Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?)

Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?) –

Idoia Zengotitabengoa eta Joseba Permach, Iratzar Fundazioko kideak, NAIZ-en.

Zalantzan jarri nahi genuke idazten hasi orduko (edo irakurtzen hasi orduko) azken hilabete hauetan plazara dakarten auzi bat. Bizitzea dagokigun garai arraro hauetan galdetu behar genuke, nork, zergatik eta nola erabaki duen plazan agertzearena. Zergatik orain hitz egiten da lan ordu murrizketaren inguruan? Gainera, baieztapen beldurgarriez lotuta etortzen zaizkigu lerro buruetara  murrizketak: enplegua suntsituko da digitalizazioarekin. Enplegu orduen murrizketaren eztabaida ekartzen digute, momentu berean, etorkizuneko patua enplegu suntsiketa (eta ez besterik) balitz bezala eta, koktelaren apaingarri, gizaki itxura duten robotak edo industria fabrika automotizatuen irudiak. Bestondo handia eta zapore txarra eman dezakeen edari gogor horietako bat dirudi.
Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?)

Etorkizuna eta enplegua bezalako hitzak entzutean baditugu nahi gabe aktibatzen zaizkigun irudikapen batzuk –markoak–. Etengabe (ber)sortzen dira irudikapen hauek, telebista, irakurgai, kale elkarrizketa, filma, datu… Ia oharkabean joaten dira forma eta edukia hartzen, geurera barneratzen eta hezurmamitzen, egiten dira nahi gabe, (sasi)unibertsal, neutral eta natural, geure parte bilakatzeraino. Azken urteetan, etorkizuna eta enpleguaren inguruan eraiki den marko indartsuena digitalizazioarena izan da eta, zuzenki lotu da enplegu galerarekin eta beraz, beldur sentimenduarekin. Garapen teknologikoak ezinbestean eta, modu naturalez, enpleguen galera balekar bezala. Hala izan liteke noski, baina ez ezinbestean eta ez erabaki politikoetatik urruti. Besteak beste, enpleguak murriztu beharrean, enplegu orduak murriztea aukera ere badelako. Ez gaitezen horretara mugatu ordea.

Bestondoa izan aurretik begiratu dezagun zer eman diguten edateko. Batetik, beharrezko genuke garapen teknologiko eta digitalizazioaren auziari ez modu absolutu eta linealetan heltzea. Bestetik, eta feminismoak zorionez erakutsi bezala, beharrezko genuke auziari buruzko perspektiban erroetara joatea, lan guztiez eztabaidatzea. Azkenik, beharrezko eta urgentea genuke ere herri honen etorkizuneko ikuspegiz oraina eraldatzea.

Garapen digitala ez da gaurko gauza, baina inolaz egungo garaiak zeharkatzen eta izaeraz betetzen dituen aldagaia dugu. Digitalizazioak erabat aldatu du (eta aldatzeke du) gure herria. Ez lineal, ez absolutu, debozio edo madarikazioetatik urruti, errealitate konplexua jartzen digu parean justizia sozialaren parametroetan eraldaketan ari garenontzat. Digitalizazioa, distantzia fisikoen laburtzea eta distantzia sozialen areagotzea da aldi berean, komunikazioa eta inkomunikazioa da une berean, bada enplegu askoren prekarizazioa (adibidez, merkataritza lan postu feminizatuak) eta lan baldintzen hobetzea (adibidez, zaintza lanetan mugimendu pisutsuen lagungarri errobotak) bermomentuan, demokratizazioa eta Jeff Bezosen bidaia moralki eta ekologikoki garestiegien sasoia… Zerrenda luzeegia okurritzen zaigu. Dena dela, gure ardura da ikuspegi konplexu batetik heltzea auzi honi ere. Beti, horien guztien zio politikoak agerian jartzea. Eta hain justu, digitalizazioa kapitalaren aberastasunaren metaketan gehiengoen itotzera doan heinean, berau salatzea eta hein berean, digitalizazioa bizitza duinaren eta herriaren mesedetan jartzea.

Enpleguaren ordu murrizketen edo lau eguneko lan astearen proposamena ere ez da gaurko auzia. Asteko enplegu lan orduen auziak nolabaiteko protagonismo erlatiboa hartu du azken hilabeteetan eta, ur tantak lez, irakurgai edo entzungai etortzen da berriren bat, ahotsen bat edo mundu zabaleko adibideren bat gure eskuartera: Suedia, Finlandia.

Gu geu ere nonbaitetik hasi behar eta ebatu nahi izan dugu genealogiaren haria (edo artxiboko bilatzaileko teklatua nahiago baduzue). Laster ohartarazi zaigu: ez gara batere originalak, honetan ere. Urte asko pasa ez badira ere, tartean gauza asko eta azkar(regi) pasatzen diren honetan, 1998-1999 urteak biziak izan ziren asteko lan orduen auziaz (ber)pentsatu eta eztabaidatzeko. Herri Batasunak 1998ko datarekin Giza Soldata izeneko eztabaida txostena elaboratu zuen, ondoren etorriko zen urte horietan Lana banatu ondasuna banatu proposamena. 35 lan ordu asteko lanaldia proposatzen zen (32 publikoaren kasuan), lan orduak jaitsi soldata jaitsierarik gabe noski, giza soldata (inolako diru sarrerarik ez dutenentzat) eta alokatzeko etxebizitza publikoak. Garaiko langabezia tasa handiei aurre egiteko proposamena zen «Lana gutxiago egin denok lan egiteko» ezaguna den baieztapenarekin. Eta sindikatuek ere grebara deitu zuten.

Baina ez gaude garai horretan eta, egin dezagun ariketa gaurkotzeko. Lanak gutxiago egin, denok lan egin ahal izateko. Ekonomia feministak, marxismo nahiz feminismoen elkar gurutzetik egindako teoria politikoek eta, azken urteetako Euskal Herriko lan-greba feministetan emandako eztabaidek, lana bera ulertzeko ohiko moduen izaera politikoa bistaratu dute, edo horretarako gonbidapena luzatu dugu behintzat. Hain zuzen ere, ezinbesteko problematizatze ariketa dugu lanez, enpleguez eta banaketaz eztabaidatu nahi badugu.

Laburrean, lana eta enplegua ez dira gauza bera. Enplegu oro da lana, baina lan oro ez da enplegua gaur egun. Azken finean, enplegua soldata baten truke egiten den lan hori litzateke. Eta, feminismoak  lan-grebak berformulatzeko izan duen gaitasun horretatik, plazara ekarri da hain zuzen ere, lan asko egiten dela enplegutik harago ere. Bereizketa honetaz gain, lanen logikaren gaineko eztabaida ere plazaratu zen. Beharrezko eta oinarrizko lanak badirela eta badaudela ere, gure jendarte kapitalistetan, kapitalaren akumulazioaren logika pean egiten diren lanak. Bi logikak elkarlotuta daude. Hain zuzen ere, lehenak, hots, beharrezko eta oinarrizko lanak dira jendarte bizitza (pertsonala eta soziala) posible egin ahal izateko beharrezko diren eguneroko lan guzti horiek, eta aldiz, oro har, ordaindu gabe (edo modu oso prekarioan merkaturatuak) ezkutuan, pribatuan eta *emakumeek egiten dituzten lanak dira. Badira orduan, bizitza posible izan dadin lan asko eta asko, ezinbestez egin behar direnak. Baina, harrigarriki,  ez direnak ez lehentasun ez oinarria egungo sisteman.

Zer gertatzen ari da azken urteetan? Mugimenduak ematen ari dira lan horiek erresolbitzen ziren moduetan (batez ere, bizitza posible egiteko beharrezko ditugun lan horietan). Batetik, zerbitzuk publikoak pribatizatzen ari dira eta lan horien zama sektore prekarizatuenen bizkar ari da erortzen. Bestalde, zahartzen ari den herri bat gara eta zainduak izateko beharra handia izango da etorkizunean. Era berean, enpleguaren esklabo garen sistema honetan enpleguak prekarizatzen ari dira soldata eta lanaldi aldetik (lan ordu amaigabeak eta disponibilitate amaiezina). Azkenik baina garrantzia bereziz, emakumeak lan merkatura atera gara masiboki (baina gizonak ez dira sartu hein berean familian egiten diren lanak egitera) eta horrek guztiak, lanaldi ez errealak ekarri ditu (enplegu eta bestelako lanak uztargarri ez izateraino) eta zaintza lanak merkaturatzen dira are baldintza prekarioagoetan nazioarteko zaintza kate globalak sortuz…

Guzti hau aintzat hartuz, zentzu gutxi luke perspektiba eraldatzailearen aldetik bederen, soilik enplegu mota baten suntsitzeaz eta digitalizazioaren arteko loturaz aritzea etorkizuna irudikatzen dugun aldiro. Ikuspegi aski kamustua litzateke. Edo asteko lan ordu murrizketen eztabaidan aritzea soilik enplegutik eta enpleguaz jardungo bagenu. Beharrezko dugu, hitz hauek idazten ari garenon iritziz bederen, erroetara joan eta perspektiba feministaz aritzea. Konplexutasunetik, lanen banaketaz eta aitortzaz aritzea inondik ere pluralean. Hau da, lanak banatu denok lan egin ahal izateko. Lanak aitortu (ez soilik soldata forman baina baita maila horretan ere) denok gaurtik bizitza duin bat eraiki edo borrokatu ahal izateko.

Aurretik aipatu bezala ere, ezinbesteko dugu auzi honetan herri perspektibatik pentsatzea, irudikatzea eta aritzea. Herri honen etorkizuneko ikuspegiz oraina beste modu batez eraikitzen aritzeko. Halabeharrez, imaginazio politikoa badugu eta beharko dugu egun egiten ari garen kaleta egiteari utzi nahi baldin badugu behintzat. Eta krisiek hain zuzen ere hori diozkue, beste aukerarik ez dugula ez bada bizitza duinak eraikitzen hastea baino, norberarekin, besteekin eta gure lur edo itsasoekin. Berpentsatu ditzagun lanak: zein lan, zertarako eta nola egingo ditugu herri honetan? Hots, zer eta nondik eraiki nahi dugu gure herria? Ezinbestez berikusi behar dugu egiten ari garena herri bezala: gure elikadura burujabetza tasak eskandalagarriak direla ohartu (%5a ekoizten dugu soilik, eta nola gainera!), gure aztarna ekologikoaren datuak insostenibleak direla plantea bakarra izanik, enplegu batzuk ez dutela zentzu gehiegirik bizitza duinak eraikitzera begirako lanetan eta enplegu ez diren batzuk aitortzea ezinbesteko dela, enplegu asko sortzeko dugula ongizatea zentroan jarriz gero, eta bizitza duin bat posible egin ahal izateko, lanaldiak eta lan orduak bizigarriak behar direla, antolaketa sozial motak eta jabetzak ere eraldagarriak direla inondik, kontsumoa ez duela zertan gaur egun egiten dugun gauza monstruoso hau izan, digitalizazioa bizitza duinak izatera begira eraiki daitekeela, demokratizaziotik eta gure herriaren eskalan egingarria dela… beraz, jarrai dezagun! Dena denentzat!

Honetaz guztiaz hausnartu nahi dugu “Euskal Herria digitala” lemapean plazaratu dugun manifestuan eta urrian burutuko ditugu jardunaldietan. Gonbidatuta zaudete!

Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?) Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?) Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?) Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?) Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?) Elkar zaintzen duen Euskal Herria (digitala?)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude