Hizkuntzen egoera Interneten

Hizkuntzen egoera Interneten –

Iñaki Alegriak sarean.eus atarian.

Jakina da ingelesa dela hizkuntza nagusia Interneten, edo Apple-k oso hizkuntza gutxitarako egokitzen dituela bere produktu eta zerbitzuak. Gaiaren inguruan interesa dugunontzat oso gune interesgarria sortu dute 2022n Interneten, eta bertatik hartuta daude post honetan komentatuko ditudan ideiak eta grafikoak. Bertan dagoen txostena hamar hizkuntzatan kontsulta daiteke (espainiera, frantsesa eta ingelesa, besteak beste).

Gaiarekin lotuta gogoratu behar da euskarak Interneten duen presentziari PUNTUEUSek jarraipena egiten diola behatokiaren bidez, eta hizkuntza-teknologien garapena Europako hizkuntzetarako inguruan lantzen ari den gaia dela.

Aipatutako txostena hiru erakunderen artean egin dute (Whose Knowledge?Oxford Internet Institute eta Indiako The Centre for Internet and Society) eta galdera hauek erantzuten saiatu dira:

  • Zenbat hizkuntza aurkitu eta erabil daitezke Interneten?
  • Nola izan beharko litzateke benetako Internet eleaniztuna?
  • Nola irakurri, entzun eta senti liteke halako Internet bat?

Galdera horietan oinarrituta txostenak hiru helburu ditu: 1) Interneteko hizkuntzen egoeraren argazkia egitea, 2) hausnartzea zein eragozpen eta aukerak dauden Internet eleaniztunago bat eraikitzeko bidean, eta 3) ekintza-plan bat bultzatzea.

.

Interneteko eleaniztasuna

Ondoko irudian ikus daiteke zein alde dagoen eskualdeka populazioaren artean eta Interneteko hainbat erabilpenen artean. Interneteko erabilera desorekatua izanda ere, askoz desorekatuagoa da erabilpena sofistikatuago den neurrian. Adibidez, Afrika eta Hegoaldeko Asia ia desagertzen dira Wikipediako edizioetako lerroan.

Hizkuntzen egoera Interneten
Interneteko parte-hartzea munduko eskualdeen arabera.

Informazio hori hizkuntzekin lotuz, estatistiketan argi agertzen da ingelesa (% 25,9) eta txinera (% 19,4) direla nagusi Interneteko erabileran. Haiekin batera badaude beste zortzi hizkuntza oso erabiliak direnak, eta horrela lehen hamar hizkuntzek erabileren hiru laurdena baino gehiago hartzen dute. Hamar hizkuntza horietako gehienak europar jatorria dute (sei). Baina hor ez dira agertzen hiztun gehien dituzten hizkuntzen artean dauden Hego Asiakoak (hindia, urdua, bengalera…), eta asko mintzatzen diren arren hizkuntza horiek Interneten erabiltzeko arazoak dituzte hiztunek.

Munduko 7000 hizkuntzen artean 4000 batek baino ez dute idazteko sistema eta horietako erdiak baino gutxiagok argitaratzen dute zerbait. Interneteko ohiko eduki nagusia testua izan denez, argi dago muga hori hor dagoela. Baina Internetek duen multimedia izaera gorakorrak aukera emango luke ahozko eta keinu bidezko erabilera bultzatzeko, eta hortik jo beharko litzateke arriskuan dauden hizkuntzak dokumentatzeko eta sustatzeko.

Horrez gain, guretzat arazoa ez bada, teklatua eta idazteko sistema eragozpena da oraindik eremu urriko hizkuntza askotarako.

.

Interfazeak

Baina zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa eta erakundeek zein puntutaraino bultzatzen duten eleaniztasuna? Interfazearen hizkuntza oso garrantzitsua da, eta horren inguruan egindako azterketan argi geratzen da hizkuntza gutxi direla eskaini ohi direnak.

 

Hizkuntzen egoera Interneten
Aplikazio ezagunetako interfazeetan erabil daitezkeen hizkuntzak.

Irudian ikus daitekeenez, Wikipedia da, alde handiz, hizkuntza gehien eskaintzen dituena, eta hala ere ez da 300 hizkuntzetara heltzen. 50etik gora daudenak salbuespena dira, eta hori munduan gehien erabiltzen diren aplikazioak izanik. Lehen aipatutako Hego Asiako hizkuntzetarako ez daude eskuragarri ezta erdia ere. Are okerrago dena, testuak, bideoak edo audioak etiketatu behar direnean, askotan aukera daitezkeen hizkuntzak oso gutxi dira (adibidez mapudungun-ezko bideoak ezin dira horrela etiketatu Youtuben edo Facebooken)

Zenbaki horien aurrean azpimarratzekoa da software librearen garrantzia eta Euskal Herrian dugun Librezale moduko taldeen ekarpena.

.

Ondorioak eta ekinbideak

Agertzen diren ondorioak nahiko ezagunak dira: enpresek ez dituzte aplikazioak eta zerbitzuak diseinatzen hizkuntza aniztasuna buruan dutela. Are gutxiago egoera minorizatuan dauden hizkuntzen ikuspuntua. Horixe izango litzateke abiapuntua, ikuspuntu hori edukitzea diseinuaren momentutik.

Bestalde, Interneten gailendu den negozioaren ikuspuntuak ez du lagundu eta ez du laguntzen hizkuntzen arteko arrakala gainditzen. Nazioarteko erakundeen borondatea eta ekinbidea behar da enpresa handiei hizkuntzen arloan derrigorrezko neurri batzuk ezartzeko.

Artikulua mamitsua eta sakona da eta luze joko luke dena hemen islatzea. Osorik irakurtzeak merezi du.

Ekinbide zehatzeei begira hiru hauek hautatu ditut bideragarriak direlakoan:

  • Hiztunek berek diseinatutako teknologia eta eduki eleaniztuna eskuratzea funtsezko giza eskubidea dela onartzea, enpresa teknologikoen eta normalizazio-erakundeen lehentasun bihurtu behar dena, eta Unescoren gisako erakunde globalen bultzada eta laguntza jaso behar duena.
  • Komunitateek gidatutako hizkuntza-azpiegituretarako gobernantza-eredu globala eraikitzea, enpresa teknologikoekiko eta gainerako erakundeekiko konfiantzan eta errespetuan oinarritutako aliantzen bidez funtzionatuko duena.
  • Etika eta baimen komunitarioa erdigunean jartzea teknologia sortzeko eta datu linguistikoak biltzeko orduan, eta bermatzea hiztunen komunitateek modu autonomo eta seguruan erabaki ahal izango dutela nola eta zer informazio partekatzen duten, batez ere zapalkuntza- eta diskriminazio-sistema ugarien mende dauden taldeen kasuan.

Gaian sakontzeko gure perspektibatik bereziki gomendagarria da BAT aldizkariaren zenbaki hau: Bizindar digitala.

Hizkuntzen egoera Interneten Hizkuntzen egoera Interneten

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude