GOOGLEren atzaparrak irakaskuntzan

GOOGLEren atzaparrak irakaskuntzan –

Hamarkada honetan Googleren erabilera izugarri handitu da ikastetxeetan: Gsuite, Google classroom eta Gmail bezalako aplikazioak ohikoak dira.

GOOGLEren atzaparrak irakaskuntzan

Azken urteotan bilakaera kezkagarri bat gertatzen ari da gure hezkuntza sisteman. Ikaslea sistemaren ardatz izatetik, beste interes askoren erreminta izatera pasatzen ari da, eta, horretarako, erakunde pribatu askok jomugan ipini dute eskola bere interes ekonomiko eta ideologiko zehatzen mesedetan.

Adibidez, Botin familiaren Empieza por Educar ekimena ikastetxe askotan abiarazi dute eta Kutxabank, La Caixa eta beste banku asko finantzen inguruko formazioa ematen saiatzen ari dira. Gainera, administrazioak sarbidea erraztu eta diruz hornitzen ditu programa horietako asko.

Hori guztia gutxi balitz, Google multinazionalaren aplikazioak eta atzaparrak gero eta barneratuago ditugu ikastetxeen egunerokoan. Azkenengo hamarkadan Googleren erabilera izugarri handitu da Hezkuntza Sailak bultzatuta: Gsuite, Google classroom, Gmail eta abar ikastera behartuta gaude irakasleok ikastetxeetako formakuntzetan.

Harrigarria da IKTen inguruko formazioa Google bezalako enpresa pribatuaren eskutik etortzea. Eskoletatik familiei adin gutxiko ikasleen datuak ematea eskatzen ari gara, hau da, Google enpresak gure ikasleen datuen trataera egiteko baimena sinarazten diegu. Eskolan egiten denez, erabat segurua izango dela pentsarazi diegu familiei, baina ez dago ziurtatzerik.

Gmail bat izateko gomendatutako adina 14-16 urtekoa da ia Europa osoan. Gure eskoletan 10 urterekin, eta batzuetan gainera gazteagoak direnean behartzen ditugu posta kontua irekitzera.

Eusko Jaurlaritzak teknologien kudeaketari dagokionez jarraitzen duen politika akritikoak ez du mugarik eta menpekotasun horretaz harro, Aitor Iriartek, Eusko Jaurlaritzako informazio zerbitzu buruak, hurrengo erabakiak iragarri ditu: Irakasle.eus kontuak dualak izango dira Microsoft/Google eta ikasleei ere horrelakoak ireki ahal izango zaizkiola; Chromebookak homologatuko dira eta ikasleei zuzendutako chrombooken erosketa masiboa gauzatuko dute.

Gauzak horrela, egoeraren larritasunaz ohartuta, STEILAS sindikatuak Hezkuntza Sailari exijitzen dio: aplikazio digital horiek ikastetxeen funtzionamendurako beharrezkoak direla kontsideratzen badu, plataforma digital propioa sortu dezala, dagozkion aplikazioak garatu eta ikasleen pribatutasuna bermatzeko.

Gure esku dago hezkuntzaren eredu merkantilistari eta intrusismoari aurre egitea!

GOOGLEren atzaparrak irakaskuntzan

6 pentsamendu “GOOGLEren atzaparrak irakaskuntzan”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-11-06 09:53

    Mila bider zorion artikuluagatik! Azkenean norbait gutxienez ohartu da egoeraren larritasunaz. Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egin nahiko Google eta jendaila guzti hauen “doako” aplikazioek dirutza eta burukomin asko aurrezten dizkielako. Baina faktura geroago ikusiko dugu eta orduan berandu izango da.

  • Insistentzia 2019-11-06 10:12

    Egurra Googlei. Duten informazioaren monopolioak ahalbidetzen die gizartea beren nahierara manipulatzera, edozein herritako bozak barne. Gizateriaren etsaia da.

  • Bazen garaia norbaitek esateko. Sasikume horiek DENAZ jabetu nahi dute, eta haurren hezkuntzarekin aurrekari oso kezkagarria ari da ezartzen. Inteligentzia artifizialaren garapenarekin jende horrek populazioaren gaineko kontrol ia erabatekoa lortu lezakete hamarka hutseko kontuan. Munstroa ari gara elikatzen, konturatzen garenerako “euskaldun bat”ek dioen bezala beranduegi izan arte.
    Huxleyren Brave New World hemen da

  • Ane Gandariats 2019-11-13 19:44

    Eskerrik asko Steilasi.
    Negargarria da Hezkuntza Sailaren jokabidea alor horretan, baina, zoritxarrez, irakasleok ere jokabide horretan lagundu baino ez dugu egiten.
    Egia da kontu korapilatusa dela eta ni, behintzat, erabiltzaile trakets bat baino ez naiz. Hala ere, konturatu egiten naiz gehiegikeriaren tamainaz.

  • Gai honekin kezkatuta gauden irakasle, guraso eta herritar ugari telegram talde honetan ari gara antolatzen: Hezkuntzan ere librezale
    https://t.me/hezkuntzanlibre