Gaixoak zaindu, aparkatu edo gau polarrean utzi

Gaixoak zaindu, aparkatu edo gau polarrean utzi –

Amatiñok bere blogean.

Zahartzea da alzheimerra agertzeko arrisku-faktorerik nagusiena. Kasuen %99tan, genetika ez da faktore erabakigarria. Herentziazko alzheimerra %1ean baino ez omen da gertatzen eta, halakoetan, gaixotasuna 65 urte bete baino lehen azaldu ohi da, modu oldarkorrez azaldu ere.

Gaixoak zaindu, aparkatu edo gau polarrean utzi
Auguste Deter*, 1850-1906.

Hau ez da beti horrela izan. Ez ziguten behintzat sekula horren argi esan. 35 urte inguru nituela hil zitzaidan amama alzheimerrez eta hogeitaka urte geroago ama, alzheimerrez ere. Gogoan dut, besteak beste, Joseba Bidaurrazaga** medikuari ere galdetu niola, alzheimer-arriskurik izan ote nezakeen, eta ezezko erantzuna baino ez nuen jaso.  Inork ez zidan esan, ordea, genetika*** ez zela, ez dela, faktore erabakigarria.

Eustat-en datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 40.000 lagun  daude egun alzheimerrez, baina, 2050 urtean, 75.000 inguru izango omen dira. Eta ez, jakina, jendea elkarren artean kutxatuko delako, baizik eta gizartea, batez beste, gero eta adintsuagoa izango delako; ez baita alferrik zahartzea, zahartzaroa, alzheimerra agertzeko arrisku-faktorerik nagusiena.

Hurrengo belaunaldirako bikoiztu egingo omen den dementzia-mota honi aurre egiteko, CITA-alzheimer lantaldeak**** eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin jarriko dute indarrean Basque Center for Alzheimer’s Prevention (BCAP) ikerketa-zentrua, alzheimer-arriskuaren miaketak lehenesteko eta, zientziaz zein teknologiaz, beharrezko estrategiak aurreikusteko, Europako Parlamentuak eta Munduko Osasun Erakundeak iradoki bezala.

Zientzia, teknologia, zerbitzuak eta diru asko baino zertxobait gehiago behar izango da alzheimerrak jotako gaixo guztiak (biztanleriaren %3) zaindu ahal izateko. Zaindu, aparkatu edo… Inuiten betidaniko estrategia ‘naturala’ berreskuratu: zaharrok gau polarrean euren gisara utzi eta kitto.

Baina ez bide da behar izango. 2050 urterako zientziak aurkituko omen du alzheimerra osatzeko txertoa, martxan honetan klima-aldaketari legokiokeen erantzuna adostu baino lehenago, hain zuzen.  Hartara, bada, beraz, ardura larriagorik. Gainera, ordurako, ni ez naiz egongo… ala bai? Nork berma dezake 105 urte hartzerik izango ez dugunik? Badaezpada Aurretiazko Borondateen Dokumentua egitea komeni, ez gaitzaten sekulatan txotxoloturik kontserbatu.

—oo0oo—

* Auguste Deter. Alois Alzheimer psikiatrak berariaz tratatu zuen lehen kasua (1888).

** Angel Bidaurrazaga ospetsuaren seme eta jarraitzaile. Telebistan ere  elkarrizketatu izan nuen, 1985 urte inguruan.

*** Euskal jatorria omen duen Kolonbiako “alzheimer goiztiarra” (paisa mutazioa) genetikoa bada ere..

**** CITA-alzheimer egitasmoa 2015 urtean aurkeztu zen lehen aldikoz, Deban hain zuzen ere, 65 urtetik gorako boluntarioen artean hainbat elkarrizketa, froga, azterketa eta jarraipen egiteko. Egia da azken sei urteotan oso ondo tratatu gaituztela; ezin ere uka, gutaz baliatu direla, zentzurik onenean; baina, ezin esan, ordea, bestelako informazio zehatzik edo  berezirik eman digutenik. 

Gaixoak zaindu, aparkatu edo gau polarrean utzi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Gaixoak zaindu, aparkatu edo gau polarrean utzi”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-30 13:26

    Uste nuen ALZEHIMERen pikoak gora egin zuela “Behi Eroen affaire” hura gertatu zenean. Hala ote?

    Eta “zahartzaroari” buruz, koadratzen EZ zaizkidan gauza pare bat:
    Bat, gero eta urte gehiago biziko garen uste fantastikoa. Jada Britania Handiko Hiriguneetan-eta, zifra-kurbak beherantz hasiak zitunan. Badakin, jakin… Elika-zaborreriak-eta GARUNERA jotzen duenean…

    Bestalde, ez zekinan, zehazki, ZAHARTZAROAK zer esan duen ere, edo zerekiko erreferentzia den. Soilik adin fisikoarerekikoa?, edo batipat “artaldeAREN” inmunizaziaorekiko…. edo inokulazioarekiko…

    Ea norbaitek azaltzen didan hobeto.