Internet Mapa, sarea ikusteko era ezberdina

Internet Mapa, sarea ikusteko era ezberdina

Internet Mapa, sarea ikusteko era ezberdina

Ruslav Enikeen du izena Internet Mapa osatu duen errusiar gazteak. Bi dimentsio, tamaina anitzeko borobilak eta dozena bat kolore nahikoa izan ditu bisualki sareko webguneen mapa irudikatzeko.

Webgune bakoitza borobil bat da. Zenbat eta trafiko gehiago izan webguneak orduan eta tamaina handiagoa izango du. Borobilak leku batean edo bestean kokatzerako orduan webguneen arteko loturak-estekak hartu ditu kontuan. Beraz, bi webguneren arteko harremana handia bada mapan hurbil irudikatu dituzte. Koloreek, ostera, webguneen jatorri geografikoa erakusten dute. Hurrenez hurren tamainan handienak hauek dira: Amerikako Estatu Batuak (urdin argia), Txina (horia), Errusia (gorria) eta India (berde argia). Bitxia da Brazil (horia) eta Japoniaren (morea) artean, eskuinean behean, kokatu den “irla pornografikoa”.

Beste modu batera esanda, borobilak karga elektrikoa diren gorputzak direla esan daitezke. Erakarpen indar horrek -estekek- erabakitzen du nor duen hurbil eta nor ez. Hurbilpena da mapa hau, Enikeen berak onartu duenez.

Guk akatsak barkatu beste erremediorik ez dugu: ZuZeu.com ezezagunak zaizkigun webguneen artxipelagoan dago, gure anai-arreba eta lehengusu-lehengusinetatik urrun samar.

Internet Mapari buruzko datu batzuk:

  • 2011 urteko amaieran osatu zuten Internet Mapa.
  • 196 estatuko webguneak daude.
  • 350.000 webgune hartu dituzte kontuan.
  • 2 milioi esteka jaso dituzte.

Euskal Herriko komunikabide indartsuenak horrela daude irudikatuta:


Internet Mapan murgildu eta ea gauza interesgarririk aurkitzen duzun zuk ere!

Internet Mapa, sarea ikusteko era ezberdina

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.