“Hori ez daki jende askok”. Ziur al zaude?

Familian jaioberri bat izan dugu. Ospitalean ama eta alaba bisitatzearekin bat,  ideia bururatu zait: “Zergatik ez duzue bere izenean Facebook irekitzen argazkiak igotzen joateko?”. Gurasoek sor dezakete kontua eta haurra nagusiagoa denean haren esku utzi argazki bilduma. Horrela, familiak eta lagunek aukera izango dute haurraren lehen irudiak ikusteko, biberoitik edaten, jolasean, igerilekuan txipili-txapala… Xarmangarria, ezta? Beno: ideia bat izan da, besterik ez.

Zuhurtasunak isilarazi egin nau eta ideia zibernetikoa ahoz goran esatea baztertu dut. Imaginatzen duzu bizitza oso bat Facebooken arakatzeko aukera? Badakigu: bakoitzak nahi beste publikatzen duela FBn, erakutsi nahi denaren eta ez denaren arteko muga marrazteko gai garela gehienok. Baina, irizpide hori izango ote du Facebooken jaio den haurrak? Pribatutasunak baliorik ba ote du gaur egun? Bizitzako argazki-bilduma oparoa FBn izan dezakezu, lagunarte, familia eta voyeur guztien plazerrerako. Facebooken jaioko zara… eta Facebooken hil?

200.000 FB erabiltzaile hiltzen dira urtero. Sare sozialetan hain sakon murgildu gara inoiz pentsatuko ez genukeen galdera errepikakor bihurtu dela: Zer gertatzen da hiltzen den pertsona baten Facebook kontuarekin?  Lagun edo familiak kontua ezabatu dezake, besterik gabe. Ondorioetako bat: egunkarietako eskelek ere zentzua galduko dute laster; lagunen heriotzaren berri FBtik izango dugu.  Beldurgarria, ezta? (asko imaginatzea al da FB “betiko” dela pentsatzea?).

FBn diogunaz

Belgikako banketxe batek egindako iragarki kanpaina ahoz aho (txioz txio?) dabil azken egunetan. Bruselan gertatzen da istorioa: Igarle batek kaletik dabiltzan gizon-emakume batzuk gonbidatzen ditu bere futurologia saiora. Herritar anonimoen kontu korronte zenbakiak eta jabetzak asmatzen da trebea Dave izeneko igarlea. Horrez gain, parte hartzailearen lagunak nortzuk diren, non ikaski duen… denetariko informazioa daki. Parte hartzaileak harri eta zur uzten ditu.

Nola asmatzen du Dave igarleak? Oso erraza. Herritar horiek guztiek sarean eskegi egin dituzte datuak, FB-n nagusiki. Ez dago magiarik, igarleak ez du ezer asmatu, gonbidatuek interneten idatzia aurkitu besterik ez du egin. Hala eta guztiz ere, Bruselako bizilagunek aho bete hortz bizi izan dute Dave igarlearen ikuskizuna. Parte hartzaileetako batek, Davek bere maitasun harreman oparoez hitz eginda, zera dio:  “Hori ez daki jende askok”. Begi bistakoa da neska hori ez zela FB-n zioenaz ohartu ere egin. Informazio ezkutua izan zitekeena denen bistan zegoen.

Galdera da: Ohartzen al gara sarean eskegitzen dugunak izan dezakeen erabilera gaiztoaz?