iDiot 5 kalean da. Erosiko duzu, ezta?

idiot“Iragarkiek auto eta jantzien atzetik gaituzte, gorroto ditugun lanetan gabiltza behar ez dugun kaka erosteko”. Fight Club filmeko Tyler Durden (Brad Pitt) pertsonaiaren aipu hau nabarmen ezaguna egin da kontsumismo geldiezinaren garaiotan. WhatsApp aplikazio ospetsuak esaldi hau erabiltzen du publizitaterik ez txertatzeko argudiotzat.

Sarreratxo hori iDiots film laburra erakusteko aitzakia da. Vimeo bideo plataformako boom handia da, duela aste bete igo zutenetik. Zaharkitzapen interesatu edo programatuaren kritika bat da. Benetako errobot japoniarrak erabili dituzte filma ekoizteko. Big Lazy Robot taldeak egin du bideoa publizitatearen menpekotasuna salatuz: Yes, our happiness is based on things we don’t need and governed by entities we don’t control, so what? Sit down and turn on the tv! 

Kontsumoaren ziklo infinitua erakusten du filmak, berdin egiten baita hasi eta bukatu. iPhone produktuaren parodia den iDiot telefonoa da istorioaren zentroa. Horri esker dira zoriontsu errobotak. Gaur egun gizakion zoriontasun erreakzio bitxiak eta moda absurduak azaleratzen ditu. Animazio efektuak eta soinuak luxuzkoak dira (Keloid izenekoa ere ikusgarria da).

BLRko lagunek Vimeon bideoaren azalpena mezuari garrantzia kentzen amaitu dute: Don’t take the message too seriously. This is a promo video we’ve done to laugh at ourselves. We all have an i-diot inside, and it’s so fun! Ez da harritzekoa mezua baretu nahi izatea. Haiek baitira adibidez Audi A4 autoaren iragarkia egin dutenak.

IDIOTS from BLR_VFX on Vimeo.