen dira, eta ezinezkoa egin zaigu abiadura horren pareko garapen teknikoa mantentzea.
  4. Publizitate bitartezko finantzaketa saiakerak ez du nahi bezala funtzionatu.

Horregatik guztiagatik, eta euskal internetgintzako beste eragile batzuen iritzia bildu ostean, uste izan dugu badela garaia lan bolodresetik abiatutako Euskaltube.com egitasmoari beste dimentsio bat ematea.

Webgunearen funtzionamendu egokia, sistemaren eta edukien mantentzea eta, azken finean, egitasmoaren etorkizuna bermatzeko, finantzaketa sistema egonkor bat behar du Euskaltube.com-ek.

Bide horretan, finantzaketa bilatzeko babesletza kanpaina abiatu dugu, enpresa, entitate eta erakundeen artean, baita norbanakoen artean ere. Dagoeneko bilera batzuk egin ditugu, eta datozen asteotan hitzordu gehiago zehaztuko ditugu babesletzaren bideragarritasuna aztertzeko.

Informazio guztia kanpaina horretarako sortutako webgunean dago eskuragarri. Gurekin kontaktuan jarri nahi baduzu, info[abildua]euskaltube.com helbidera idatz dezakezu edo harremanetarako orria erabili.

Euskaltube bizirik!

Irudia | Euskaltube bizirik! | euskaltube | Creative Commons By SA
euskaltube bizirik kanpaina bideoak internet euskara finantzaketa babesletza babesleak laguntzaileak

4 pentsamendu “Laino guztien gainetik, Euskaltube bizirik!”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude