Gizarteari egindako ekarpenek saria izango dute Puntu Soziala egitasmoari esker

Puntu Soziala egitasmoa –

Gizarteari egindako ekarpenek saria izango dute Puntu Soziala egitasmoari esker

TaPuntu Kooperatibak Puntu Soziala egitasmoa sortu zuen urtero gizarteari ekarpen positiboa egiten dion proiektu baten sareko presentzia hobetzeko. Zabalik da hirugarren edizioan izena-emateko epea urriaren 9a bitarte.

 

TaPuntu kooperatiban, irabazi asmorik gabe, urtero gizarteari ekarpen positiboa egiten dion proiektu bat aukeratzen dute, hau saritu eta sarean duen presentzia indartzeko helburuz. Gizarteko edozein arlotan eragin positibo bat duen norbanako, elkarte edo enpresa batek lor dezake urtebeteko sari hau.

Aukeratzen den proiektu sozialak bere zabalkuntzan dituen arazoak aztertuko dira TaPunturen eskutik, zailtasun eta erronkak identifikatuz. Aurrera begirako aukerak atzeman eta hauek lortzeko estrategia garatuko dute. Amaitzeko, urtebeteko plangintza bat osatuko dute elkarrekin. Proiektuak TaPunturen zerbitzuak doan jasoko ditu eta, behar izanez gero, eragile gehiagoren elkarlana gauzatuko da.

Puntu Soziala 2019-2020, hirugarren edizioa

Lehen edizioan Basherri Sarea, Gipuzkoako kontsumo talde eta kooperatiba ekologikoen sarea, izan zen aukeratua. Urtebeteko doako lanketan zehar beraien helburuak azaltzeko bideo korporatiboa, sare sozialen estrategia, hauen inguruko formazioa eta e-mail marketin kanpainak egiteko formazioa jaso zuten. Azken edizioan Biak bat elkartea, animaliek lagundutako esku-hartzeak erdigune izanda behar psikosozialak asetzeko proiektua izan zen irabazlea. Biak Bat elkartearen irudi korporatiboa berritu genuen, bideo korporatiboak sortu eta webgune berria sortu zitzaien.

Parte hartzeko

Egitasmo honetan izena emateko bidea PuntuSoziala.eus web-orria da. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 9tik urriaren 9ra artekoa izango da. Hiru finalista aukeratu ostean, proiektuaren irabazlea urriaren 21an iragarriko da, eta hortik aurrera hasiko da proiektu aukeratuaren online presentziaren urtebeteko lanketa.

TaPuntu Kooperatiba

TaPuntu kooperatiba marketin digitala, formazioa, diseinua grafikoa eta multimedia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gaztea da. Kooperatibaren metodologiak bezeroen online nortasuna modu integralean lantzen du, horretarako beharrezkoak diren ekintzak gauzatuz. Kooperatibari buruzko informazio gehiago, eta orain arteko ibilbidea ezagutzeko: tapuntu.eus

Egitasmoak, urtero bezala, PuntuEUS Fundazioaren laguntza izango du.

Puntu Soziala egitasmoa