Euskal Wikipedia elikatzen

Euskal Wikipedia elikatzen

Euskal Wikipedia elikatzen

Wikipedia 292 hizkuntzatan dago, eta horietako bat euskara da. 2003koa da Wikipedian euskaraz idatzitako lehenengo sarrera: 13 urte geroago, 260.581-etik gora artikulu daude euskaraz, eta, hizkuntza guztien artean, 31. postuan dago euskara, Europar Batasunean ofizialak diren hainbat estatu hizkuntzaren  gainetik.

Wikipedia lan boluntarioz egindako entziklopedia da, eta boluntarioz osatutako komunitate baten lanari esker da hori posible. Interneteko edozein erabiltzaileren askotariko ekarpenekin elikatzen da entziklopedia askea, eta, horregatik, jasotako informazioa gainbegiratu, zuzendu eta antolatzeko administratzaileak daude.

Edonor izan daiteke artikugile, eskatzen zaiona da arau batzuk betetzea, gutxienez bete beharreko bi baldintza: euskaraz txukun egitea eta idazten denaz jakitea. Informazio txukuna duten datu baseak bilatu ohi dira, eta horietatik sortzen dira sarrera asko. Bada programa informatiko bat datu base horretatik informazioa hartu eta Wikipediako forma emateko prestatuta dagoena; horrela nahiko erraza da artikuluak sortzea. Hainbat hizkuntzatako Wikipediek egiten dute gauza bera.

Oso entziklopedia sendoa dugu euskaraz, baina asko dugu elikatzeko eta hobetzeko oraindik. Egun hauetan ere Euskal Wikipedia elikatzeko ekimen ezberdin antolatzen ari dira Euskal Herriko hiri eta sail ezberdinetan.

Hona hemen zenbait ekimen informazioa:

UPV-EHUk eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak elkarlanean antolatu dute hautazko ikastaroa, 1 ETCS-ko balioa duena; Euskarazko Wikipedia sustatzeko eta unibertsitate mailako testuak Euskarazko Wikipedian ugaritzeko helburuarekin. Ezagutza hedatzeko asmoa duten erakundeak izanik, bien arteko elkarlana sustatu nahi du ikastaroak: Jakintza alor ezberdinetako edukiak euskarazko Wikipedia handitzeko eta hobetzeko erabiliz.

Horretarako Wikilari adituen eskutik formakuntza saio ezberdinak antolatu dituzte, erreferentziak biltzen ikasteko, artikuluak idatzi eta zuzentzeko baita zalantzak argitu eta bidean laguntzeko. Dagoeneko 95 ikasle parte hartu dute antolatutako bi ikastaroetan: batez ere Informatika fakultatekoak dira, baina baita ere Kimika, Enpresaritza, Ingeniaritza, Psikologia, Filosofia, Zuzenbideko fakultateetakoak. Irakasleek ere ikastaroetan partu hartu dute.

 Wikipedia-topaketa: Donostiako C.Santamaría Liburutegian, egingo dute abenduak 1ean.

UPV-EHUk, bestalde, Zientzia Astea antolatzen du. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea alegia, gazte eta helduek, haurrek edota inguruarekiko jakin-mina duten pertsona guztiek aukera izan dezaten zientzia ikusteko, entzuteko, sentitzeko eta eztabaidatzeko egunero-egunero zientzian aritzen direnekin.

Emakume Idazleen Egunaren eta Zientzia Astearen arteko egun bat aukeratu dute, emakume zientzialari eta idazleei balioa emateko xedez. Wikipedian emakumeei buruzko artikulu oso gutxi daude, gizonei buruzkoak baino askoz gutxiago. Desoreka hori dela eta, Editatoia, emakume idazle edota zientzialarien biografiak osatu, itzuli edota sortzeko tailerra antolatu dute.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak Donostiapedia antolatu du, auzolanean, Wikipediahiri bihurtu du Donostia. Hiriko eragileekin lankidetzan, hiriaren historia eta kulturari buruzko artikuluak argitaratu eta edonorentzako eskuragarri jarriz. Hiriko leku esanguratsuetan kokatutako QR kodeek mundu fisiko eta digitalaren arteko lotura sortu dute [492 donostiar parte hartzen dute ekimenean].

Donostiari buruzko ezagutza bildu, eta gure hizkuntzetan ez ezik, ahalik eta hizkuntza gehienetara zabaldu. Horrekin batera Euskal Wikipedia indartzea eta hiriari buruzko informazioa handitu, zabaldu eta modu errazean eskuragarri jartzea ere lortu nahi du proiektuak.

Abiapuntu gisa, ekimen zehatzak definitu dira: Amarapedia auzolandegia, Wikipedia ikastetxeetan, edit-a- hon maratoiak…Guztietan hiria bera eta herritarrak izango dira protagonista, Donostiari buruzko ezagutza sortuz eta zabalduz.

Euskal Wikipedia elikatzen