Energia-iturriak

Energia-iturriak –

Energia-iturri berriztagarria dela esaten dugu, energia sortzeko darabilgun gaia agortu ezina denean, hala nola eguzki, haize, marea edo olatu bidezkoa, edo hidraulikoa, geotermikoa… Berriztagarriak deritzegu, pentsatzen dugulako eguzkia, haizea, mareak eta abar beti izango ditugula eskueran, ez direla ahituko.

Energia-iturriak

Ez dira berriztagarriak, noski, gaur egun gehien erabiltzen ditugun energia-iturriak, esate baterako nuklearra, ikatza, petrolioa edo gasa.

Energia garbiak, berriz, esan nahi du bere sorreran ez dela kalte ekologikorik sortu. Beraz, berriztagarria eta garbia ez dira sinonimoak. Adibide gisa eman genitzake: haize-errotek milaka hegazti hiltzen dute; erreketako presek arrainen ibilbidea eten dezakete edo labore-lurrazalera handiak urperatu; mendi-maldetako eguzki-panelen sail handiek higadura sor dezakete; zuhaitz-landaketak (biomasa) matarrasan kentzeak higadura nabaria sortzen du; eta abar.

Ondorioz, energia berriztagarrien kalteak murrizteko neurriak hartu behar dira, eta ez begiak itxi, berriztagarriak direla eta. Adibidez, auto elektrikoek ez dute kerik sortuko bere ibilian, baina zer garbitasun dago haien baterien eta haiek kargatzeko elektrizitatearen atzean?

Energia-iturri erraldoiak esaten diegu energia asko sortzen duten zentralei, esate baterako, zentral nuklearrei (nola fusiokoak, hala fisiokoak). Zentral nuklearrak bezala, energia-iturri erraldoiak dira baita ere presa hidroelektriko handiak, hektarea-kopuru handiak hartzen dituzten eguzki-panel sailak edo mendikate osoak hartzen dituzten aerogeneradore-ilarak.

Badu, ordea, beste energia-zentral erraldoiek bezala, beste arazo bat erraldoia izatetik datorkiona. Zer kalte du, bada, erraldoia izateak?

Naturako energia-zentralak landareak dira eta zentral horietan eguzki-argia energia kimiko bihurtzen da. Gero, landareetako animaliok erabiltzen dugu.

Naturaren estrategia izan zitekeen landare gutxi eta erraldoiak sustatzea, adibidez, Gipuzkoa osoan zuhaitz erraldoi bakarra izatea, baina ez, naturak zentral txiki ugari sortzera jo du. Landare bakoitzak bere haziak banatzen ditu ahalik eta zentral kimiko berri gehiago sor daitezen inguruan. Horrela, animalion bizi-iraupen egokiagoa bermatzen da.

Naturaren estrategia honek milaka milioi urte iraun du. Gureak ere zentzu berean joan beharko luke. Energia-iturri txiki, berriztagarri eta garbirantz jotzen badugu, gero eta gutxiago kontsumitzeko ohiturarekin batera egin beharko dugu, hiru baldintza horiek betetzen dituen iturri hori ez baita emari handikoa.

Energia hori kontsumitu behar den tokian jarri beharko lirateke energia-iturriak, zeren eta, garraioan alferrik galtzen den energia-kopuru ikaragarria alde batera utzita, inork ez baitu bere etxe ondoan nahi handik kilometroetara kontsumituko den energia sortzen duen aerogeneradore, erraustegi edo ziklo konbinatuzko zentralik, adibidez. Landaguneak poligono industrial edo hiri handien zerbitzura jarri eta haien izenean dena xahutzeko arrisku bizian gaude.

Lehen munduan bizitzeko zortea izan dugunok ari gara energia-iturriei buruz hitz egiten. Gure gizarte aberats honetako okerrak zuzendu nahian gabiltza; ondo dago, baina zer esango ote dute gure gizarte honi eusteko behar ditugun energia-gai, janari, egur, metal eta mineralak lapurtzeko esklabotzen, beren herrietatik kanpora bidaltzen, gure lurraldean sartzen ez uzten, eta beren kontsumo energetiko, alimentario eta kulturalik gabe uzten ditugun horiek?

Gizarte honek ere ez du aurrera egingo, kontsumoa partekatzen ez badugu, alegia, batzuena gutxituz eta besteena igoz.

Energia-iturriak
Energia-iturriak

Alegia. Biologoa, hiztegigilea, erlezalea eta erlezaina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude