Hobelex, euskarazko zuzentzaile eguneratua

Hobelex, euskarazko zuzentzaile eguneratua

Euskarazko zuzentzaile eguneratua, software libreko testu-editore erabilienean

  • Linux, Windows edota MacOSX erabiltzen duen ororen eskura dago jada.
  • Euskararentzat zuzenketa-proposamen egokienak egiten ditu.
  • Etengabe eguneratua: aurten Euskaltzaindiak arautu dituen 1.353 forma berriekin moldatu dugu.

Hobelex, euskarazko zuzentzaile eguneratua

.

Teknologia berritzailea, hitzemandakoa betetzeko

Berariaz euskararentzat garatutako softwarea darabilen LibreOffice-rako lehen euskal zuzentzailea aurkeztu du gaur UZEIk.

2014an garatu genuen HOBELEX, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea, euskara zuzen eta eguneratuan idazteak hizkuntzaren normalizaziorako duen garrantziagatik.

Baliabide mugatuak genituen horretarako, eta, ahalik eta erabiltzaile gehienengana lehenbailehen iristeko, Microsoft Office-rako plugina garatu genuen. 15.000 deskarga izan ditu geroztik, eta erabiltzaileek harrera bikaina egin diote. Harekin batera eskaini genuen online bertsioa, edozein sistema eragilerekin doan erabil daitekeena eta hobelex.eus helbidean dagoena.

Harro gaude 2014an kaleratu genuen zuzentzailearekin, baina ez zen aski erabiltzaile guztiengana iristeko. Software libreko eta doako office-pakete erabiliena eta ezagunena da LibreOffice. Horregatik, HOBELEX aurkeztu genuen egunean bertan hitzeman genuen LibreOffice-rako ere garatuko genuela plugin berria, Microsoft Office erabiltzen ez duen euskaldun ugarik eskatu baitzigun orduan haientzako moduko zuzentzailea garatzeko.

Hitzemandakoa bete dugu orain, eta sarean jarri dugu plugin berria.

Beraz, LibreOffice bulegotikarako suite-arekin lan egiten badugu,  Windows, MacOSX eta Linux sistema eragiletan erabili ahal izango dugu gaurtik aurrera HOBELEX, doan.

.

Zuzentasuna, lehentasun

Bai, egia da, ezin izan dugu LibreOffice-rako plugina nahi izan dugun bezain azkar kaleratu: lanak eman dizkigu bertsio berria garatzeak. UZEIn euskararekiko dugun konpromisoari eutsiz, bertsio berri hau errazago garatzeko har genitzakeen lasterbide batzuk baztertu, eta HOBELEXen zuzentasunari lehentasuna ematea erabaki genuen hasiera-hasieratik.

Horregatik, hain zuzen ere, ez dugu erabili Hunspell motor ezaguna, jatorrian hungarierarentzat garatu zena, eta zenbait zuzentzailek, euskararako ere bai, erabiltzen dutena. Izan ere, euskara ez da hungariera. Orduan, zergatik erabili hungarierarentzat sortutako baliabide bat euskarak behar zuen zuzentzailea garatzeko? UZEIn badakigu bide luzeena aukeratzea nekezagoa dena, baina emaitza ikusita badakigu asmatu duguna.

Horrela, gaur aurkezten dugun LibreOffice-rako zuzentzailea euskararentzat berariaz garatutako teknologian oinarritutako lehen zuzentzailea da, eta teknologia hori UZEIk garatu du, gainera. Labur esateko, gaur arte LibreOffice-k , euskararentzat mugak dituen Hunspell motorra zekarren lehenetsia. Hemendik aurrera euLEMArekin erabili ahal izango da, horixe baita UZEIk garatutako tresna. Eta erabiltzaileak nabarituko ditu ondorioak: ortografia eta lexikoa zuzentzeko proposamen zehatzagoak eta pertinenteagoak egiten baititu. Erabiltzaileak, beraz, ez ditu alferrikako aukerak banan-banan baztertu beharko zuzenketa egokia aukeratu (eta, zenbaitetan, asmatu) ahal izateko. Azkarrago zuzentzen lagunduko dio horrek, HOBELEX argia, zehatza eta egokia baita.

.

Etengabe eguneratua

Gainera, sareko eta Microsoft Office-rako bertsioekin egin ohi dugun bezala, etengabe eguneratuko dugu. 2014ko azaroan, euskarako lehen lexiko-zuzentzailea kaleratu genuenean, 117.806 sarrera zituen euLEXek, HOBELEXen oinarrian dagoen datu-baseak. Gaur 143.000 sarrera ditu. % 21 egin du gora! Euskaltzaindiaren arau guztiak eta Terminologia Batzordearen azken erabakiak kaleratu orduko biltzen ditugu, baina testuen unibertsoa askoz ere zabalagoa da, eguneroko jardunean sortzen dira hitz berriak, izen propioak eta bestelakoak, eta horiek egunero jasotzen ditugu euLEXen, bai eta forma okerretatik zuzenetara bidalketa egin ere, erabiltzaileari lanak erraztu eta ahalik estaldura osoena eskainiz.

Azken eguneratze “handia”, adibidez, aurtengo urtarrilean egin genuen, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan 1.353 forma berri arautu zituenean.

.

Nola zuzentzen du LibreOffice-rako HOBELEXek?

  • Argiago, mezu ulerterrazagoekin:
    ARGIAGO

.

  • Zehatzago, proposamen egokiagoekin:
    Hobelex LibreOffice - UZEI

.

  • Zuzenago, proposamen eguneratuekin:1995eko uztailaren 28an arautu zuen Euskaltzaindiak Aljeria. Zergatik jarraitu 21 urte geroago Algeria idazten?

.

Babesleak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin garatu dugu LibreOffice-rako HOBELEX plugina.

hobelex.eus helbidetik deskarga daiteke LibreOffice-rako bertsio berria, doan.

________________________________

UZEIri buruzko informazio osagarria:

Euskal terminologia- eta lexikografia-zentroa da UZEI, eta eragile eraginkorra da euskararen lexiko espezializatuaren nahiz lexiko orokorraren esparruan.

Lexiko orokorraren arloan, funtsezko lankidea da Euskaltzaindiaren hainbat proiektutan, eta Hiztegi Batuaren lantaldearen ardura du.

Era berean, aitzindaria da lexiko espezializatuaren arloan: Euskalterm Terminologia Bankua sortu zuen, eta, gaur egun, hura elikatzeko eta mantentzeko ardura du. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko partaidea da UZEI, Euskararen Aholku Batzordearen baitan.

UZEI erreferentea da hizkuntza-teknologien ikerketa eta garapenean, eta hainbat baliabide eta tresna garatu ditu. Horregatik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide izendatu zuten UZEI.

Hobelex, euskarazko zuzentzaile eguneratua