Euskaraldia konfinatua

Euskaraldia konfinatua –

Lorea Arakistain Aizpirik sarean.eus atarian.

Konfinatuta, bakartuta, berrogeialdian joango da milaka eta milaka euskaldunentzat Euskaraldiaren bigarren edizioa. Kasurik onenetean PCR negatiboarekin eta txapa pijamara josita.

Etxeko korridorean aurrera eta atzera ahobizi eta belarriprest bila; baina, etxealdia ez da euskararen konplizerik onena. Izan ahal daiteke Euskaraldiarena?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da. Euskaraldiak komunikazioa du oinarri, eta, ondorioz, bakartuta daudenek ezingo dute Euskaraldian parte hartu. Ala bai?

.

Atera mugikorra

Komunikazioa aipatuta ezin komunikazio digitalak alde batera utzi. Komunikazio digitalak gizartearen eremu guztietan ematen dira uneoro, aisialdian zein lan-arloan, gazte zein helduen artean, zer esanik ez bakartuta bazaude edo telelanean ari bazara. Zeren zain zaude zure ahobizi eta belarriprest digitalak ere aktibatzeko?

     1. Bat egin

Jantzi txapa digitala! Kontzientzia hartzen lagunduko dizu.

    2. Adierazi

Azaldu zure lagun eta taldeei Euskaraldian parte hartzen ari zarela. WhatsApp taldeetan zure jarrera azal dezakezu izan ahobizi ala belarriprest. “Lagunok, Euskaraldian izena eman dut eta ahobizi naiz. Euskarari eusteko saiakera egingo dut, ados?” edo “Kaixo! Gaztelaniaz idazten jarraituko dut, hobeto moldatzen naiz, baina ulertzen dizuet eta euskaraz egin dezakezue. Belarriprest izan nahi dut”. Aurrez azalduta dena errazagoa da.

    3. Aktibatu

 Aktibatu euskarazko jarrera digitalak:

  • Ariketa soziala elkarrizketa digital guztietara zabaldu. Whatsapp edo Telegram taldeetan euskaraz aritu. Beste kideak bat egitera gonbidatu.
  • Sare sozialetan edukiak euskaraz argitaratu, eta erantzunak euskaraz eman.
  • Pertsonekin ez ezik, makinekin ditugun harremanak euskaraz egin. Horretarako gailuak euskaraz konfiguratu:

                        – Mugikor eta ordenagailuak euskaratu.

                       – Kutxazain, TAO makina, etab. hizkuntza aukera egokitu.

                       – Webguneak bisitatzean hizkuntza aldatu euskara hautatuz.

.

Horretarako, tresna baliagarriak daude.

  • Itzultzaile automatikoak

Itzultzaile automatikoak erabili eta eskaini ulertzen ez duenari mezu elektronikoetan, adibidez. Hainbat daude: Itzuli, Itzultzailea eta Batua.

  • Lehenhitza.eus

Lehenhitza.eus webgunean dauden APP eta tresnek mugikorra eta nabigatzailea euskaratzen lagundu diezazukete.

  • Hiztegiak

Hiztegi elektronikoen APP eta online bertsioak erabili ulermena errazteko.

Euskaraldia konfinatua

.

Arigune digitalak

Euskaraldia honen berritasun nagusia Ariguneak dira. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Arigunetako kide bezala ere aktibatu dezakezu zure rol digitala, zer esanik ez telelanean ari bazara!

  • Enpresako ordenagailu eta mugikorrak euskaraz jarri.
  • Ariguneetan mezu elektronikoak euskaraz idatzi

                        -Euskaldunekin euskara hutsez.

                        -Zalantza dagoen kasuan euskaraz, itzulpen automatikoaren aukera eskainiz.

                        -Sinaduran Euskaraldiaren abatarra gehitu ariketan hartutako jarrera adieraziz.

.

Kanpo ariguneetan aurrez arreko arretaz gain jarri fokua arreta digitalean:

  • Enpresa edo erakundearen webgunea modu lehenetsian euskaraz aurkeztu bisitariari.
  • Enpresa edo erakundearen webgunean .EUS domeinua erabili.
  • Sare sozialetako abatarretan Arigunea txapa jantzi.

 

Euskaraldia konfinatua

Honaino iritsi bazara, zorionak! Konturatu orduko berrogeialdia amaitu eta txapa jantzita kalera ateratzeko prest egongo zara. Bada, egin kontu egunero-egunero aktibatu dezakezula zure ahobizi edo belarriprest digitala!

 

Euskaraldia konfinatua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude