God save Facebook, The fascist regime

God save Facebook, The fascist regime –

God save Facebook, The fascist regimeEz dakit ba, agian testu hau Bilboko errekan, megafonoa eskuan, Facebookek berak lurrean irakurtzea debekatuta, lau haizeetara zabaldu beharko nuke. Edo agian Urdaibain, uretara jausiz gero bizirik ateratzeko aukera gehiago izateko (momentuz behintzat). Edo agian ez nuke horrelakorik pentsatu behar, Sid Vicious-en adina aspaldi gainditu nuen. Gainera, baten batek bideoa grabatu eta Facebookera igoko luke, baina seguruenik, hori gertatuta ere, arin baten ezabatuko luke Facebookek bideoa.

En fin.

A zelako asteak lagunok. Lehenik eta behin, Facebook-etik alde egiteko argudio gutxi bagenitu, beste batekin egin genuen topo. Jarraitzeko, Twitterren (agian beste maila batean), baina funtsean berdin-berdina gertatzen zela jakin dugu. Gutxi balitz, bukatzeko, Twitterreko pasahitzen kontu hau… egia esan, beraien edukiak eta geure pribatutasuna zaindu behar dituzten enpresa neoliberalak lotsagorritzeko moduko albisteak. Lotsarik izango balute.

Ez naiz inoiz Egiptoko basamortuan egon, baina jakin badakit basamortu horretan harea egon badagoela. Antzera gertatzen zait sare sozial korporatiboen aferarekin, ez naiz inoiz beraien bulegoetan egon, baina jakin badakit nire datuekin negozioa egiten dutela. Lehen, aktibismoaren kontuarekin zuritzen nuen gaia, baina azken asteotan itsasjoa dut. Benetan ditugu beharrezkoak? Bai, egia da, pertsona askorengana iristeko gaitasuna ematen digutela, baina, horrek beste guztia justifika dezake? Ondo sentitzen gara “Atsegin dut” batekin geure burua zuritzen?

Urtea hasi berria zela, egin nuen lehen gauzetako bat Facebook kontua ezabatzea izan zen. Eta bai, erabaki politiko bat izan zen. Eta bai, nire inguruan erabaki politiko bat izan zela aipatzen dudan bakoitzean barre egiten didate. Zer egingo diogu ba! Ziur naiz momenturen baten nik egindako hausnarketa horrekin bat egingo dutela. Baina badakizue zer? Ez dudala Facebooken falta sumatzen. Ezta beharra. Harritzekoa bada ere ez nuen mono fisikorik izan.

Zentsura sistematikoa burutzen duten enpresa kapitalista-”sentibera” horiek ez zuritzea da ideia honekin bat egiteko lehen pausua. Ez erabiltzea bigarrena. Erabiltzen ez ditugun bitartean alternatiba libreak daudela jakitea hirugarrena. Eta alternatiba horiek ezagututa kapitalismo digitaletik alde egiten saiatzea, hau da, profilak ezabatzea, laugarrena eta azkena. Batek baino gehiagok esango didazue nahiz eta pausu hauek guztiak burutu teknokapitalismoa atzetik izango dudala. Eta bai, baina ez maila berean.

Jar ditzagun gortina sendoak gure leiho biluzietan, horrek ez du esan nahi leihotik begiratzeari utzi behar diogunik, ezta auzokideekin berba egiteari utziko diogunik ere. Bai ordea, nahi dugunean gortinak ixteko aukera izango dugula.

.

Fedibertsoa (unibertso federatua)

Beste bizimodu digitalak egon badaudela aipatu dut, libre eta deszentralizatuak, eta horien sorta txiki bat ekarri nahi dizuet hona gaurkoan. Twitter eta Facebook aipatu ditudanez, bi besterik ez. Ez baitut zuetariko inor gainezka egiteko asmorik:

  • Mastodon: mikroblogintza lantzeko tresna aske eta deszentralizatua. Teknokapitalismoarekin alderatu behar badugu, Twitter aske bat. Geroz eta euskaldun gehiago gaude han. Eta aitortu behar dizuet; bertan sortzen diren eztabaidak azken urteotan Twitterren ematen diren eztabaidak baino interesgarriagoak dira, askoz.
  • Diaspora: sare sozial banatu bat, gure ego behar izan horri txute bat emateko. Hau ere teknokapitalismoarekin alderatu behar izatekotan, Facebook libre eta deszentralizatua da. Nik neuk ez daukat konturik, momentuz, baina badira erabiltzen duten beste euskaldun asko. Pertsona oso interesgarriak tartean.

Beste batzuk ere ezagutzen ditut, baina bi hauetako bat probatzen baduzue, momentuz, blog bidalketa honen asmoa guztiz asebeteko duzue.

Egizue sare sozial libre eta deszentralizatuen fedibertso iraultza abangoardia lanak.

Egon bagaude.
Izan bagara.
Bagatoz.

… they (don’t) made you a moron.

God save Facebook, The fascist regime God save Facebook, The fascist regime God save Facebook, The fascist regime

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.