Jakintza Librearen II.Jardunaldiak: Sarea Pil-Pilean

Bi orduko iraupena izango duten ikastaro hauek Bizkaiko Euskaltegi desberdinetako ikasleei zuzenduta daude. Horrela, sarean euskaraz eskuragarri dauden baliabideak aztertu eta erabiltzen irakatsiko da. Besteak beste, bilaketak nola egin, sarean dagoen euskarazko softwarea aztertu eta posta elektronikoa eta gizarte-sareak euskaraz nola erabiltzen diren irakatsiko da. Ikastaroak Azkue fundazioak kudeatzen duen Euskararen Etxeko Mediategian emango dira Martxoaren 21, 22 eta 23an.

“Sarea Pil-Pilean” Jardunaldiei amaiera emateko, Martxoaren 24ko arratsaldeko 18:00-21:00 bitartean,  hiru ekintza desberdin antolatu dira Bilboko Deustuko Unibertsitateko CRAI liburutegian: “Zizka-Mizkak”, “Kontaiguzu zure errezeta” eta “2.0 Pintxoak”. 

“Zizka-Mizkak”-en,  Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdinen funtsak azalduko dituzte 20 irudi erabiliz eta irudi bakoitzeko 20 segundo izanez. Besteak beste, Berriketan.info, Kaixomaitia.com, Ideateca, Euskaljakintza.com edota Gaztezulo-ko ordezkariek hartuko dute parte.

“Kontaiguzu zure errezeta” ekintzan, World Kafea formatuari jarraituz, ordubeteko dinamika parte-hartzailea jorratuko da , hausnarketa, eztabaida eta ideien ekarpena ahalbidetzeko honako gai honen inguruan:  Zein da euskararen etorkizuna sarean?

Hausnarketa egiteko eta ondorio baliagarriak ateratzeko, hiru galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira parte-hartzaileek:

  • Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?
  • Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera normalizatzeko?
  • Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Azkenik, eta Jakintza Librearen Jardunaldien II.edizioari bukaera emateko, pintxo batzuk dastatzeko eta iritziak elkartrukatzeko aukera ere izango da “2.0 Pintxoak” ekintzan.

Sarea Pil-PileanPortada

Artxiboa | Sarea Pil-Pilean | Azkue Fundazioa | Creative Commons By SA
Irudia | Portada | Azkue Fundazioa | Creative Commons By SA