Interneteko askatasuna mugatzeko dekretua

Interneteko askatasuna mugatzeko dekretua –

Interneten alarma piztu du Espainiako Gobernuak Telekomunikazioak kontrolatzeko argitaratu berri duen lege dekretuak. Honen bidez, salbuespen egoeran komunikazio digitalak mugatu eta kontrolatu ahalko ditu gobernuak, epaileen baimen beharrik gabe, Kataluniako egoera aitzakitzat hartuta.

Onartu berri duten arau honen helburua, Pedro Sanchez presidentearen beraren arabera, Kataluniako Errepublika Digitala saihestea da. “Ez da egongo ez offline ez online independentziarik”, iragarri zuen dekretua onartu baino ordu batzuk lehenago. Arau horrek, ordea, Kataluniaz gain administrazio publiko guztiei eragiten die, baita publiko ez diren komunikazio elektronikoen eremuan ere.

Dekretua sarrera luze bat eta bost kapitulutan banatuta dago. Sarreraren helburua ondorengo kapitulutan zehazten diren esku-hartzeak justifikatzea da, behin eta berriz auzitegi konstituzionalari eta Kataluniako egoerari erreferentzia eginez. Ondoren, kapitulu bakoitzean hainbat puntu lantzen dira: Lehenengoan identifikazio sistemen kontrola ezartzen da, salbuespen-egoeratan NAN agiria bakarrik onartuko dela zehaztuz. Bigarren eta hirugarren kapituluak datuen kontrolera daude zuzenduta, administrazio publikoen datuak eta hauentzat lan egiten duten enpresen zerbitzariak Europan eta kasu zehatz batzuetan Espainiako lurraldean izatera behartuz eta Blockchain teknologian oinarritutako sistemak debekatuz. Laugarren kapituluan “Sareko edozein mailatan” komunikazio digitalen kontrola hartzeko aukera zehazten da. Azkenik, bosgarren kapituluan segurtasunaren kontrola Centro Criptográfico Nacional (CCN) delakoaren esku uzten da kasu berezietarako, gainerako administrazioek dituzten zentroen gainetik.

Puntu hauetako bakoitzak Katalunian azken hilabeteetan hartutako erabaki zehatzei erantzuten die, baina lehen esan bezala Estatuko gainerako lurraldeetan ere izan dezake eragina gobernuak hala erabakiz gero. Dekretua bere osotasunean aztertzeak luze joko luke, horregatik laugarren kapituluan zentratuko naiz, domeinuei zuzenean eragiten dielako.

.

Sarearen itxiera edozein mailatan

Dekretuaren laugarren kapituluan “Sareko edozein mailatan” komunikazio digitalen kontrola hartzeko aukera adierazten da. Komunikabideek webguneen itxierarekin lotu dute puntu hau, baina kapitulu hau askoz harago doa. Internetek oinarrian duen DNS sistemak duen hierarkiari erreparatuta, hau mailatan antolatzen dela ikus daiteke: webguneak bigarren mailan kokatzen dira, eta domeinuak lehen mailan. Hau da, www.sarean.eus domeinu-izena hartzen badugu, honela banatzen da teknikoki: “eus” lehen maila da, “sarean” bigarren maila eta “www” azpidomeinua edo hirugarren maila.

Interneteko askatasuna mugatzeko dekretua

Ondorioz, dekretuak sareko edozein mailatan komunikazioen kontrola hartzeari buruz hitz egiten duenean uler daiteke webguneak ixteaz harago, epaileen agindurik gabe domeinu osoaren kontrola hartzeko aukera gobernuaren esku uzten duela. Kataluniaren kasuan .CAT domeinuaren kontrola edo gure kasuan .EUS osoaren kontrola, hain zuzen ere.

Hau hala bada, honek dekretuaren larritasuna areagotzen du. ICANN da Interneten kontrolaz arduratzen den erakundea, eta .EUS bezala beste domeinu-erregistro guztiek harekin hitzartutako kontratuak zehazten du epaileek ezarritako domeinu-izenen itxiera-errekerimenduei erantzuteko beharra. Orain, dekretu honek gobernuaren esku uzten du erabaki hori epaileen beharrik gabe. Baina, ICANNek kontrol neurri zehatzak ezarriak ditu edozein kasutan domeinuen funtzionamendua bermatzeko, eta horretarako segurtasun prozedura zorrotzak jarraitzen dira TLD guztietan, baita .EUSen ere. Alegia, dekretuaren aplikazioak ez luke inongo kasutan suposatuko .EUS erabiltzen duten webguneek funtzionatzeari utziko lioketenik, jarraitasuna bermatzeko prozedura ICANNek finkatua duelako.

Edozein kasutan, dekretu hau hauteskunde garaiari begira sortutako mugimendua izan dela dirudi. Espero dezagun datozen hilabeteetan legebiltzar edo tribunalek gure askatasuna mugatzen duen dekretu hau bertan behera utziko dutela. Hala bedi, Interneteko askatasunaren mesedetan.

Interneteko askatasuna mugatzeko dekretua

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude