Komunikazioaren egutegia zehaztu oinarrizkoa ahantzi gabe

Hemen maiz aipatu dudan bezala, erakunde edo enpresa batek komunikazio ona eraman ahal izateko, beharrezkoa da hura planifikatzea, bere ingurumena eta helburuen arabera, estrategia egituratzea. Hori aurrera eramateko era txukun batean eta bat-batekotasunari ahal bezain tarte gutxiago uzteko, berriz, ezinbestekoa da egutegi bat finkatzea. Dokumentu horretan zehaztuko dira horretarako hautatu ditugun akzioen datak edo epeak, eta zeintzuk izanen diren akzio horien arduradunak.

Ematen du lan horrek ez duela halako garrantzirik, baina besteak bezain garrantzitsua da, ongi egiten bada, ez duelako komunikazio planaren arrakastan eraginik izanen, baina gaizki egiten bada, edo ez bada egiten, plana pikutara eramaten ahal duelako besterik gabe. Batetik, egutegiak hanka sartze nabarmenak saihesten lagunduko du, eta bestetik lan taldearen indarra aurrezten ere. Lana bikoizteak edo egindako lana ezertarako ez duela balio ohartzeak erretzen du luzera. Komunikazio kanpaina bat eramateko koordinazioa ezinbestekoa da, bestela izanda kontrako efektua ematen ahal duelako, alegia, norabiderik gabe ari den erakunde edo enpresa baten irudia.

Komunikatzeko hautatu diren akzioak ezberdinak dira, autonomoak, baina uztartu egin behar dira. Batek besteari lagundu behar dio. Osotasun bat egin behar dute, eta hori kontutan hartu behar da denboraren araberako planifikazio horretan.

Gauza ageriak dira. Eta hain dira ageriak non eta dudak izan ditudala post hau idazterakoan, baina azkenean idaztea erabaki dut, komunikazioan daramadan denbora apur horretan kasu nabarmenak ikusi ditudalako: Adibidez, produktu bat iragartzen hastea prentsan, telebistan eta irratietan produktu hori prest izan gabe, edo beste kasu batean, produktua merkatuan jartzea abenduan, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan dagoen zubi luzea eta gabonen bezperan alegia, produktu horrek hauekin zerikusirik ez zeukanean. Jendearen arreta lortzea aunitzez zailagoa da orduan.

Hori erranda, argi eduki behar da beti izanen direla ezustekoak, arazoak eta berantak. Komunikazio arloan ari den batek horiek kudeatzen jakin behar du ere. Bat-bateko arazo bati aurre egiteko gaitasun hori aipatzean, baten batek kontatutakoa etortzen zait gogora. Ospe handiko abeslari baten kontzertua Euskal Herrian. Ustez, dena kontrolpean. Hamarnaka telebista irudi pare bat hartzeko gaueko albistegietan jartzeko. Bat-batean abeslariaren ordezkariak erraten dio ez daukatela irudirik hartzeko baimenik. Zer egiten du? Ertzaintzaren buruarengana jotzen du, eta erraten dio, sekulan taldearen bizkartzainak trabak jartzen hasten badira, berak eta beste antolatzaileek aurre eginen diela, eta behar izanez gero, borrokatuko direla Ertzaintza hauen banatzera etorri arte. Horrekin zer egin nahi zuen ? bost bat minutu irabazi telebistek haien irudiak izan ditzaten, batetik, eta bestetik, bere burua zuritu, sekulan borroka baten erdian gelditzen bazen. Azkenean ez zen beharrezkoa izan, baina adibide horrek erakusten du, nire ustez, komunikazio arduradun batek ezustekoen aurrean izan behar duen azkartasuna.

Gurera itzuliz berriro, ez dago dudarik horrelakoak saihesteko hala ere, akzio eta eginbehar guztiak zehaztuta edukitzeak, eta aurretik gai hori jorratu izanak, bat-batekotasuna murriztuko duela. Ariketa moduan bada ere, balizko arrisku batzuk aurreikusten lagunduko du gainera.

GAUZA AGERIA