Hiriko gune berdeak eta osasuna

Hiriko gune berdeak eta osasuna –

Hiriko berdeguneek eragin positiboa dute osasunean. Bai, geroz eta ugariagoak dira baieztapen hau babesten dituzten ikerketak. Nahiz eta hainbat teoria duela urte askokoak izan, ingurumen epidemiologiako arloan duela 5-10 urte hasi ziren gune berde eta osasunaren arteko erlazioa aztertzen. Honen arrazoia, azken urteetan GISak (Geografia Informaziorako Sistemak) eta datu espazialek bizi izan duten garapena dela eta, gune berdeen inguruko esposizio objektibo zehatzak lortzea ahalbidetuz.

Hiriko gune berdeak eta osasuna
Berdeguneek osasunean duten eragina geroz eta esanguratsuagoa dela ikuste da, eta geroz eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute hori.

Gune berdeek osasunean eduki dezaketen eragin positiboa arrazoi ezberdinengatik ematen da. Faktore horiek lau talde nagusietan bana genitzake: ingurumenarekiko faktoreekiko esposizioa, jarduera fisikoa, giza kohesioa eta estresaren gutxitzea eta atentzioaren berrezartzea. Hauek guztiak bitartekariak dira eta osasun fisiko zein mentalean dute eragina.

Bitartekari moduan jokatzen duten ingurumen faktoreak aire kutsadura, zarata, tenperatura eta hezetasuna dira. Hiriguneetan aire kutsadura eta zarataren iturri nagusiena trafikoarena da. Gune berdeei esker aire kutsadura maila gutxitu egitenda, landarediak aire kutsatu hori poroetan barneratuz edota besterik gabe kutsadura hostoetan pausatuz, gizakiekin antzekotasun bat eginez, kutsadura arnastea edo arropan geratzea bezala litzateke. Zarata mailak ere gutxitu egiten dira. Batetik, trafiko gutxitu egiten delako eta bestetik, zuhaitz handiek pantaila bezala jokatzen dutelako. Tenperatura eta hezetasunari dagokionez, hirietan udan ematen diren bero-irlak ekiditen dituzte gune berdeek, hostaje dentsoen bitartez eguzki izpiak ez dira asfaltora iristen. Gainera, ura lurruntzeko ahalmena dutenez, tenperaturak ere jaitsi egiten dira.

Hiriko gune berdeak eta osasuna
Gune berdeek nola eragiten dioten osasunari. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gune berdeek jarduera fisikoa garatzeko espazio osasuntsu, ireki eta zabal bat eskaintzen dute. Hiri guneetan oso urriak dira jarduera fisikoa aire librean egiteko existitzen diren espazioak. Ikerketa ezberdinek baieztatu dute etxebizitzatik gertu gune berde bat edukitzeak ariketa fisikoa egitera bultzatzen duela.

Gune berdeek ere elkarbizitzarako guneak sortzen dituzte, honela, elkartze sozialak errazten dituzte eta auzoarekiko eta auzokideekiko atxikimendua areagotzen dute. Landarediaren bitartez ere, auzoko espazioak erakargarriagoak bilakatzen dira giza kohesioa ahalbidetuz eta ondorioz, ingurukoen ongizatea hobetuz.

Eta azkenik, estres maila gutxituz eta atentzioa berrezarriz osasuna hobetzea legoke. Roger S. Ulrich ikertzailearen “Stress Reduction Theory” (SRT) eta Stephen Kaplanen “Attention Restoration Theory”-ek (ART) dioten bezala gune berdeek estresa gutxitzeko eta atentzio maila berreskuratzeko ahalmena dute. Gune berde batean egoteak emozio positiboak sortzen ditu, negatiboak blokeatuz eta honela estres maila gutxituz, Ulrichen arabera, eboluzioaren oinarrian dauden erantzun biologikoen prozesu bezala ulertzen da. ARTa aldiz, gune berdeetan atentzio esfortzurik gabe egoteak atentzio berreskuratzen dela dio.

Hortaz, hirietako gune berdeek osasunean duten eragina aztertuta, hiri plangintzan eta hiritarren bizitzetan maizago kontuan hartu beharko litzateke. Izan ere, osasunean eragin positiboak izateaz gain, ingurumenean, eta hortaz, aldaketa klimatikoan ere, eragin positiboak dituelako. Hiri osasuntsuagoak eta jasangarriagoak baditugu helburu gune berdeek garrantzi handiagoa eduki beharko dute.

.

Erreferentzia bibliografikoak:

Ulrich, Roger S. (1993). Biophilia, biophobia, and natural landscapes, Kellert, S.R. eta Wilson, E.O. (ed.), The biophilia hypothesis, (73–137). Island Press.

Ulrich, Roger S. (1983). Behavior and the Natural Environment. Springer US, Boston.

Kaplan, Rachel, Kaplan, Stephen (1989). The Experience of Nature: A Psychological Perspective. Cambridge University Press.

Kaplan, Stephen (1995). The restorative benefits of nature: Toward an integrative framework. Journal of Environmental Psychology, 15(3), 169–182. DOI: https://doi.org/10.1016/0272-4944(95)90001-2

Hiriko gune berdeak eta osasuna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.