La2 katearen iraultza isila

Ohiturazkoa bilakatu da aspaldiko denboretan lagun arteko tertulietan etxean telebistarik ez dugula esatea, horietan dena zaborra dela edota ezer interesgarririk ez dagoela bezalako argudio orokor faltsuak botata. Orokor eta faltsuak diot, ez baita egia, begiratuz gero aurkitzen baita zer edo zer interesgarria han eta hemen.

Adierazgarria da, aipatu bezala, La2ren kasua. Lehen katean lekurik ez zuten edukiak jasotzetik, benetako kultur kate bilakatu da azken urtean. Mon Oncle blogean esaten den bezala, kultur saio oso interesgarriak daude interes sozialeko dokumentalekin batera. Literatura, musika, zinemak lekua dute, baina baita gastronomiak edota bidaiek ere.

Saioak

Literaturari dagokionez, parrillan urte batzuk daramatzan Pagina 2 saioaz gainera, Nostromo izeneko bat abiarazi da orain gutxi. Musikari dagokionean, Radio 3eko kontzertuez gainera, Mapa sonoro izeneko berria dago eta, Nube de Tags saioan ere musikariek presentzia izaten dute. Arteari dagokionez, Metropolis saio historikoa ere oraindik hor dago. Pelikulei dagokionez, hauen maila oso altua da, gaur, adibidez, Billy Wilderren “El apartamento” emango dute.

ETB3

La2ren esperientzia ikusita, ezin da ETB3 bihurtu denarekin dezepzionatuagoa egon. Kulturak pisu handia izan behar zuen katea, eguneko ordurik gehienetan marrazki bizidunekin elikatzen den jendearentzako katea bilakatu da. 22:00etan hasten da “helduentzako” programazioa, eta hor kalitatezko edukiak badiren arren, (kontzertuak, Sautrela, Zinemateka, Nickdutnick…) presentzia gutxiegi dute katearen programazioan.

Egia ote da telebistan ezer ez dagoela ikusteko? La2ren esperientziak beste telebista bat posible dela erakusten du.

TVE, by juanpol, Flickr

Irudia | La 2 katearen iraultza isila | RTVE | LGPL
programazioa, TDT, telebista

4 pentsamendu “La2 katearen iraultza isila”-ri buruz

  • […] This post was mentioned on Twitter by zuzeu. zuzeu said: La2ren iraultza isila: https://zuzeu.eus/?p=20741 […]

  • Orain dela gutxi Ruper Ordorika atera zen “Mapa Sonoro”-n. Euskaraz aritu zen, Oñatin barrena osteratxo bat egin bitartean. Bestalde, batzuetan sentipena daukat telebistek erositako hainbat film eta saio armairu batean gordeta geratzen direla, eta horiexek direla orain “azalera” agertu direnak. Egunotan “Apocalypse” dokumental sorta frantziarra bota dute, II. Munduko Gerrari buruzkoa. Berez ez da gauza berririk kontatzen, baina ikustea merezi du irudiengatik: denak garaikoak, eta asko eta asko inedituak. Gainera, LTDrekin jatorrizko hizkuntza jartzea dagoenez, plazer handia zen dokumental horiek ikustea Mathieu Kassowitz-en ahotsean. Halako gauzek pentsarazten dute telebista gehienetan zer den eta zer izan litekeen.

  • A. Osinalde 2011-01-19 20:45

    Larunbat arratsetan ere, ETBri erositako “Sukalde Maisuak” dokumentalak oso ondo ari dira funtzionatzen, %7ko audientzia baino handiagoarekin.

  • ETB3-ko marrazki bizidunak aipatu dituzu, eta esan behar da maila horretan ere oso exkax dabiltzala. Aspaldi-aspaldiko Yogi hartza eta Hariketarrak ezin dira leihatu beste kateetako marrazki bizidunekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude