Fisika, sormena, etorkizuna

Fisika, sormena, etorkizuna –

2011-04-14

Beste izen bat ere jar niezaiokeen blog honi, esate baterako Zientziaren garrantzia gure okinari kontatua, edota Arrautza eta oiloa, baina azkenean nahiago izan dut Jakin baneki! izendatzea, nahiz eta ez naizen gauza agertzeko zergatik egin dudan hautapen hori. Izango da ez daukadalako oso argi non sartzen ari naizen blog kontu honekin, edota buruari baino gehiago, senari obeditzeagatik.

Kontua da noizean behin hementxe argitaratuko ditudala nire pentsamenduak, astean behin edo antzeko maiztasun batekin, zientzia eta teknologiak ekarri diguten garaipenaz aritzeko, batez ere. Funtsean, duela bost urte, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako forum batean erabili nuen hitzaldia ekarriko dut hona: Fisika, sormena, etorkizuna izenekoa. Hortik sarrera honen titulua.

Fisika, sormena, etorkizuna
Ezagutzen? (cc-by-sa:AbodeOfChaos)

Hitzaldia eman nuenetik honako azken bost urte hauek bizi-bizi joan dira eta mundua ez da lehenago zena bera, baina, hala ere, XXI.mendearen hasieran baizik ez gaude egiazki, eta oraindik ere beharrezkoa zaigu joandako mendearen bilana edo balantzea egitea:  Zer izan da, funtsean, hogeigarren mendea?

Astirik bagenu, gustura egingo nuke inkesta edo bozketa bat zuen artean, jakiteko zuetako bakoitzarentzat zer izan zen XX. mendea. Interesgarria litzateke hori jakitea, ziur bainago oso ikuspegi desberdinak agertuko liratekeela.

Izan ere, gauza asko eta askoren mendea izan da XX. mendea. Giza eskubideen mendea izan da, esate baterako; gero eta jende gehiagori aitortu zaizkio bere giza eskubideak, eta, astakeria latzak egin badira ere, duela ehun urte baino hobeto gaude, dudarik gabe. Aldi berean, nazismoa edo komunismoa bezalako gizarte-ingeniaritzen erruz, milioika eta milioika pertsonak neurri gabeko sufrimendua pairatu behar izan duten mendea ere bada, ordea, hogeigarrena.

Herrialde aurreratuetan, emakumea alor askotan berez dagokion lekua hartzera iritsi den mendea ere bada, nahiz eta zientziaren alorrean oraindik ez den hori lortu, aurrerago ikusiko dugunez.

Kontrasteen mendea da, beraz, hogeigarren mendea. Baina, batez ere, zientziak eta teknologiak garaipena lortu zuten mendea dela esango nuke nik. Zientzia-ezagutza giza arazoak konpontzeko erabiltzen asmatu zuen mendea da hogeigarren mendea. Eta, jakina, kulturarekin batera jendearen bizimodua ere aldatu egiten da. Ukaezina da  XX. mendean gizateriak sekulako aurrera-pausoa egin duela bere garapen bidean.

Zuetako nork daki, adibidez, nor zen 1905. urtean Estatu Batuetako presidentea? Eta hori dakienik bada, jakingo al luke esaten nor zen urte horretan bertan Ingalaterrako presidentea, edo Alemaniakoa? Ez, horrelakorik ez dakigu, eta bost axola gainera.

Benetan axola duena zera da, adibidez: 1905. urtean, Bernako bulego batean, bigarren mailako funtzionario ezezagun batek, patenteak kudeatzeaz gain, galdera bitxiak egiten zizkiola behin eta berriz bere buruari. Galdetzen zion, esaterako, ea zer itxura hartuko zukeen munduak argi-izpi baten barrutik begiratu ezkero; edo ea errealitate atomikoa esaten zaion hori benetakoa den, berezko errealitatea, alegia, edota hipotesi hutsa baino ez den, gizakiak errealitatea nola edo hala deskribatu ahal izateko asmatutakoa; espazioaren eta denboraren izaerari buruzko galderak ere egiten zizkion bere buruari, alegia, aldiberekotasunari buruzkoak…

Alabaina ez nuke nahi Einstein zientziaren jainko bakar bihurtzerik, benetan izan baitira beste batzuk ere, garrantzi itzela izan dutenak. Euren artean daude erradioaktibitatearen benetako izaera ulertzen saiatu ziren  batzuk, Rutherford eta Sody, besteak beste. Hurrengo sarreran aipatu nahi nituzke biak, aukera ematen badidazu, gaurkoz nahikoa luzatu naiz eta. Azken finean, hau blog bat da, eta diotenez,  hitzaldietan baino motzago behar da aritu.

Fisika, sormena, etorkizuna
etorkizuna, fisika, sormena

2 pentsamendu “Fisika, sormena, etorkizuna”-ri buruz

  • Kaixo auzokide! =) gustura irakurri dut zure sarrera, irakurtzen hasi eta gogoeta abtetara bideratzen zaituen horietakoa izan da, gehiago irakurtzeko gogoz uzten zaituenetakoa! Beste bat arte

  • Ez al zea pasa zertxobait komunismoa aipatzean?? Agian kapitalismoa idatzi nahi ote zenuen? Horrek bai sortu dituela sufrimenduak horrek!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude