Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara: arriskuak, aukerak, ekidinezinak, beharrezkoak

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara: arriskuak, aukerak, ekidinezinak, beharrezkoak –

Igor Leturiak www.sarean.eus atarian.

Berriki Joxe Rojasek plazara ekarri du, biziro egoki, Sarean.eus agerkari digital honetan bertan argitaratutako Traduttore, traditore artikuluan, hizkuntza-teknologiek euskarari ekar liezaioketen kalte posibleen inguruko bere kezka; zehazki, fokua itzulpen automatikoak hedabideen munduan izan lezakeen eraginean jartzen du. Bere kezka azaltzen saiatu baino, bere artikuluko atal batzuk (nire ustez mamia ongi laburbiltzen dutenak) ekarriko ditut hona, hala hobeto ulertuko delakoan:

“Hizkuntz teknologiak oro har, eta euskararen bueltakoak zehazki, apurtxo bat gehiago hobetzen direnean, iritsiko da une bat non berdin dion irakurtzen ari zaren testu hau zer hizkuntzatan idatzi den; nabigatzaileak, galdetu eta sarritan abisatu ere egin gabe, bisitariko gailuaren hizkuntzara itzuliko baitu zuzenean. Iritsiko da une bat non internauta erdaldun bat sarean.eus atariko edukiak goitik behera irakurri ahalko dituen, jakin gabe ere jatorriz zer hizkuntzatan idatzita dauden”.

“Gauzak doazen erritmoan, hemendik ez oso gutxira iritsiko da une bat, edozein hizkuntzatan sortutako eduki bat txukun, azkar eta erabiltzailearen parte hartzerik gabe euskaratuta jaso daitekeena; eta, aldi berean, euskaraz sortutakoa edozein hizkuntzatan -eta bereziki gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez- jaso daitekeena norberak ezer egin gabe. Hizkuntzaren aldagaia lehen planotik desagertzeak nola eragingo dio, adibidez, komunikabideen ekosistemari? Zer ondorio izango du euskaraz sortutako edukiak ahaleginik egin gabe zuzenean erdaraz kontsumitu ahal izateak? Eta erdaraz sortutakoak euskaraz jasotzeak?”.

Joxeren kezka hori, neurri batean, neuk ere badut. Baina ez kezka hori soilik, euskara eta hizkuntza- eta hizketa-teknologiekin lotutako bestelako zalantza batzuk ere baditut eta ez gutxi, aukera berriak eta itxaropenerako zantzuak ere asko ikusten ditut… Eta horiek guztiak plazaratzen saiatu nahi dut artikulu honetan.

(Oharra: Esan behar dut nire eguneroko ogia Elhuyar Fundazioan euskararentzako hizkuntza- eta hizketa-teknologiak ikertu eta garatuz irabazten dudala; gure hizkuntza-teknologiaren sailarena da Itzultzailea.eus itzulpen automatikoko zerbitzua, eta Aditu.eus hizketa ezagutzako tresnaren arduraduna naiz. Hau ez diot autoritate-printzipio gisa baliatzeko, hau da, gaia ongi ezagutzen dudala eta nire iritziak gehiago balio duela adierazteko, kontrakorako baizik, disclaimer gisa, hau da, gaian inplikazio bat dudala eta nire iritziak ezin direla horretatik bereizi onartzeko. Hala ere, disclaimerraren disclaimer gisa-edo, beste bi gauza ere esan nahi ditut: 1) ez naiz informatikan edo teknologian itsu-itsuan sinesten dutenetakoa –teknologia edo zerbitzu askori uko egiten diet, guatxapa kasu–; 2) euskararen hobe beharrak gidatzen du nire jarduna, lanean zein aisian. Horiek adierazi ondoren, norberak jujatu beharko du noraino sinetsi eta zenbateraino diren bere ustez nire iritziak euskararen onerako edo gremio-interesengatik emanak. Egia esan, apur bat excusatio non petita… geratu da, baina tira, argitzea hobe dela pentsatu dut.)

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara: arriskuak, aukerak, ekidinezinak, beharrezkoak

Nabigatzailea, itzulpen automatikoa, testua eta hedabideez harago

Esan dudan bezala eta txertatutako zatian zein artikulu osoan ikus daitekeenez, Joxeren kezkaren muina nabigatzaileek hedabideen testuzko edukiak automatikoki itzulita erakutsi ahal izateak izan ditzakeen ondorioetan datza. Eta gaur gaurkoz hori izango da ziurrenik hizkuntza-teknologien aplikazio “garden” edo “itsu” (erran nahi baita, erabiltzailearentzat oharkabean gertatzen den) baten adibiderik erreal eta hurbilena, baina etorkizun ez hain urrunean askoz gehiago izan litezke. Joxek ere, modu zuzen edo zeharkakoagoetan, aipatzen ditu batzuk (Facebook, edukiak, jaso eta ez itzuli, Aditu.eus transkribatzailea…), baina ene iduriz merezi du horietan gehiago sakontzea, datozen aldaketak handiak baitira eta Joxek aipatzen dituen arriskuak (eta nik aurrerago aipatuko ditudan beste arriskuak eta aukerak ere bai) beste alor eta eremu askotan ere izango baitira.

Batetik, etorkizunean testua automatikoki itzuli baino gehiago egingo da. Hizketa-ezagutzako teknologiak –Joxek aipatzen duen Aditu.eus da horrelakoen adibide bat– ikus-entzunezko edukia (bideoak zein audioak) azpititulatzea ahalbidetuko du. Areago: azpititulu horiek beste hizkuntza batera automatikoki itzuli eta helburu-hezkuntzan bikoiztu ere egin ahal izango dira hizketa-sintesiko teknologiaren bidez. Eta hau zuzeneko ikus-entzunezko emankizunekin ere egin ahal izango da denbora ia errealean. Guztiz kalitate oneko bikoizketa automatikoa izateko beharbada denbora bat beharko da (transkripzio eta itzulpen automatiko akasgabeak erregistro guztietan, jatorrizko ahotsa imitatzen duen eta adierazkortasuna duen hizketa-sintesia…). Baina teknologiok garatzen ari dira, eboluzio harrigarria izaten ari dira –euskararako ere bai–, eta etorri etorriko dira noizbait. Gainera, eduki mota jakin batzuentzat, adibidez hitzaldiak edo dokumentalak edo albistegiak, non erregistro formala erabiltzen den eta hizketaren adierazkortasuna edo ahotsaren imitazioa ez den hain garrantzitsua, esango nuke ez dagoela horren urruti.

Bestetik, hedabideen edukiez harago, hizkuntza-teknologiok bestelako edukiei ere aplikatu ahal zaizkie –Joxeren artikuluan ere, gehienetan horiei buruz ari dela ematen badu ere, beste batzuetan orokorrean “edukiak” soilik aipatzen ditu–, baita eduki ez formalei ere: mezularitzako programetako mezuei, norbanakoen streaming-ei, bideokonferentzia bidezko elkarrizketei…

Azkenik, ez da izango soilik Interneteko nabigatzailea testuak guk eskatu edo guri abisatu gabe itzuliko dizkiguna. Sare sozialek ere egingo dute: Joxeren artikuluan aipatzen da Facebook-ek egiten duela, Twitter-ek momentuz aukera eskaintzen du… Berdin mezularitza-zerbitzu eta aplikazioek –Whatsapp, Telegram…–. Eta ikus-entzunezko edukien plataformek –Youtube, Twitch edo etorkizunean modan egongo denak– zein bideokonferentziarako programek –Skype, Zoom…– edukiak azpititulatuko dituzte (Youtube-k jada transkribatzen ditu automatikoki zenbait eduki), baina ez hori soilik, gorago esan bezala, itzuli eta helburu-hezkuntzan bikoiztu ere egingo dituzte (Skype-k egin omen dezake jada hizkuntza batzuen artean).

Laburbilduz, etorkizun hori non “internauta erdaldun bat sarean.eus atariko edukiak goitik behera irakurri ahalko dituen, jakin gabe ere jatorriz zer hizkuntzatan idatzita dauden” irudikatzea erraza bazaigu nahiko hurbil ikus dezakegulako, beste etorkizun urrunxeago bat ere irudikatu behar dugu non lagun txinatar batekin bideo-dei bat egin ahal izango dugun bakoitzak gure hizkuntzan eginda eta bestearena ezagutu gabe, edo sare sozial batek bertako eduki guztia (edozein euskarri edo hizkuntzatan egonik ere) euskaraz emango digun, edo gure bideo-joko gogokoenaren partida bat egingo dugun euskaraz streaming plataforma batera igorriz eta honek mundu guztiko ikusleei beraien hizkuntzan eskainiko dien, edo Netflix-eko eduki guztia euskaraz izango dugun teknologia automatikoen bidez. Eta etorkizun horren mehatxuak eta aukerak aztertu, eztabaidatu eta gogoetatu beharko ditugu.

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara: arriskuak, aukerak, ekidinezinak, beharrezkoak

Guztia euskaraz jaso ahal izatearen mehatxuak eta aukerak

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiek euskararengan izan dezaketen eragina aztertzerako orduan, teknologion aplikazioaren bi norabideak bakoitza bere aldetik aztertu beharko genituzke (beste hizkuntzetatik euskarara eta euskaratik beste hizkuntzetara), arriskuak eta alde positiboak ezberdinak baitira kasu bakoitzean. Joxek ere bere artikuluan aparteko bi galderatan banatzen ditu kezkak (“Zer ondorio izango du euskaraz sortutako edukiak ahaleginik egin gabe zuzenean erdaraz kontsumitu ahal izateak? Eta erdaraz sortutakoak euskaraz jasotzeak?”).

Bigarrenari helduko diot lehenbizi. Etorkizunean edozein erdaretan sortutako edozein testuzko zein audiozko eduki euskaraz jaso ahal izateak zer ondorio izan ditzake? Niri behintzat burura datorkidan lehenengoa da hoberako izango dela eta inongo kalterik ez duela ekarriko. Pentsa: atzerriko komunikabideak, nazioarteko literatura, Hollywood-eko zein beste edozein tokitako serie eta filmak, edonongo youtuber-en edukiak eta gamer-en streaming-ak… denak euskaraz irakurri eta entzun ahal izatea! Ez al da hori beti eskatzen duguna? Zer gehiago behar dugu? Eta berdin munduko edozeinekin komunikatzeko, berak idatzi edo esandakoa euskaraz jaso ahal izatea bikaina litzateke. Dena abantaila alde horretatik.

Besterik da, ordea, bertako sorkuntzari edo agenteei erreparatzen badiegu. Eta artikuluan bertan aipatzen ez badu ere, Rojasen kezka ere alde honetatik datorrela iradokitzen dute Twitter-en artikuluaren inguruan sortutako elkarrizketa interesgarrian eman dituen erantzun batzuek. Edozein sortzaile, komunikatzaile edo saltzaile (edo, zergatik ez, elkarrizketakide), partikular zein enpresa, euskaldunongana ere iritsi ahal izango da gaztelaniaz edo frantsesez sortuta eta hitz eginda, inongo esfortzuren beharrik gabe. Euskara ikasteko interes eta motibazioa jaitsi daiteke, eta eskolatik dakitenek gutxiago erabiltzeko eta errazago ahazteko arriskua orain baino are handiagoa litzateke. Zer esanik ez erakunde publikoen kasuan: ikusten ditugu sarri euskarara azken orduan eta desgogara itzultzen, kontratazioetan herritarrak euskaraz artatzeko behar besteko hizkuntza-eskakizunak ez betetzen… Teknologia arduratuko denez euskararatzeaz, asko erdara hutsez funtzionatzera pasatzeko arriskua dago. Eta ez hori bakarrik: makina batek aldibereko itzulpena egin badezake, hizkuntza-eskakizunak ere desagertzeko arriskua dago (euskara ikasteko arrazoi praktikoak are gehiago gutxituz). Dena kontuan hartuta, euskara derrigor erabili beharreko kasuak eta euskara erabiltzeko interes komertzialak eta ikasteko motibazio praktikoak desagertuko lirateke.

Euskarazkoa beste hizkuntzetara bihurtu ahal izatearen mehatxuak eta aukerak

Bigarren norabideari dagokionez, Joxek, ondorioei buruzko galderaz gain (“Zer ondorio izango du euskaraz sortutako edukiak ahaleginik egin gabe zuzenean erdaraz kontsumitu ahal izateak?”), bere ustez egon daitekeen ondorio kaltegarri baten zantzuak ematen ditu (“iritsiko da une bat non berdin dion irakurtzen ari zaren testu hau zer hizkuntzatan idatzi den”, “iritsiko da une bat non internauta erdaldun bat sarean.eus atariko edukiak goitik behera irakurri ahalko dituen, jakin gabe ere jatorriz zer hizkuntzatan idatzita dauden”), euskararen ikusezintasuna deitu genezakeena.

Alabaina, euskarazko eduki hori orain baino ikusezinagoa litzateke? Erran nahi baita, egun, euskaldunak ez direnentzat (euskaraz ez dakitenentzat), euskarazko edukiak eta komunikabideak existituko ez balira bezala da. Ezin dute ulertu eta inoiz ez dute beraietara jotzen. Hizkuntza-teknologiek euskarazko eduki eta komunikabideak beste hizkuntzen hiztunen eskueran jarriko dituzte, ikusezin beharrean ikusgaiago eginez eta audientzia potentziala handituz.

Beste kontu bat da edukiak baino hizkuntza bera, euskara, ikusezin bihurtzearen arriskua. Arrisku hori hor dago eta erreala da. Inork ez luke jakin ere egingo gaztelaniaz, ingelesez edo alemanez irakurtzen edo entzuten ari den hori euskaraz sortua denik ere. Pentsatzen dut horrelako puntu batera iritsita, edukian bertan jar litekeela ohar bat esanez jatorrian eduki hori euskaraz sortu dela eta edukiaren parte moduan mezu hori ere jasoko luke itzulita hartzaileak. Baina beste inplikazio negatibo batzuk ere izango lituzke; adibidez, bertako erdaldunek euskara ikasteko motibo bat gutxiago lukete euskarazko eduki guztia itzulita jaso badezakete; edo euskara dakitenek baina erdararen batean errazago moldatzen direnek direnek erosoenera jo lezakete eta praktikatzeko aukera gutxiago lukete, dena automatikoki beste hizkuntza horretara bihurtzen bazaie.

Alde on bat ere badu honek, ordea: euskaraz sortutakoa beste edozein hizkuntzatan jasotzeko aukera legokeenean, ez legoke mugarik edo desabantailarik euskaraz egin edo sortzeko. Audientzia ez litzateke aitzakia izango komunikabide batek, txiolari batek, youtuber batek edo streamer batek euskaraz egiteko. Edo udalerri euskaldun batek euskara hutsean funtzionatu ahal izango luke, eta hiritar guztiengana iristea bermatuta legoke teknologiaren bidez. Edo bideo-dei batean (edo etorkizun batean, zuzenean bikoizteko gailuak izanik, elkarrizketetan ere bai) euskaraz egin ahal izango litzateke, euskaraz ez dakien bakar bategatik denok erdaraz egin beharrik gabe.

Egia da askatasun hori bera beste edozein hizkuntzatakoek ere izango luketela, aurreko puntuan aipatu bezala, eta bizi dugun diglosia-egoeran (soziolinguistikoki zein administratiboki) ez dut uste zaila denik asmatzen luzera zein hizkuntza gailenduko litzatekeen… Euskara erabiltzeko motibazioan, atxikimenduan, arrazoi kulturaletan… asmatu behar (ez da erronka makala!), baina egun dauden oztopo praktikoak (irismena, elkar ezin ulertzea…) behintzat ez lirateke egongo nahi dugun guztietan euskaraz egiteko.

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara: arriskuak, aukerak, ekidinezinak, beharrezkoak

Automatiko eta oharkabeaz haragoko aukerak

Joxek bere artikuluan marraztutako (eta neuk hedatutako) panorama, zeinean nabigatzaileek, zerbitzuek eta tresnek edukiak automatikoki eta gu ohartu gabe transkribatu, itzuli edota bikoiztuko dizkiguten edukiak oso kalitate onean, hizkuntza-teknologien aplikazio moduetako bat bakarrik ez da, eta kasu askotarako oraingoz urruti dagoena. Baina teknologion beste aplikazio modu bat da eduki-sortzaileen laguntza bezala, hau da, ikus-entzunezkoen ekoiztetxe bati azpitituluak sortzeko eta itzultzeko laguntza bezala, edo komunikabide bati edo erakunde publiko bati edo edozein elkarte edo ikastetxeri testuak itzultzeko laguntza bezala, beti ondoren eskuz zuzenketak eginda edukien kalitatea bermatzeko. Eduki mota askorentzat (albistegi edo hitzaldi formalak, testu administratiboak…), hau gaur egun baliatu litekeen aukera da, teknologiak perfektuak izateko itxaron beharrik gabe, eta denborarekin gero eta eduki mota gehiagorentzat izango da posible.

Kasu honek ere baditu bere alde onak eta txarrak. Alde onen artean, automatikoaren eskuzko zuzenketek kostu txikiagoa izan dezaketenez edukiak zerotik azpititulatu edo itzultzeak baino, irisgarritasunaren edo hiztunen eskubideen ikuspegitik garrantzitsuak diren gauza asko egiteko aukera dagoela, bestela kostuengatik egiten ez direnak edo egingo ez liratekeenak. Arriskuen artean, teknologia automatikoen emaitza inongo zuzenketarik gabe argitaratzea (gaur egun euskaldunok maizegi ikusten duguna, tamalez). Eta honek hainbat lanpostutan (itzultzaileak, interpreteak, bikoiztaileak, azpititulatzaileak…) izan lezakeen eragina, neurri batean zuzenketa lanetara bideratu beharko direnak. Bestalde, gorago aipatu bezala eduki gehiago azpititulatu, itzuli edo bikoizten bada, zuzenketa lan horietako gehiago egon daiteke. Edozein kasutan, garrantzitsua izango da argi esatea teknologia ez dela panazea eta, eduki motaren arabera eta unean uneko teknologien kalitatearen arabera, edukiak argitaratu edo publiko egin aurretik profesionalen eskuzko berrikuspena beharko dela maiz, eta beste kasu batzuetan hizkuntza-teknologiek ez dutela lagunduko, eskuz egitea hobe dela.

Iraultza saihetsezina da, hizkuntza guztiei datorkie, eta bizirauteko hizkuntza-teknologietan presente egon behar da

Bere artikuluan Joxe Rojasek ongi dionez, hizkuntza-teknologietan dena ez da ona eta, gauza guztiek bezala, badute bere ifrentzua (goian ikusi ditugu hainbat arrisku). Baina Twitter-eko elkarrizketan erabiltzaile batzuk urrunago joan eta zalantza agertu dute hizkuntza-teknologiek kalte gehiago ez ote dioten egingo euskarari mesede baino…

Nik ez dakit esaten hizkuntza-teknologiak existituko ez liratekeen mundu bat hobea edo txarragoa litzatekeen euskararentzat. Benetan oso zaila egiten zait irudikatzea horrelako errealitate bat, gaur egungo beste teknologia eta globalizazio guztiarekin baina hizkuntza-teknologiarik gabe, eta zein eragin lukeen horrelako errealitate batek euskaran edo hizkuntzen dibertsitatean. Alderdi positiboak zein negatiboak ikus ditzaket. Baina ez dut zehaztasun horietan pentsatzen edo azaltzen luzatu nahi, ez baita erreala: hizkuntza-teknologiak existitzen dira, gero eta gehiago erabiltzen dira eta etorkizunean are gehiago erabiliko dira, eduki batzuk automatikoki sortu edo itzuli direla ez jakitera iristeraino. Etorkizun hori ekidinezina da.

Kontua da, beraz, hizkuntza- eta hizketa-teknologiak nonahi dauden mundu batean euskararentzako itzulpen automatikoa, hizketa-ezagutza, hizketaren sintesia eta bestelako teknologiak izateak euskarari on edo kalte egingo dion. Eta ariketa hori egiteko ez da nahikoa gorago zerrendatu ditudan aukerak eta mehatxuak baloratzea, ikusiz aukerak mehatxuak baino gehiago edo garrantzitsuagoak diren. Ez, aukera eta mehatxu horiek konparatu behar dira hizkuntza- eta hizketa-teknologiak nonahi dauden ingurune eta etorkizun ekidinezin batean norbere hizkuntzarako teknologia horiek ez izateak dakartzan aukera eta mehatxuekin.

Eta horretan nik ez dut zalantzarik: euskararentzat hizkuntza-teknologiak izateak dakartzan mehatxuak askoz gutxiago eta txikiagoak dira eta aukerak handiagoak eta gehiago, teknologiok ez izateak baino. Hizkuntza asko daude egoera horretan, beraien hizkuntzarako teknologiarik ez izatearenean, eta beraien galderak eta kezkak askoz larriagoak dira guk hemen aipatutakoak baino. Eta benetan, ezin dut irudikatu etorkizun bat non teknologiarik gabeko hizkuntzek bizirik dirauten teknologia badutenak hilik dauden bitartean. Hizkuntza bat desagertzeko arrisku handiagoa ikusten dut automatikoki hartatik edo hartara itzuli ezin bada, makinekin hartan hitz egin ezin bada, audioak transkribatu edo bikoiztu ezin badira, bozgorailu adimendunek hartan egiten ez badute…, hori guztia egin badaiteke baino.

(Bide batez, agertutako kezka eta zalantzak berdin aplikatu dakizkioke beste edozein hizkuntzari. Hizkuntza- eta hizketa-teknologiekin gertatzen ari diren aldaketek hizkuntza guztiei eragingo die. Gure ikuspegitik irudikatzea zaila bada ere, goian agertzen diren galderak –“zer ondorio izango du euskaraz sortutako edukiak ahaleginik egin gabe zuzenean erdaraz kontsumitu ahal izateak? eta erdaraz sortutakoak euskaraz jasotzeak?”– espainiarrek edo ingelesek ere egin beharko dituzte euren hizkuntzekin.)

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara: arriskuak, aukerak, ekidinezinak, beharrezkoak

Ezin bertan gozo gelditu

Premisa hori onartzen badugu, hau da, hizkuntza- eta hizketa-teknologietan presente egotea ona dela hizkuntza batentzat, eta, Joxeren artikuluan dioen bezala, euskarazko itzulpen automatikoaren, hizketa-ezagutzaren eta beste teknologia batzuen egoera ona dela ikusirik, tentazioa izan dezakegu pentsatzeko ondo bidean doala dena. Eta bai, egoera ez da txarra, baina ezin gara bertan gozo gelditu.

Une honetan hizketaren ezagutzan, hizketaren sintesian edo itzulpen automatikoan euskararako lortzen diren emaitzak beste hizkuntzekin konparagarriak izan daitezke. Hala ere, teknologiok, euskaraz zein beste hizkuntzetan, egoera eta domeinu batzuetan funtzionatzen dute ondo momentuz (kalitate on samarreko audioak, hizkera neutroa, erregistro formaleko testuak…). Eremu asko geratzen dira konkistatzeko: zuzeneko transkripzioa, erregistro informalen edo euskalkien transkripzioa, adierazkortasunezko hizketa-sorkuntza, hizkera lagunartekoaren edo literaturaren itzulpena… Poliki-poliki eremu horiek konkistatzen joango dira hizkuntza nagusiak, eta euskara atzean ez gelditzea komeni da. Horregatik, teknologia hauen aldeko apustua egiten jarraitzea oso garrantzitsua da, egoera ona delakoan lo gelditu gabe.

Edozein modutan, gaur egungo hizkuntza- eta hizketa-teknologiak sare neuronaletan oinarrituta daudenez, datuak behar dituzte ikasteko (audio transkribatuak, itzulpenak…). Eremu formaletan eta euskara batuan horrelako lehengai nahikoa egoteari sor zaizkio egungo euskarazko teknologiaren emaitza onak. Baina erregistro informaletan, euskalkietan, sintesi adierazkorrean… aurrerapausoak eman ahala, egongo den datu-kopurua gero eta txikiagoa izango da. Hizkuntza handiagoetan horrelako datu gehiago egongo da beti, horregatik aurrerapausoen erritmoa mantentzea gero eta gehiago kostatuko zaio euskarari. Horrek ez du esan nahi etsi behar denik; alderantziz, esfortzu gero eta handiagoa egin beharko da datuak bildu edota sortzeko eta teknologiak garatzeko.

Bestalde, euskararentzat garatzen ditugun teknologiak litezkeen onenak balira ere, horiek jendearen eskura jarri eta gizarteak erabili eta baliatzea ere lortu behar da. Gorago irudikatu dugu agertoki bat non nabigatzaileek, sare sozialek, mezularitza-zerbitzu eta aplikazioek, ikus-entzunezko edukien plataformek edo bideokonferentziarako programek edukiak gu ohartu gabe azpititulatu, itzuli eta bikoiztuko dizkiguten. Agertoki horretan erraldoi teknologiko horien eskuetan dago zein hizkuntza integratuko dituzten eta zeintzuk ez, eta orain artean gehienek ez dituzte euskarazko teknologiak integratu. Izan ere, batetik ez zaie errentagarria, baina bestetik euskaldunon aldetik ez dutelako interes edo eskari gehiegirik nabaritzen: Interneteko nabigaziotik erauz daitezkeen estatistiketatik ikusten dute zein jende gutxik duen telefonoa euskaraz konfiguratuta edo ordenagailuko nabigatzailean euskara hizkuntza lehenetsi gisa jarrita. Multinazional teknologiko horiei presio egin beharko diete gure erakundeek, baina erabiltzaileok ere asko egin dezakegu, kanpainak sinatzetik harago. Tresna eta zerbitzu horietan ez badaude euskarazko teknologiak integratuta, jende gehienak ezin izango ditu baliatu eta euskara ez den beste hizkuntzetan jarraituko du jasotzen eta sortzen edukia. “Orain arte bezala”, esango du batek, baina okerragoa izango da; izan ere, edozein hizkuntzan sortutakoa teknologiak gaztelaniaz eskainiko zaizkio baina euskaraz ez, eta gaztelaniaz sortu duena mundu guztiak ulertuko dio baina euskaraz sortuta ez.

Eta hala ere, badago asko egitea erraldoi teknologikoen zain egon beharrik gabe. Berton sortutako euskararentzako hizkuntza- eta hizketa-teknologiak gizarteratu behar dira, horiek baliatu ahal izateko webgune eta aplikazio propioak sortuz, komunikabide eta eduki-sortzaileen eskuetan jarriz, software librezko tresnetan integratuz, plataforma eta gailu propioak sortuz… Horrela, benetan euskaraz kontsumitu edo sortu nahi duenak aukera izango du.

Epilogoa

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak gauzak asko aldatzen ari dira, eta are gehiago aldatuko dituzte etorkizunean. Irudikatu ditugun aldaketa batzuk oraindik urruti daude, baina gaurdanik hasita apurka etorriko zaizkigu aldaketok eta prestatzen hasi behar dugu. Izan ere, ikusi dugu hizkuntza-teknologiek aukera asko irekitzen dituztela, baina mehatxuak ere badaude eta ez gutxi. Joxek dioen bezala, eztabaida eta gogoeta pausatua baina aldi berean urgentea behar du gaiak, eta nik “jarraitua” erantsiko nuke, adi ere egon behar baitugu aldaketei eta garaiz eta egoki erantzun erronka eta zailtasun bakoitzari iritsi ahala.

Edozein kasutan, euskararentzako hizkuntza- eta hizketa-teknologiak izatea eta garatzen jarraitzea beharrezkoa da, mehatxu gehiago lituzkeen egoera okerrago eta beharbada itzulezin batean egon nahi ez badugu. Zilegi bekit amaitzea Txillardegik euskararen biziraupenari eta estatu bat izateari buruz esandakoa apur bat aldatuz (eta hari arrazoia kentzeko asmorik gabe): Hizkuntza- eta hizketa-teknologiekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz.

Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak eta euskara

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude