Halopi legea eta piratak

pirataEderra zalaparta gaur dabilena Frantzia aldean: Asanblea Nazionalean, Halopi legea aztertzen ari dira, P2P sistemen trukaketak sortzen dituen ondoezak ekidin nahian. Edo.

Gauzak horrela, hamaikatxo elkarte eta jende hasi da protestaka. Horietako batzuk Piraten sarean bildu dira, eta harro daude: Ni pirata naiz, diote. Eta ez dira horretan geratzen, Askatasun digitalaren aldeko paktua sinatzea eskatzen dute. Ez da giro!

(Eta ni ixilik, gai hau ez baitaukat zeharo argi: ez dut sinesten Sarkozyk egileak babestu nahian dabilenik. Horretarako badira bide hobeak errepresioa baino. Deskarga pirata bakoitzean zenbat “kentzen” zaio sortzaileari? Zenbat industriako multinazional handiei? Esango nuke, kulturaren eta espektakuluen industriak hedapen eta kobratze bide berriak asmatzen ez dituen arte, kalapita hortxe egongo dela, erretenean  sartzen ez baitago erraza egungo  aukera digitala. Ala ez?)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Halopi legea eta piratak”-ri buruz

  • Bere momentuan, lege hau egiteko proiektua atera zenean, luddismoa etorri zitzaidan burura*… Baina ez nuen uste benetan aurrera eramango zutenik!

    Eta, bai, ni ere ados nago azken parrafoan diozunarekin; ñabardura bat ordea: kulturaren eta espektakuluaren industria handirik (sosetan behintzat) ez daukan kultura batentzat, kalapita baino, aukera handiak ikusten ditut nik digitalaren aroan.

    Arazoa, beharbada, zera izan daiteke: iñurriari elefante izateko gogoa jartzea, eta elkartruke digitalaren kontra egitea txikiak, handiak egiten duen bezalaxe.

    * http://www.blogari.net/boligorria/2007/11/26/sarkozy_eta_luddismoa

  • Ez dago P2Pak erabat gelditzeko modurik. Ikus bestela auzitegi suediarretan The Pirate Bay-rekin gertatzen ari dena. Gauza da jakitea zenbat denbora beharko dugun guztiok egoera berri honetara egokitzeko. Badirudi aipatzen dituzun industria multinazional horiek direla denbora gehien beharko dutenak.

    Nire eritziz P2Pek ez diote kulturari kalterik egiten. Kontrakoa baizik.

  • Amonamantangorri 2009-03-17 21:21

    Aspalditik, ordaintzen ditudan disko bakarrak talde minoritarioenak dira, ekintza humanitario eta desinteresatu gisa. Euskal musika orohar, erosi egiten dut. Gainerakoak sarean dauzkat. Zergatik erosi behar nituzke? Etika? Ho ho.

    Kobratzeko bide berriak asmatu? betidanik, musikarien diru-sarrera nagusia zuzeneko emanaldiak izan dira. Beatlesen diru pila obszenoak salbuespena izan dira musikaren historian.

    Eta zinemari dagokionez, ezin zuen luze iraun entretenimendu txotxoloetan gastatzea estatu batzuen Barne Produktu Gordinaren adinako sosak. Hemendik gutxira Hollywooden eredua ez da errentagarria izanen.