Galaxy Gear: “estiloa funtsaren gainetik”

smartwatchSamsung-eko korearren Galaxy Gear ez da merkaturatzen den lehenbiziko erloju inteligentea. Aurretik Sonyk ere jarri zuen berea salgai. Japoniarrenak ez zuen merkatuan funtzionatu, eta irailaren amaieran aurkeztutako Galaxy Gear-ek kritika ezkorrak jaso ditu. Horregatik, ordularia geek harribitxi gisa saltzeko promozioa jarri du abian. Zuk ere nahi al duzu Gadget inspektorearen erlojua?

Galaxy Gear erlojuaren diseinuak ez du nabarmenkeriarik. Pantaila eta uhala. Uhala eta pantaila. Lekuz kanpo atzematen den gauza bakarra uhalaren albo batean kokatutako zulo beltza da, alegia, 1,8 megapixeleko kamera. Ezkutuko argazkiak-bideoak egiteko balioko ote du? Ez ba. Instantanea bakoitzarekin erlojuaren bozgorailuak soinua egiten du.

Ordularia pantaila batean izatea ez da berrikuntza. Normala den bezala, bai itxura analogikoz zein digitalez aurkeztu dezake ordua Galaxy Gear-ek. Baina zer eskaintzen du berezia? Azken finean erlojuak telefono funtzio bete dezakeela, batik bat. Eskumuturrekoa ahora hurbiltzea nahikoa da solasean hasteko. Gainera, ahots errekonozimendu software-aren bidez zabaldu daitezke zerbitzuak. Horrez gain, mezuak irakurtzeko aukera ematen du baita musika entzuteko ere. Eta, gaur gaurkoz, hori da nabarmentzekoa. Baina asko ditu Galaxy Gear-ek. Eta, Samsung berak onartu duenez, “zerbait berezia” falta zaio telefono inteligenteari.

Bainen artean handiena: azken belaunaldiko Samsung telefono bat ezinbestekoa da erlojua erabiltzeko. Hau da, Galaxy Gear ez da gadget independiente bat, bluetooth bidez beste gailu batetara lotzen den aparailua baizik. Baina gehiago: gaur gaurkoz apenas dago aplikaziorik prest erlojurako, tartean, whatsapp, twitter eta facebook. Notifikazioetara mugatzen da; gero telefonoan ikusteko. Desilusionatuta, ezta? Samsung-en arabera, bateragarritasunak handitzen joango dira denborarekin. Halere, gure telefonoetan ezinbesteko diren App-ak super-erloju berri batean ez izatea frustrantea da.

“Estiloa funtsaren gainetik” titulatu dute Galaxy Gear-en analisia CNet-eko lagunek. Ez da harritzekoa. Aurkitu dituzten hutsuneak oso nabarmenak izan dira. Adibidez: telefonoari mikrofonodun entzungailuak sartu arren bozgorailutik entzun behar dira telefono deiak. Idazteko ere ez du balio. Amaitu gabeko produktua dirudi Galaxy Gear-ek, eta beharbada horrela da. Hobetzen joango omen da.

Gauzak horrela, erlojua saltzerako orduan marketing kanpaina xelebrea burutu dute Samsung-ekoek. Erlojua ezkutatzea izan da estrategia. Alegia, Holywood-en telefono-erlojuek utzitako arrasto emozionala (?) probestu nahi du erosleak harrapatzeko. Produktu txar bat saltzeko teknika soila dirudi. Inork gutxik nahiko lukeen gailuaren propaganda. Retro-etorkizuna deitu dakioke erloju inteligenteari. Izan ere, iraganean etorkizuneko gailuak imaginatzen zirenetan erreparatu du Galaxy Gear-ek kanpainan. Jarraian duzu publizitate bideoa, ederra bidenabar. Prezioa: 299 dolar (El Corte Ingles).

Hau ez da teknologia zaleak zain egon diren erlojua. T3 weguneko analisiak hau dio argi eta garbi: “Samsung Galaxy Gear-arekin ez dugu inoiz igarri bere beharra genuenik. Ez hori bakarrik, gero eta gehiago erabili orduan eta erabilgarritasun gutxiago du“.

erlojua, gadget, galaxy, gear, inteligentea, ordularia, samsung, smart, Teknologia, watch

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude