Kurtso berri honetako erronka; ezetz izan ziberbizikidetzaren eredurik onena!

Kurtso berri honetako erronka; ezetz izan ziberbizikidetzaren eredurik onena! –

Eriz Lopeteguik sarean.eus atarian

Hainbeste merezitako udako oporrak bukatzear daude eta, bere amaierarekin batera errutinaren zama heltzear da. Beste behin heldu dira ordutegiak, eskoletara buelta, eskolaz kanpoko ekintzak… baita denboraldi guzti honetan zehar ikusi ezin izan ditugun lagunekin harremana berreskuratzeko denbora ere.

Kurtso berri honetako erronka; ezetz izan ziberbizikidetzaren eredurik onena!Ikasturte berria abentura zein erronkaz josita datorrela dirudi; lagun berriak, irakasle berriak, eskolako ordenagailua… denetarik berreskuratzeko garaia heldu da eta zergatik ez gara bihurtzen ziberbizikidetzaren adibiderik onenean?

Sare sozialak zein teknologia berriak gure lagunekin harremanetan jartzeko, nahi duguna erakusteko edota zertxobait ikasteko oso erabilgarriak izan daitezke, baina, era berean, gure kontrara bilakatu daitezke bai guri, bai gure inguruari min handia eginez. Horrenbestez, ezinbestekoa da norberak, bere buruarekiko zein bere inguruan dituenekiko errespetuzko jarrera hartzea eta eredu izatea.

Ikus ditzagun ager dakizkigukeen egoera batzuk eta nola jardun dezakegun haien aurka:

  1. Dagoeneko amesten zenuen plataforma digital horretan profila sortzeko behar zenuen adina bete duzu eta prest zaude mundu berri batean murgiltzeko. Hasi baino lehen, arretaz irakurri plataforma bakoitzaren erabilera arauak.
  2. Eskolako lehen eguna da eta klaseko argazki bat atera duzue jolastokian. Ikaskideekin duzun Whatsapp taldean elkarbanatzeko prest zaude, baina, adi, gogoan izan bertan azaltzen diren guztiei baimena eskatu behar diezula. Gainera, garrantzitsua da erne ibiltzea azaltzen direnak irainduta edo kaltetuta sentitu ez daitezen.
  3. Irakasle berria tokatu zaizue eta oraindik ezagutzen ez duzuen arren, zure iritzia eman nahi duzu Twitteren daukazun profil anonimoarekin. Hitzak eta kritikak ondo neurtzea oso garrantzitsua da. Beste pertsona batzuk iraintzeak eskubideak urra ditzake eta legearen aurkakoa izan daiteke.
  4. Lagun berriak egin dituzu eta lagun iradokizun berriak suertatu zaizkizu Instagramen. Argi utzi zure pribatutasuna eta intimitatea, zureak direla eta ez beste inorenak. Jakinarazi iezaiezu nola nahi duzun horiek erabiltzea.
  5. Zure klase-kide batek jakinarazi dizu letra larriz TikTok-en idatzi diozun iruzkina mingarria egin zaiola. Horrelako gaizki-ulertuak ohikoak izan daitezke, hortaz, berebizikoa da eskura dituzun baliabide guztiak erabiltzea elkarren arteko elkarrizketetan zein iruzkinetan.
  6. Mezu elektroniko berri bat sortu dizuete klasean eta pasahitza konplexua jartzea gomendatu dizuete. Ez ezazu gainerakoen pasahitza berbera ipini. Saiatu zibergaizkileei gauzak zail jartzen eta asmatu gogoratuko duzun baina konplexua izango den pasahitza bat esleitzen.
  7. Jolas berri bat atera da klase-kide guztien artean jolastu ahal izateko, baina ez da doakoa eta fidagarria ez den webgune batetik ofiziala ez den bertsioa instalatzea erabaki duzue. Oso arriskutsua izan daiteke. Erne ibili, jolasak denda ofizialetan erosi eta soilik baimendutako plataformetatik deskargatu.
  8. Zure mugikorrak zein ordenagailuak mugimendu arraroak egiten dituela hauteman duzu. Kontuz, zibereraso bat izan daiteke! Gertatu ez dakizun, mantendu zure gailuak eguneratuta eta instalatu iezaiezu anitibirusak.
  9. Eskolako txatetik zure kide batekin sartzen ari direla identifikatu duzu. Izan zaitez eredu eta saiatu zaitez gainerakoak lasaitzen eta tratu bidegabea jasaten ari dena laguntzen, betiere errespetu osoz.
  10. Amaitzeko, salaketa aukerak erabili, soilik zergatia justifikatuta dagoenean.

Horrelako gomendio gehiago jaso nahi izanez gero, adi egon BCSC-ren sare sozialetara (Linkedin eta Twitter), zein webgunera. Datozen hilabeteetan zibersegurtasuna ardatz duten hainbat proiektu berrirekin harrituko zaituztegu. Bien bitartean, gogoratu, ziberbizikidetzaren eredurik onenak gu geu izan gaitezkeela.

Kurtso berri honetako erronka; ezetz izan ziberbizikidetzaren eredurik onena!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude