Internet, eta harekin dugun harreman kutsakorroraz bi hitz

Internet, eta harekin dugun harreman kutsakorroraz bi hitz –

Internet, eta harekin dugun harreman kutsakorroraz bi hitzCarlos Taibo pentsalari anarkistaren libururik ezagunena (horrela esango nuke) irakurtzen ari naiz: Colapso. Idazleak, irakurri dudan arte behintzat, Colapso edo geldiaraztearen aurrean norabide bat hartzeko premiaren berri ematen digu. Taibok munduaren gelditzeaz gain, ezagutzen dugun gizarte estrukturen suntsitzea ere argudiatzen du. Bi ardatz nagusi erabiltzen ditu horretarako: klima-aldaketa, eta lehengai ez-berriztagarrien agortzea (adib, petrolioa).

Sei neurri proposatzen ditu eta atzetik aurrera har ditzakegu. Agian ez hain gertuko zerbaiti aurre egiteko, kasu askotan ez baitugu atzera egiterik epe motzean, baizik eta gure inguruarekin beste harreman bati ekiteko. Sei neurri horietatik ezagunena, zalantzarik gabe, deshazkundearen teoria da. Produkzio ekonomikoa modu erregularrean eta kontrolatuan murriztearen aldeko teoria politiko-soziala hain zuzen ere. Horren helburua, gizakiaren eta naturaren arteko harreman berria ezartzea da, baina baita gizakien artekoa ere.

Nolanahi ere (eta liburua bukatu ez dudala kontuan hartuta), irakurketa oso interesgarria iruditzen zait.

Liburua irakurtzen hastearekin batera, Izarori Euskadi Irratian internetek egiten duen energiaren kontsumoari eta honen energia-bideragarritasunari buruz egin zioten elkarrizketa ere entzun nuen. Eta biak lotu ditut.

Ez naiz gai horretan aditua, ezta gutxiago ere, baina bistan da, edozein pertsona zentzudunarentzat, ezin dugula azken urteotako hazkunde teknologikoarekin jarraitu. Bakarrik azaletik bada ere, Internetek zenbat energia gastatzen duen aztertzen hasten bagara, begiak lekuz kanpo izango ditugu, seguru asko inoiz begiratu ez dugun errealitate horri so. Baina errealitate hori egiazkoa izaten jarraitzen du, begiratu ala ez begiratu. Eta, hala ere, uste dut zaila dela berau kalkulatzea.

Datuak prozesatzeko zentroek, egunero erabiltzen ari garen zerbitzariek (ehunka, edo milaka dira), bitak bidali eta jasotzeko erabiltzen ditugun telefono edo zuntz optikoko lineek, prozesadoreen prozesu-zikloek… kontsumitzen duten energia “bakarrik” kalkulatu beharko genuke. Baina, era berean, sistema horiek ekoiztearen kostu energetikoa, eta berauen zaharkitzapen programatua, besteak beste, zein den argitu beharko genuke. Eta, zalantzarik gabe, zerbitzu horiek kontsumitzen ditugun gailu mugikorren edo ez mugikorren energia-kostua ere kalkulatu beharko genuke. Onar dezaket, agian, zerbait errazagoa izango litzatekeela Twitter edo Facebook zenbat kontsumitzen duten jakitea, edo Google, baina, esan dudan bezala, askoz zailagoa egiten zait Internetek zenbat kontsumitzen duen jakitea. Baliteke, egiten dugun kontsumoa ikusita, kontuan hartu beharreko datua Google-n, Amazon-n, Facebook-en, Apple-n eta Microsoft-en kontsumoen batura izatea. Ez dakit.

Badakizue, eta norbaitek pentsatuko du argudio hau oso eskasa dela, software librea erabiltzeak gure gailu guztiak kutsatzen dituen zaharkitzapen programatua atzeratzen laguntzen digula. Eta oso baliabide gutxi kontsumitzen duten GNU/Linux banaketak daudelako besterik ez da. Baina, era berean, zerbitzariak ere sor genitzake, lokalak, autogestionatuak eta elkarrekiko laguntzan oinarrituak, energia berriztagarriz hornituak, baterietan energia metatzeko sistemarik gabeak; adibidez, eguzkia dagoenean online egongo direnak eta… edo, agian, gauza asko baztertu behar ditugula onartu behar dugu.

Neurria edozein dela ere, bistan da zerbait egin behar dugula eta teknologia ez dela beti neutrala. Ezer egiten ez dugun bitartean, eta beste pentsalari anarkista bat testu honetara ekartzeagatik (bide batez, kalkulua nola egin behar genukeen argudiatzeko ideia lapurtu diodala aitortzearren), esango nuke Kropotkin baikorregia izan zela teknologiarrekin dugun harremanari dagokienez.

Internet, eta harekin dugun harreman kutsakorroraz bi hitz

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude