Elektrizitatea

Elektrizitatean –

Oier Etxeberriak Uztarria aldizkarian.

ElektrizitateaKonektatu gabeko kableek ere errespetua ematen digutenontzat, ulertzen zaila da bonbilak pizten dituen gauza hori. !Karga elektrikoaren fluxuak sortutako fenomeno fisikoen multzoa” omen. Behin, automatizazioa eta robotika azaltzen zituen irakasle batek honako definizio unibertsala eman zigun: “Ba al dakizue zer den elektrizitatea? Elektroien kalejira, neska-mutilak”.

Beste hainbeste gairekin bezala, funtzionamenduaz arrasto handirik izan gabe ere, guztiz etxekoak zaizkigu voltak, kilowattak, motorrak edo lapurrak. Pentsa zenbateraino, non argi-indar deitzen diogun ikusten eta mugitzen ez den zerbaiti. Hala ere, ekaitz edo gainkargaren batek eragindako mozketak deskribatzeko dugun modua da kuriosoena: “Argia joan da!”. Atea ireki eta alde egingo balu bezala. Argirik ez da joaten, etortzeari uzten dio.

Ezbairik gabe, XXI. mendearen hastapeneko iraultzarik handiena elektrizitatearena da. Bizikleta elektrikoarena, alegia. Orbea xahar batekin bidegorrian paseatu beharrean, bateriak motxilan hartu, eta gailurrez gailur, ziztu batean ibiltzea dago modan. Naturarekin kontaktuan, osasuntsu, baina gehiegi sufritu gabe. Gainera, sasoiko txirrindulari ez motorizatuei erronka botatzen zaleak izaten dira.

Bizikleta elektrikoen arrakasta ez da inondik ere kasualitatea. Begira aritu denak badaki ez direla lau pezetako jostailuak; eta hala ere, gurdikada bat sartu da eros ahalmen handiko eta krisi existentzial sakoneko bezero potentzialen garajeetan.

Kapitalaren gurpilean, bi modutara eman daitezke merkatu trantsizioak: tiraka edo bultzaka. Barne errekuntzako motordun kotxe diesel eta gasolinak erretiratu, eta hibrido nahiz elektrikoekin ordezkatzeko bidean gara. Erakunde ugarik esku hartuta ere, kostatzen ari da. Aldiz, askoz azkarrago aldatu da auto turismoen flota, SUV lur-orotariko txikien mesedetan. Antzeko zerbait gertatzen da pedaldun ibilgailuekin ere. Fabrikatzaileak betiko zapata bidezko balaztak kendu eta disko galgak bultzatu nahian ari dira, beren errentagarritasunaren mesedetan. Txirrindulari klasiko askori, berriz, errezeloa eragiten die norbait bultzaka aritzeak.

Bidenabar, ez legoke soberan teknologiako irakasle guztiei gogoraraztea gaur egungo ikasleek ez dutela inoiz dinamodun bizikletarik izan. Beraz, elektrizitate sorgailuak eta haize erroten funtzionamendua azaltzeko beste adibideren bat erabiliko balute, hobe.

XX. mendearen hasieran, auto elektrikoak barne errekuntzakoekin lehian ari ziren. Ordea, gasolinazko motorra martxan jartzeko, manibelaren ordez motor elektrikoa garatu izanak (besteak beste) errekuntzako motorrek gain hartzea eragin zuen. Harrezkero, mugikortasun indibiduala erregai fosiletan oinarritu da.

Ekosfera irratsaioaren lerroburuak dio mundua ez duela mugitzen ez diruak, ez eta maitasunak ere; energiak baizik. Trantsizioak trantsizio eta guduak gudu. Aralarko artzain txaboletan panel fotovoltaikoak ikusita, balirudike salbu gaudela; asmatu dugula iraunkortasunaren errezeta. Arazoa konplexuagoa da, ordea. Denok dakigu ezin dela putzuetatik edaten segi, baina zein da eta non dago agortuko ez den iturri hori?

Argi-ilunak dituen zirkuitua da gurea, kapazitore handiek eta erresistentzia txikiek osatua. Hilabete bukaeran beti berdinei kalanbrea ematen diena.

Elektrizitatea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude