Hizkuntzen erabilera-eredu berri bat Sukaleku-ren blogean

MzU5NA==

 

Gunea eraikitzen ibili diren Adimedia enpresakoek izandako aurreko esperientziek badute honetan zerikusia. Ohiko bikoizketa itzulia baino askoz erabilgarriagoa suertatzen da Sukalekuren blogak proposatzen duen “bi hizkuntzen aldibereko erabilera”, dena itzuli eta “egunon/buenos días” formula baino.

Web bat ia ez da mugitzen eta egon liteke mugimendurik batere gabe egunetan eta egunetan. Blog batek, ordea, bizitza eta berritasuna behar ditu. Izango bada.

  • Nola jokatu gastronomia bezalako gai baten inguruan bi hizkuntz komunitatekoen partaidetza bilatzen denean?

Horrexi eman diote irtenbidea Sukaleku Fundazioan.

Azken finean, erabiltzaile bakoitzak zein hizkuntza nahi duen erabakiko du eta hizkuntza horretan eskainiko dio Sukalekuk harremana. Euskaraz nahi duenari euskaraz eta erdaldunari erdaraz zuzenduko zaio bloga.

Blog honetara sartzen denak ez ditu, ba, artikulu guztiak bi hizkuntzetan aurkituko. Sarreretako batzuk euskaraz bakarrik daude eta halaxe ikusiko ditu erdaldunak, beste batzuk gaztelania hutsean daude eta halaxe ikusiko ditu euskaldunak. Azkenik beste batzuk euskaraz eta gaztelaniaz daude, bietara, baina erabiltzaileak ez ditu bietara ikusiko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria/Boletín Oficial del País Vasco bailitzan. Hautatutako hizkuntzan bakarrik agertuko zaizkio bietara dauden sarrerak.

  • Zer dakar berririk eredu honek?

Eredu integratzailea dela esango genuke, zatikatzailea baino.

Euskaldunak erdera hutsezko sarrerak ere jarraitu ahal izango ditu, hala irizten badio. Euskarazko trataera aukeratzeagatik,  ez ditu erderazkoak galdu beharko eta ez du erderazko blogera “sartzen” zertan ibilirik, euskaraz idazten ez dutenek zer dioten ezagutzeko. Gauza bera gaztelaniazko trataera aukeratzen duenarentzat ere.

Nor bere hizkuntzan da artatua eta bere esku egongo da “beste hizkuntzan” dauden sarrerak irakurri ala ez.

Ez da irtenbide makala, bizi-bizi eta inoren azalik urratu gabe ibili nahi duen blog jaioberriarentzat.

Irudia | Sukalekuren euskarazko interfacea | zz | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.