Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta bat aurkeztu du

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta bat aurkeztu du

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du eta, azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du. Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu.

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta bat aurkeztu duAzkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan duela gutxi. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustazea da.

Hori dela eta, aspaldi duten kezka eta jakin-mina piztu zaie berriro Azkue Fundazioko langileei. Jakin badakite, gainera, euskalgintzan eta internet alorrean dagoen kezka dela. Ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik. Informazio falta handia dago alor honetan. Horregatik inkesta publiko bat egitea pentsatu dute.

Zer bilatzen da inkesta egitearekin?

Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea horrela, erantzun kopuru handia jasotzea. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…

Ahalik eta erantzun gehien izatea lortu nahi da, horrela ikuspegi erreal eta zabala lortuko dugulako eta informazioa benetan baliagarria bilakatuko delako. Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da. Lortutakoa egoera errealaren isla izango da.

Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta.

Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute?
Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

Inkestaren ezaugarriak

Inkesta hau publikoa izango da eta Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du.

Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.

Inkesta erantzun nahi duzu?

Bete nahi baduzu, hemendik zuzenean bete edo bertan sakatuz Google-eko inprimakira eramango zaitu.

 Emaitzen azterketa eta aurkezpena

Azkue Fundazioak inkestaren emaitzak eta horietatik aterako dituzten ondorioak publikoki zabaldu, partekatu eta aurkeztuko ditu. Gizartearen esku jarriko ditu eta, batez ere, erakunde, eragile, garatzaile eta sortzaileen esku.

Horrela, behar edo nahi dituenak eskuratzeko aukera izango du eta egokien ikusten duen moduan erabil.

Emaitzen aurkezpena Blogetan! Euskal blogariak lehian sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo du Azkue Fundazioak. Egun horretan euskal blogintzaren inguruko jardunaldia burutuko du ekitaldi horren barruan, datu eta ondorioak adierazi eta elkarrekin balioztatzeko aukera izango dugu.

Jardunaldia martxoaren 30ean izango da Euskararen Etxean.

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta bat aurkeztu du