Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia ONLINE egingo da

Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia online egingo da –

Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia online egingo da

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsiak ondutako Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia Bilbon dagoen Euskararen Etxean egingo da, azaroaren 28an, 9:45etik 14:00etara. Ekitaldia baina, streaming bidez baino ezin izango da ikusi, egun bizi dugun osasun egoera tarteko. Azkue Fundazioaren Youtube kanalaren bidez egingo da streaminga. Horretaz gainera, seinalea Game Erauntsiko Twitch kanalera bideratuko da. Gaur aurkeztu da jardunaldia Euskararen Etxean.

Jokoteknia jardunaldiarekin batera, Game Erauntsiak antolatzen duen 3000 Twitz kanpaina abiatuko da. Hurrengo astean aurkeztuko den 3000 Twitz kanpainaren bitartez Interneten euskaraz jarduten duten sortzaileei ikusgaitasuna ema nahi zaie. Aldi berean, Twitch plataforman euskara ofiziala bihurtzeko eskaera babestuko da.

Jardunaldiaren edukiaren harira, lau hitzaldi izango dira, eta ondoko gaiak landuko dira: animazioa bideo-jokoetan, bideo-jokoen lokalizazioa, katalana eta bideo-jokoak eta eJokoak familian. “Game Erauntsia eta Azkueren arteko lankidetzaren xede nagusia komunitatea sortzea da, eta ondorioz, orain arte elkarlanean antolatutako ekitaldietan askotariko gaiak jorratu ditugu eta hainbat profiletako pertsonak bildu ditugu, tartean, profesionalak, zaleak eta ikasleak”, esan du Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

Hizlariei dagokienez,  Julen Urrutiak, Senior 3D Character Artist-a Axis Studios konpainian, Animazioa bideo-jokoetan izenburuko hitzaldia emango du; Lingua Vox itzulpen-agentziako Itziar Zorrakinek Bideo-jokoen lokalizazioa aztertuz izango du hizpide; Pantallas Amigas erakundeko Igor Garmide hezkidetzaileak eJokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak gaia jorratuko du; eta, azkenik, Bartzelonako Universitat Autònomako Traducció i d’Interpretació fakultateko irakasle Laura Santamariak Katalana eta bideo-jokoak. Itzulpen ekoizpen eta praktika izeneko berbaldia eskainiko du.

Halaber, Digipen eta Harrobia hezkuntza-zentroetako ikasleek mahai-inguru batean parte hartuko dute, jardunaldia amaitzeko.

Bideo-jokoei buruzko euskarazko lehenengo argitalpena

Berritasun gisa, aurreko bi edizioetako eta aurtengo edukien garrantzia azpimarratzeko bideo-jokoei buruzko euskarazko lehenengo argitalpena egingo da. Liburuxkak Jokoteknia 2018, 2019 eta 2020ko hamalau hitzaldietan oinarritutako artikuluak bilduko ditu.

Hiru urte horietan hainbat profesionalen ekarpenak jaso dira Jokoteknian, eta ondorioz, liburuxkak askotariko gaiak landuko ditu, besteak beste, euskal bideo-jokoen historia, ekoizpena, diseinua, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa.

Game Erauntsiko kide Maitane Junguitu Komunikazio Doktorea izango da editorea. «Jadanik hiru artikulu amaituta daude eta gainontzekoak lantzen lanean ari gara autoreekin. Gure asmoa liburuxka PDF formatuan gure webgunean argitaratzea da 2020 urtea amaitu baino lehen. Hau Creative Commons lizentziapean zabaldu nahi dugu, edonork eskura izan dezan. Horretaz gain, euskal kulturaren hainbat eragileri proposatu diogu paperezko bertsio bat argitaratzea. Hau lantzen ari garen aukera bat da, baina paperean argitaratzea ez da gure lehentasuna”, azaldu du Junguituk.

Informazio gehiago: Prentsa dosierra.

Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia online egingo da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude